kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Ibai ahoak / Aritz Pardina Herrero / Balea Zuria, 2023

Aforismoen manifestua Nagore Fernandez / Berria, 2023-04-16

Aitortu beharra daukat aforismo liburu bat irakurtzen dudan estreinako aldia dela oraingoa. Gogoz hartu dut erronka, egia esan, badelako euskal literaturan ere argitaratzen den (eta ez gutxitan, gainera) genero hori irakurtzeko garaia. Ez dakit, baina, eta neure buruari egiten diot lehen (auto)kritika, ez ote den gutxiegi irakurtzen, edo gutxiegi aipatzen behintzat. Aritz Pardinak ere kezka berberaren inguruan hezurmamitzen du bere Ibai ahoak aforismo liburuan gehitu duen hitzatzea.

Eta, bai, bukaeratik hasi naiz iruzkintzen gaurkoan, aforismoen egoera literarioarentzat ez ezik, oro har euskal literaturarentzat ere baliagarriak diren hainbat hausnarketa oparitzen baititu idazleak azken atal horretan, zer pentsatua ematen dutenak, gainera. Izan ere, definizioen ingurumarietan bertaratu eta orokortuta dauden usteak gezurtatzen ditu, eta horretarako hainbat adibide praktiko ematen ditu, euskal literaturan ere aurki daitezkeenak. Irakurleak, hortaz, aforismo bilduma bat ez ezik, aforismoen inguruko teorizazio saiakera motz bat ere aurkituko du liburuan, generoaren aldeko manifestu bat, hain zuzen. Egia da halako aldarrikapenak ez liratekeela beharrezkoak, aipagai den generoak merezi duen lekua izango balu, baina, halakorik gertatzen ez den bitartean, generoarentzat eta sistema osoarentzat arnasguneak dira hitzok.

Frutak erakusten omen du arbola, halaxe dio esaera zaharrak, eta halaxe egiten du Pardinak bere liburuan ere: hitzatzeko teorizazioari adibideak ematen dizkio aurretik. Hala, irakurleak, aipatu azken kapitulu aldarrikatzailearekin batera, aforismo mordoxka batekin egingo du topo. Lau kapitulutan daude banatuta, eta bakoitzak gai zentral bati egiten dio men: lehen taldekoek lengoaiaren inguruan hausnartzera garamatzate; bigarrenekoek, ostera, denborari erreparatzen diote, eta horrekin batera, bizitzaren tempoari; hirugarrenean, ezagutza du hizpide, ezagutza zentzu zabal eta askotarikoan ulertuta; eta azken atalean, filosofiaren historiari errepaso labur eta arin bat ematen dio. Gai aldetik ez ezik, tipologikoki ere askotariko aforismoak ondu daitezkeela erakusten digu autoreak. Badira pare bat paragrafo hartzen dituztenak eta hizkuntza dibulgatzailerantz lerratzen direnak; beste batzuk introspektiboagoak dira, eta, horretarako, hizkuntza poetikoagoa baliatzen dute; erritmo (eta zenbait kasutan errima) biziagoa duenik ere bada, sententzia modukoak, hain zuzen. Guztien artetik azken hauek nabarmenduko nituzke, ez berez aforismoaren adibide kanonikotzat hartzen direlako, ezpada indartsuenak iruditu zaizkidalako: euren laburtasunean esan baino iradoki egiten dute.

Laburbilduz, esango nuke oro har euskal irakurleak nahiko aforismo duinak aurkituko dituela liburuan, nahiz eta guztiek ez izan maila literario eta estetiko bera. Dudarik barik, ni bezalakoentzat, alegia, aforismoen unibertsoan esperientziarik apenas dutenentzat, Aritz Pardinak ondu eta Balea Zuriak argitaratu duen obra deskubrimendu bat izango da, hausnartzeko parada bat. Eskerrak oraindik genero ez-hegemonikoak idazteko eta argitaratzeko artista ausartik baden gurean.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak