kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Pozaren erdia / Harkaitz Cano / Susa, 2022

Mikatzetik goxo Asier Urkiza / Berria, 2023-04-02

Denbora luzea zeraman Harkaitz Canok poesiaren alorrean lanik argitaratu gabe, 2022ko azaroan Susa argitaletxean Pozaren erdia kaleratu arte. Sonetoz osatutako liburua da, eta hori berori nahikoa ezohikoa da gurean, are ezohikoagoa bertso librea jaun eta jabe den garaiotan, hala euskal poesian nola bestelakoetan. Autoreak bere buruari ipinitako baldintza edo muga izan ohi da egitura formala, poesiaren kasuan nabarmenago suertatzen dena, gerruntze izateraino ia. Aukera iturri ere izan daiteke, ordea, edozeinek baitaki arte kontuetan mugatzeak onura dakarrela sarritan, sorkari literarioa zorrozten laguntzen duen neurrian. Bi elementuon hartu-emanetik sortu ditu Canok 64 hamalauko. Ez da makala.

Canoren sonetoak ez dira transzendentalak, itxuraz; esan nahi baita, hain neurri jantzia erabiliagatik, eguneroko auziez mintzo dira oro har, batzuek eta besteek haragoko ukitu bat duten arren. Egitura formalaren herstura dotoreak, batetik, eta gaien hurbiltasun eta kostunbrismoak, bestetik, efektu berezia sortzen dute. Une zehatzak harrapatzen dituzte poemetako askok, soneto forman literarioki bizi txatalak izoztu eta arruntak diruditen gertakariei oihartzuna emateko.

Eguneroko esperientzia arrunten zinezko esanahia dakarte, ustez ezdeus eta garrantzi bako denaren gorazarrea. Asmo orokorragoa dutenak ere badaude, izatez, liburuan; gai jakin batez gogoeta egiten dutenak, alegia, betiere konkrezio kutsu batekin, ideiak irudietara ekarriz.

Izan ere, poesia nahiko konkretua lantzen du Canok, askotariko afera lurtarrei atxikia. Giza sentimenduen ildo ikusezinei buruz ariko da batzuetan, harremanen arrakalei buruz besteetan. Denboraren igarotzeaz eta giza izateaz, tarteka. Sormen lanaz eta bere gorabeherez, aldian-aldian.

Sakonera abisaletan ez da barneratzen, halere, autorea; akaso kortse formalak hala behartuta, ur txikitan dabil, irakurleari palastaka, zeina oinak freskatuz ur ertzean baitago. Hau da, gai pisutsuei ere modu etxetiarrean heltzen die, zorrotzetik ere baduen umore geruza batez askotan. Hori horrela, aforismo antza hartu diet poema batzuei, estanpa itxura dute beste batzuek. Erretratu bizi eta labur tankerakoak osatzen ditu Canok, jolas literarioz josiak. Aliterazio ugariak, errima jokoak, antz fonetikoa duten hitzen tartekatzea, izenburu zenbaiten arteko loturak… horiek eta gehiago aurki daitezke piezetan.

Egiari zor, bakarren batzuk zapal samarrak antzeman ditut, edo, beste era batera esanda, ez didate behar besteko oihartzunik eragin. Era berean, batzuk besteak baino finagoak dira formari dagokionez. Beste hainbatetan, aldiz, ezin hobeto egiten dute bat edukiak eta formak. Borobilak iruditu zaizkit beren musikaltasunean geruza bat baino gehiagokoak direnak, hitz joko zolien zein irudi sorkuntza zorrotzen bitartez aberastutakoak. Arrastoa utzi didate berau ebatzi ordez galdera airean, irakurlearen esku, uzten dutenek. Liburua zeharkatzen duen mikaztasun goxoaz blai.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak