kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Zaldi berdea / Jose Mari Sagardui Moja / Ataramiñe, 2022

Urte ga(i)tzak Nagore Fernandez / Berria, 2023-02-19

Ataramiñe, 2002an sortu zen elkarte kulturala ez ezik, euskal errepresaliatu politikoen lanak hauspotzen dituen argitaletxea ere bada. Etxeak lanean egin dituen urteotan, gutxi gorabehera 50 obra kaleratu ditu, askotarikoak, gainera: poesia, eleberria, bildumak eta komikiak, beste genero batzuen artean. Urtero pare bat obra argitaratzeaz arduratzen da, eta, hain zuzen ere, 2022ko uztaren parte dugu Jose Mari Sagardui Mojaren Zaldi berdea liburua.

Sagarduik, goitizenez Gatza, 31 urte eman zituen kartzeletan, 22 urte zituela atxilotu baitzuten eta 53rekin bueltatu baitzen atzera ere bere jaioterrira. Eta, bai, plurala darabilt, ez baitzuten espetxe bakar batera ainguratu; guztira ere, urte luze horietan guztietan gutxienez hamalau presondegitan bizi(iraun) izan da, eta batetik besterako lekualdatzeetan beste zentro ugari ezagutu izan ditu. Kartzelak saldoka, eta saltoka ere bai: lekuz aldatzea, etengabeko joan-etorrian ibiltzea presoa zigortzeko estatu espainiarrak erabilitako baliabideetako bat izan zen, torturekin, dispertsioarekin, ziegetako egoera kaxkarrarekin, isolamenduarekin, eta beste horrenbeste neurri zapaltzailerekin batera. Urte horien kontakizuna da Sagarduik argitaratu berri duen obra, bere barrenera begiratzeko ariketa bat. Izan ere, bere baitara bilduta dagoen ahots batekin egingo du topo irakurleak, diskurtso pribatu eta zintzo batekin, zeinetan, gertaerek baino gehiago une bakoitzean sentitutakoek protagonismo handiagoa duten.

Esango nuke, partez, formak ere bat egiten duela Sagarduik kontatzeko hautatu duen perspektiba intimo horrekin: diskurtso-moldeak, baita gertaerak hurrenkeratzeko moduak eta zenbait ideiaren asoziazioek ere, maiz, kritika literarioan stream of consciousness deritzoten teknika gogorarazi didate. Kontzientzia-jario bezala euskaratu daitekeen molde narratiboa barne bakarrizketa mota bat da, eta delako pertsonaiari bururatzen zaizkionak testuratzean datza. Burutazio horiek, baina, inkontzienteak gidatuta ekarri ohi dira, burura etortzen diren bezala, askotan euren arteko lotura logiko barik, eta derrepentean. Egia da Sagarduiren diskurtsoa ez dela mutur horretara iristen inondik ere, baina hurbiletik jarraitzen dio, batik bat, bere barneko uretan gehiago murgiltzen den momentuetan. Gertaerak ere ez ditu ordenatuta azaltzen: gomuta batek beste bati tira egin, eta irakurlea urterik urte eta zeldarik zelda darama atzera-aurreraka. Jauziak hain dira biziak, eta erritmoa, usu, hain desordenatua, ezen irakurleak urteotan zehar galtzeko arriskua izan baitezake. Edonola ere, estrategia diskurtsibo irrazional horrek obrari benetakotasuna eransten dio, eta, kasu honetan, gainera, kontakizunari egiatik, zintzotasunetik aritzea dagokiola iruditu zait.

Testuak hizkuntza aldetik pare bat zuzenketa behar dituen arren, “azken orrazketa” delakoa, argi geratzen da, idazlearen barne-ahotsak gidatuta, egiari zor, kontatzeko moduak baino gehiago kontatzen den horrek irabazten duela liburuan, sentimenduek eta kartzeletako pasadizo gogorrek.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak