kritiken hemeroteka

8.791 kritika

« | »

Suak erreko ez balu / Eneko Barberena / Txalaparta, 2023

Suaren artetik begira Asier Urkiza / Berria, 2023-02-19

Suak erreko ez balu da Eneko Barberenaren nobela berria, (H)ilbeltza bekaren bidez berriki argitaratuta. Bekari dagokion legez, eleberri beltz petoa dugu. Genero beltzean kanonikoa den hiri eta inguru urbanoaren partez, baina, landa-eremua dakar orriotara Barberenak, Aezkoako ibarrean kokatua egonik. Kokalekua ez da edonolakoa, haranak berak ia-ia pertsonaia maila hartuko du-eta kontakizunean zehar, pertsonaien eta inguruaren arteko hartu-emana zein espazioarekiko erreferentziak giltzarri direla.

Ainhoa Sanz peritua da eleberriko protagonista, aseguru etxe batek Aezkoara bidalia urtebete lehenago gertatutako sutea ikertzera, non hiru lagun hil ziren. Eleberri beltzeko protagonistak ohi diren gisan, antiheroi betea dugu Ainhoa, “irabazten duen galtzailea”, bere hitzetan esateko. Autoreak protagonistaren galbahetik eskaintzen dio irakurleari gizartearen isla, bere begi kontraesankorrez ematen du ikerketaren berri, lehenengo pertsonan eta orainaldian. Indar handia dute Ainhoaren bakarrizketek nobelan, edo, hobe esanda, ñabardurarik ñimiñoenari buruzko bere ohar zorrotzek, umore ukituz blaitutako gizarte erradiografiak, pilula eran emanak. Bizitasuna ematen dio horrek kontakizunari, baita irakurlea ebatzi beharreko kasuan hondorago sarrarazi ere, Ainhoarekiko enpatiaz-edo jokatzera bultzatzen baitu. Oro har, pertsonaiak dira nobelaren indarguneetako bat, trazu finez marraztu dituenez Barberenak, ez sakontasun ikaragarriz, baina bai narrazioaren tonuari mesede egiteko moduan. Horra hor, esaterako, protagonistaren txofer eta azkenerako laguntzaile den Joxe, edota bigarren mailako pertsonaia xelebre eta bizien multzoa. Horietako bakoitzak bere ukitua ematen dio kontakizunari.

Nobelaren beste alderdi gozagarri bat detaileekiko joera hori da, generoak hain berea duena eta bestalde protagonistaren izaerak berak markatzen duena. Gustagarria da Ainhoaren behaketarako grina aseezinean barneratzea; are, atsegin voyeur bat ematen du inguruaren disekzio materialak. Era berean, eleberri beltzaren izpirituari jarraikiz, bilbea dezente korapilatzen da nobelak aurrera egin ahala. Gehiegi, akaso. Espero izatekoa zenez, Aezkoan ezer ez da dirudiena. Sutearen lorratzari segituz, beste zenbait kontu zikinekin egingo du topo Ainhoak. Muino eta baso artean enpresa handi batek eraikitako meategiaren diruzalekeria eta Guardia Zibilaren mugaz gaindiko giza trafikoa. Hainbat gaitz eta gatazka garaikide azaleratuko ditu autoreak interes borroka horien bidez, hala nola ekologismoa naturan egindako esku hartzeen kinkan edo lehen sektorearen gainbehera. Esan bezala, bilbearen hari matazari gehiegizkoa deritzot, nobela beltza izanda ere sinesgarritasunari kalte egin baitiezaioke. Alabaina, bere helburua erdiesten du Suak erreko ez balu-k, irakurketa bizia eta suspergarria delako. Aezkoari ere ondo ematen dio beltzak.

Azken kritikak

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak