kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Ganorexia / Iñaki Segurola / Alberdania, 2022

Ganorexia: kaos kosmikoa egartzeko modu bat Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2023-04-02

Epilogotik hasita

Atzekoz aurrera hasi beharra daukat, ezinbestean. Garbiñe Larrearen eskutik heldu zaizkigu entsegu honen amaierako hitzak; liburu-egilearen andrea. Iñaki Segurolaren lan bat irakurri ostean, kaosa nagusitzen zait, burua ordenatu beharra daukat. Kaosa: kontzeptu poetiko edo metafisikoa da. Diskordiaren zentzua omen dauka kaosak. Omenka ari naiz. Neretik idazteko, ganorexia nozitzen baitut. Herren nabil. Ezinean ere bai. Alabaina, Garbiñe Larrearen eskutik ari naiz. Makulu dut. Lema hau hartu diot: “Parra eta negarra ezkondu beharra”.

Testu-buztantxoa: halatsu ari naiz ere ni, zoria eta zori-eza anabasan uztartu beharrean; halabeharrez, ezinbestean. Ez dago bizitza —eta idazketa— bestela egartzerik/pairatzerik. Edo bai? Nor/zer, noiz/non izakari eta gune/une horiek nola egikaritzen diren. Munduan beti gaude, bizitzan ez betiere.

Iñaki Segurolaren Ganorexia lana irakurri ostean ari naiz. Entsegu-liburu honek badu bere “zera”. Zeraren korapiloa hauxe duzu: Iñaki Segurolaren osteko liburua da. Liburuaren hondar aleak, hil baino egun batzuk lehenxeago idatzi zituen. Ez zituen bere testuak liburua bihurtuta ikusi. Eta, besteak beste, testu hau ere ez du irakurriren. Andrearen epilogoko aipu bat hartu dut, maileguz: “Nire hizkuntzaren mugek nire munduaren mugak adierazten dituzte (Tractatus Logico Philosophigus; Ludwig Wittgenstein). Esaldi horren subjektua Iñaki Segurola duzu. Segurola deitura izanagatik, Iñaki seguru izateaz mesfidatzen zen. Omen, liburua osatzen duten 105 aleetan —haziak deituko ditut nihaurk— apenas zegoen zer zuzentzerik. Haatik, hiru dira liburu-edizioaren arduradunak. Epilogotik hasi irakurtzen liburua. Horixe ene gomendioa.

Buztantxoa: bere lan postumoa duzu. Liburu bitxia. Diferentea. Bere liburuak diferenteak eta bereziak dituzu, liburu gehienetatik bereizteko modukoak. Saiogilearen izantza nolakoa, halako emana. Liburuak dakartzan 105 aleak Segurolaren izantzak dituzu: ondasunak eta ontasunak. Haatik, liburu honetan ondasunak ez dira betiere ontasunak.

Epilogotik Atarikora

Hala epilogoak nola atarikoak ez daukate izenbururik. Segidan datozen 105 haziek, aldiz, badute izenik. Izena dute, eta hazi bakoitzak bere #buztantxoa(k) ukan ere. Iñaki Segurola irakurtzeak senti-pentsatzera eramaten nau, gorputza inarrosten dit, kaos moduko batera narama, eta kurioski, kaosa diodan hori kosmosa ere bada. Hots, bere haziak/testuak kaosean ordenatzen dira. Harmonia suerte bat duzu bere idatz-moldea. Idazten dakienak baino ezin du jarri bere idazle sena zalantzan. Segurolaren izaera ezbaikorretik ernatzen den jitea dukezu. Horixe duzu azpeitiar filologoaren sena eta seta. Seta ona? Seta txarra? Zer ote? Bi setak beharrezkoak dira —hor nonbait— hitz iradokitzailea izateko. Mundua izendatzeko hitz sortzailea izateko. Bizitzatik behatzen du mundua. Mundua eta bizitza bereizten ditu. Halakoxe Ganorexiaren egilearen izantza.

Buztantxoa: filologoa ofizioz, hizkuntzalaria hobesten du ordea Segurolak. Hizkuntzazalea, bai edo ez: noiz, non eta nola gerta. Hizkuntza balio zaio, baina aizkolari gisara legez, hizkuntza zorrotza baldin bada. Hizkuntza zalea da, baina gogorretik. Hizkuntz-aizko-laria da hartara.

Edonola den ere Segurola filosofoa —izana— da. Idazlea. Poeta ere bada. Berak idazle-poeta izateari uko egiten dio ordea. “Ni poeta?” galdetzen dio bere buruari. Nago, euskara tamainan/sakon menderatzeak —euskara sakontasunetik menderatzen baitu— ez zion bere burua poeta izendatzeko “baimendu arazi”, ez zitzaion “haizu izan” poeta gisa agertzea. Bere buruan sinesteak galarazi dio/zion poeta izatea. Segurolak arazoak —izana— ditu sinestearekin.

Buztantxoa: Gabriel Aresti gogoan olerkaria eta okerkaria elkarrengandik hurbil ikusten ditu. Segurolaren haziek/testuek ezbaia iradokitzen didate. Horregatik edo, naski/noski, benetan edo olgetan ari ote den ezbaia gailentzen zait.

Bere hitz-lauen artetik loraturiko poema tipi hau erauzi dut: “Kanporik ez badago, ez dago barrurik. Urrutikorik ez baldin badago, ez dago bertakorik”. Nazioartekotasunaz ari zaigu idazlea, kasuon poeta. Iradokizun bat: Segurolaren testu/hazi batean internazionalismori buruzko entsegu batean baino ganora gehiago antzeman dut. Ezaugarri bat: Segurola, eta Segurolaren idatz-moldea paradoxikoak dira. Segurola “hankak lurrian” bizi da. Lurrari estekatuta idazten du. Segurola landare suerte bat da. Mundu-amaraun batean bizi —izana— da. Hor nonbait. Bego.

Buztantxoa: Nazioartea ezleku moduan kontsideratua delako alea aparteko hazia da. Haatik, gaineratiko 104 haziak diskriminatzen ari naiz. Ale guztiak, tamainaz tamaina, denak loratzeko —ereindako— haziak dituzu.

Wittgenstein eta Nietzsche bitartekoak. Lehenbiziko hazian, Pertsona ona izateaz ari zaigu. Filologia eta filosofia uztartzen ditu, logika filosofiko batez uztartu ere. Kristautasuna du hizpide. Kristautasuna traba da. Demagun —demagun, diot— Nietzscherentzat izan zen modura. “Asko” iradoki dezakeen gaia da. Asko baina nazka ere bada. Traba, alegia. Hona ondorio bat, Segurolarena: “Pertsona ona izatea zer den ikasteko edo ikertzeko ez daukagu gogo berezirik”. Friedrich Nietzscheen Moralaren genealogia entsegura eraman nau.

Buztantxoa: Nietzscheen obrarik goibel eta krudelena da, omen. Horregatik edo, egiatasun handikoa. Maskarak kendu eta egiaz galdetzea “halabeharrezkoa” omen da. Egiaren balioa auzitan jartzera gonbidatzen gintuen Nietzschek, halatsu Segurolak ere bai. Mundua bizitzatik esperimentatzea da kontua.

Kontu, auzi, gako eta arazo. Noren esku dago bizitza/mundua auzitan jartzea? Mundua: “Zenbat ate, hainbat maratila”. Ate bakoitzak bere maratila, hizkuntzak mila katramila. Segurolaren hitzen arioan iradokizun batzuk: behin hizketan hasita —onaz eta gaizkiaz harago joanez gero—, pertsonon mintzoan “desenkusa, estakuru edo aitzakia…” hitzak nagusitzen dira. Egungo gizakiok zurigarri bat behar dugu, zurubia gainditzeko zuribide bat: Pass word, Mot de passe, Contraseña, Pasahitza… Kristaua inoiz autentikoa izatera iritsi bazen, autotentikotasun suerte hori aspaldi hil zen. Egiaz ari naiz. Kristau benetakoaz.

Buztantxoa: nolanahi den ere, munduak —gure bizilekuak— zurubia eta zuribidea izaten jarraitzen du. Norantza? Erantzunen bila eta xerka, bidez eta xendaz; bizitza dugularik kezka.

Iñaki Segurola bere zuztarretatik ari zaigu, hankak lurrian dituela. Errana dut jada. Halarik ere, ez zaigu materialismotik ari, ez soilik bederen, Espiritualtasunetik ere ari zaigu. Ume zeneko elizara ezin du itzuli, baina liturgia berri moduko bat asmatu beharrean bizi da, baldin biziko bada.

Buztantxoa: “Espiritualtasunera etortzea” adinaren gorabehera al da? Erantzuna: “Bai”.

Espiritualtasunera itzultzeari buruz ari zaigu filosofoa. 105 hazietan 105 gai direla erratea, gehiegitxo dukezu. Alabaina, hazi bakoitzean sorburu bat eriden dezakegu: iturri bat. Haziak landarea dakarren nola, Segurolaren haziek pentsatzeko karra iradokitzen digute. Filosofia eta literatura uztartze suerte bat. Landareak ez du inoiz osotoro hazten erdiesten, ez dago hitzen bidez osotara loratzen den literatura. Poesia dela, entsegua dela, literatura beti herren da. Bukatugabea. Osatugabea. Ezintasunetik idatzia. Halatsu ere Segurolaren literat-ura. Segurola landare modura azaldu dut arestian, berak ez du/zuen landarea guztiz osatzea lortu. Hartara, geuk osatzea nahi du landare-testua: haren irakurleek, haren lagunek. Literatura ez dago osatzerik, irakurle lagun barik. Orduan loratzen dira haziak.

Buztantxoa: poetikotasun molde batera ekarri nau Segurolak. Haziak aletzen hasi baino ez dut egin. Gomendioa: irakurri ale bakoitza bizitzarako hazi bat balitz legez. Izan eko… logikoa.

Lagunez. Autolaguntzaz. Literaturaz. Kritikaz. Osasunaz. Zorionaz. Gizonaz eta emakumeaz. Zahartzaroaz eta gaztetasunaz. Feminismoaz. Matxismoaz. Izanaz eta ez izanaz…. Hitz bakarrean: bizitzaz ari zaigu idazlea. Gaurko munduaren bizitzaz. Hazi horietako asko, Covid19 delakoa nozitu genuen muturreko bizialdian/itxialdian paratu zituen. Asko eta nazka sinonimoak bezala kausitu ditzakegu zenbaitetan. Hitza —kasurako literatura— ez baita egiarekin ezkontzen. Berbarako: Covid19aren garaian, gizakiok nekanazkatu gara, baita gure hitzak alderantzikatu ere. Axioma horrek berdin balio du kausa baten aldeko nahiz kontrakoentzat. Erreala —egia, sinestunentzat— heldu ezina da. Pertsonok sujetu izatetik, objektu izatera pasa gara. Atzo subjektiboa zena gure desiren “objektua” bihurtzen dugu gaur. Errealitatea ukatzen dugu —noiz eta non, nola gerta: guztiok izan gaitezke negazionistak eta kontrakoak une batez— erreala subjektiboa dela baietsiz.

Buztantxoa: objektibotasunaren nolakotasuna ahitzen ari da/gara. Atzoko egia gezurra da gaur. Konparaziora: ontasun eta ondasun, besterik irudi arren, ez dira hitz kidekoak. Gaurko mundura etorrita, ondasunek ontasunak estali dituzte.

Ehundako gaiak dituzu irakurgai, artaburua irakurtzen den legez egin dezakezu. Arto aleak haziak bailiran kontuan hartuz. Segurola bizirik balego, eztabaidan has gintezke, eta hain ziur ere, ezin genuke denetan bat egin. Besterik gabe, izana —izan ahal izatea— hurkoaren kontrakotasunean eraikitzen baita. Euskaldun izaeraren ariora Iñaki Segurolari hori ikasi diot. Hor nonbait, hori ere. Gure arteko ezbaia edonolakoa izango zela ere, hauexek dituzu harengandik jaso/berresten ditudan mundu ikuskera zenbait.

Buztantxoa: “Irakurtzea, berez, aletzea da euskaraz, eta aletzeak maiz zuritzea eskatzen du”. Segurolari hartu diot maileguz.

Nihilismo motza da delako haziaren nire buztantxoak dituzu segidan datozen hauek. Segurolaren hitzen harian zer hausnartua badago eta:

— Euskaldunok ezleku batean gaude munduan. Euskaldunok ez ditugu jada kanpoa eta barrua bereizten. Nazioartea edo internazionalismoaren ideal garaikidearen ostean, ez dakigu zer den urrutikoa zer bertakoa.

— Euskaldunok —nihilistek bizitzaren zentzua ukatzen duten legez— euskalduntasunaren hainbat ezaugarri ukatu genituen behiala, ezinbestez, halabeharrez. Gizakiok —euskaldunok euskaltasuna nola— geure buruaren ezagutza ukatzen egikaritu dugu nortasuna, antzinako moralean itota, bizitzaren balioa eta zentzua ezin antzeman.

— Segurolak nihilismoa beltza ez dela gomendagarria diosku. Nihilismoak produktu kultural gisa ondo edo izugarri ondo “funtzionatzen” du, baina “ez du balio bizitzarako”. Alabaina, Segurolak nihilismo beltz gainzuritua ekarri digu hizpidera:

“Garai batean —oso aspaldi ere ez da— herriak zeozer nahi zuen; herriak zeozer eskatzen zuen; herria ez zegoen jolaserako eta ez zuen barkatzen. Gaur herriak ez du ezer nahi; ez du ezer eskatzen; barkatu egin du eta izateari utzi dio. Ez dago herririk”. (Segurola irreberentea).

Buztantxoa: horra aipua. Gordina. Garratza. Krudela. Esaiozu abertzale recalcitrante bati, azkeneko 60 urteen ostean “ez dagoela herririk”.

Amaitu beharrez: bizitzaren “ganorexia” egarriz/nozituz

Ganorexiak buztantxo asko eman dizkit. Esate baterako: Segurolak, euskalzulo abertzale anarko horrek, gure Iparraldeko abertzaletasunean eriden zuen sosegu moduko bat. Hor nonbait. Lurrian —laborantzan— sustatutako aberri suerte bat kausitu zuen nonbait. Botere lortzea “objektiboa” izan beharrean, hankak lurrian paratuta ihardukitzen duen abertzaletasun molde bat antzeman zuen Iparraldean. Hor nonbait hori ere.

Iñaki Bastarrika zumarragarrarena duzu liburuaren azala. Ez dakit azala Azpeitiko Iñakik ezagutu ote zuen. Gorrixka eta beltzezko irudia duzu. Aiako Harria, Irimoko puntak edo Izarraitz mendi bera sumatu ditut berean. Azalean ez dago guztizko argitasunik. Iñaki bien belztasunean, odolaren mintzoa, larritasunaren bipila, biluztasuna, larritasuna antzeman ditzakezu… Irudiaren ilunkarak argitasun suerte batera ekarri nau. Hor nonbait hori ere.

Iñaki Segurolak bere kautan erabaki zuen mundu honetatik joatea. Munduan bizi ezinak eraman zuen. Gaixotasun baten menpe bizitzea baino, munduaz bestera joatea erabaki zuen. Mundu honetaz beste bizitza-modu bat bilatu zuen. Bizitzaren ezina adierazteko modu bat duzu. Bizitzak ganorexia moduko bat egarri/nozitu —izan— duenaren herrena.

Azken buztantxoak, luzexkak

Minetik sortzen gara, baita sufrimendutik sortu ere. Jakinduria ez da nahikoa sortzeko, ordea. Iñaki Segurolaren bagajea alimalekoa izanda ere, minetik sortzeak eman zion/dio berezko estilo bat. Hor nonbait.

Bizitzaren ezinak edota bizitzaren herrenak pairatu gabe, Segurolak idatziko ote zuen idazten zuen bezala? Hau da, bere herrenak, bere ezinak estilo bere(i)zi bat bermatu al zioten?

Galdera zapuzgarria duzu. Neronek egina eta neronek deitoratua. Haren arrapostu hauxe bururatu zait: “Nihilismo beltzak ez du laguntzen bizitzan, ez idazten lagundu ere”.

Epitafio hau hartu diot maileguz Segurolari: “Arrazoi hutsaren eguzkipe honetan, guztia buruz harrapatu nahi duena buruak harrapa dezake guztiz”.

105 hazi nahikorik ez, eta hiru ipuin labur ere badakartza liburuak, Bidean zetozenak izenekoa: “Iñaki Segurolak itzulita utzitako zenbait ipuin labur” dio ataltxoaren sarrerak. Segurola(k) itzulita ote? Modu batez, gure artean dago.

Egon eta izan artean, Iñaki Segurolaren izatea bizirik egotea nahi nuke gure artean.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak