kritiken hemeroteka

8.791 kritika

« | »

Lurraz beste / Garazi Arrula Ruiz / Txalaparta, 2023

Apurtxo bat neoliberalak Ibai Atutxa Ordeñana / Argia, 2023-04-09

Benetan maite dut Stuart Hallek 1980ko hamarkadan idatzi zuen esaldi bat ezkerreko kontraesan mundutarrak ezin hobeto azaltzen dituena. Hallek zioen (eta irriño maltzur batekin imajinatzen dut idazten): “Noski, denok gaude ehuneko ehun konprometituta. Baina noizean behin —larunbat goizez, agian, manifestaziora joan baino juxtu lehenago— Sainsbury’s-era joaten gara eta, apurtxo bat, subjektu thatcheriar izaten gara”. Orain, kendu Sainsbury’s eta jarri Eroski edo BM edo Carrefour edo Lidl edo El Corte Ingles. Bada, Euskal Herriko ezkerreko espektro luze-zabalaz jarduteko balio digu Hallek duela berrogei-bat urte idatzitakoak.

Literatura egiteko lehengai gisa hartu du Garazi Arrulak bizi dugun garai neoliberalaren izaera kontraesankor hori. Zortzi narrazioz osatuta dago Txalapartarekin argitaratu berri duen Lurraz beste eta 2017ko Gu orduko hauek liburuarekin hasitako bideari jarraitu dio idazleak. Onartu behar dut, Halli imajinatzen diodan irri maltzur berarekin imajinatu dut Arrula idazten behin baino gehiagotan.

Narraziogintzaren artearen erabilerarik trebeenak gurutzatzen du liburua. Ipuinera itzulera behartzen zaituzten amaierek eta istorioetako bizitza-txatal xumeek balio dute errealitate neurtezin batez jarduteko. Kontradikzio eta paradoxen zero-gune anonimoetara garamatzate narrazioek. Alokatzeko pisu bilaketak etxebizitza inbertsio-ondasun bilakatu den garaian; laguntasun irekien arteko jeloskortasunak; familia ez normatiboen baitako maitasun normatiboak; kartzelatutako aitarekin eta pandemia garaiko amarekin harremanak; genero disidentziari lekua egiten dioten belaunaldien ulertuak eta gaizki-ulertuak egunerokotasunik arruntenean egiten dute lekua.

Hala, kapitalismo neoliberaleko afektuen eta desiren, jabetzen eta desjabetzeen izaera paradoxikoa ekartzen da literaturara etengabe Lurraz besten. Hallen pentsamenduak bezala Arrularen narrazioek oroitarazten digute gu guztion zertxobait dagoela proiektu neoliberalaren baitan. Ezer aldatuko bada, eseri beharko dugu egia apur horrekin denbora tarte batez.

Azken kritikak

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak