kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Azpimarrak / Nerea Balda / Erein, 2023

Kasualitate metaliterarioak Nagore Fernandez / Berria, 2023-06-11

Azpimarrak du izena Nerea Baldak Erein etxean argitaratu berri duen nobela laburrak. Trama entretenigarria du obrak: izenburuak aurreratzen digun bezala, azpimarrak dira nagusi, bai azpimarratutako hitzek esaten dutenagatik, bai lotzen dutenagatik. Izan ere, azpimarraz betetako liburu bat da, ustez, loturarik ez daukaten bi pertsonaia nagusiak, Selva eta Andreu, harremantzen dituen motiboa eta kasualitate nagusia. Hirugarren pertsonako narratzaile orojakileak noiz Selvarengan, noiz Andreurengan jartzen du fokua, eta tarteka eta saltoka euren orainak eta iraganak osatzen dizkigu.

Espazioek ere berebiziko garrantzia dute liburuan, batez ere Punta s’Arenellak, hots, Gironako kostaldean dagoen itsasargiak eta inguruek. Espazio utilitario horrek asko du sinbolikotik ere bi pertsonaia nagusientzat, euren gaztaroko leku kutunena ez ezik, babeslekua ere badelako; bertara biltzen dira sosegua aurkitzeko esperantzarekin. Idazleak, hortaz, euskal literaturan ohikoagoa den euskal giro horri muzin egin, eta Bartzelonako ingurumarietara darama irakurlea.

Aipatzen diren lekuek ez ezik, literaturak eta hizkuntzak ere euskal zentraltasunetik urruti garamatzan iruditeria hori osatzen dute. Asko dira pertsonaiei ihes egiten dieten katalanezko hitzak, naturaltasun osoz euskararekin batera sartzen direnak. Dakigunez, komunitate eleaniztunen eta diglosikoen egoera ahalik eta modurik errealistenean erakusterako orduan, polifoniaren auzia konstante bat izan da literaturan. Euskal sistemara etorriz, batzuek, halakoetan, euskara hutsean idaztearen aldeko apustua egin izan dute; besteek, ordea, errealitatea dagoen-dagoenean erakustearen aldekoa, Saizarbitoriak Ehun metro-n egin zuen bezala, edo, tarteka eta euskaran askoz ere zentratuago, Nerea Baldak Azpimarrak-en egin duen bezala.

Erronka bat iruditzen zait polifonia hori literaturaren bitartez kontatzea: ez, berez, aniztasun linguistiko hori beste barik islatzea, ezpada naturaltasunez egitea eta, gainera, testuinguru hori atze-oihal edo atrezzo bat baino gehiago dela erakustea. Izan ere, bietara egin daiteke, alegia, aniztasun linguistiko hori diskurtsoan txertatu, edo euskara hutsean idatzi, betiere paisaia osatzen duen apaingarri soil bat (bakarrik) ez bada. Eta esango nuke Baldak irakurlea komunitate katalanean bertaratzea eta iruditeria horrekin blaitzea lortzen duela, hizkuntzaren bitartez nagusiki, baina baita literaturaren laguntzaz ere. Horra hor liburuaren indargunea.

Eskurik esku pasatzen diren liburuak, bidaiariak, pertsonak lotzen dituztenak. Asko dira literaturaren balio errekurtsibo horretaz baliatu diren idazleak, dela gurean, Iban Zalduaren Bibliografia ipuinak kontatzen digunez, dela nazioartean ere, Stefan Zweigen Xake nobela-k iradokitzen duenez, esaterako. Alde horretatik, irakurleak ez du aurkituko proposamen originalik edo apurtzailerik Baldaren lanean; bai, ordea, kontakizun entretenitu eta irakurterraz bat, literaturatik eta literaturaren bitartez ondutakoa.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak