« Orainez oinazez | Groteskoen (ipuin) liburua »
Suite frantsesa (bertsio argitaragabea) / Irene Nemirovski (Mikel Garmendia / Joxe Mari Berasategi) / Alberdania, 2022
Hutsuneetan arakatuz Asier Urkiza / Berria, 2023-01-22
Alberdania argitaletxeak Irene Nemirovsky ukrainar jatorriko idazle frantsesaren Suite frantsesa eleberri gogoangarria berrargitaratu du. Berrargitaratze esanguratsua, izan ere, 2011n lehenbiziko aldiz euskaraz argitaratu zenaren aldean berritasun ugari dakartza honako bertsioak. Areago, bertsio berri baten aurrean geundeke. 2004ko aurkikuntza eta lehenbiziko ediziotik bederatzi urte pasatu ondoren, 2013an agertutako Nemirovskyren eskuizkribuak ditu abiapuntu argitalpenak. Hain zuzen, idazlearen paperetan kausitutako Ekaitza ekainean lehenengo liburukiaren berridazketa jasotzen du. Aukera ona, hortaz, horren eleberri mugarriaz hitz egiteko.
Jakina denez, Bigarren Mundu Gerran naziek okupatutako Frantzian kokatzen da nobela. Nemirovskyk berak bizitako garaia dugu, Parisetik ihes eginda Issy-l’Évêquen ezkutatu baitzen naziengandik. Gestapok atxilotu zuen azkenerako, ordea, eta Auschwitzen hil zen. Bertatik bertarako lekukotasun literarioa eskaini eta lanak berehalako arrakasta izan zuen 2004an. Bi eleberri laburrez —atal esatea gehiegi litzateke, eleberri autonomotzat hartuak izan daitezke eta— osatutako liburua da. Desberdintasun nabariak dituzte batak eta besteak, hala edukiari nola kontaerari eta egiturari dagokionez. Ekaitza ekainean izenekoak kaleidoskopio itxura du, hainbat pertsonaiatan ardaztutako atal laburretan egituratua. Hala, irakurleak zenbait patu eta ihesaldiren berri jakingo du; hortxe daude goi-burgesiako Pericaud familia, Gabriel Corte idazle arranditsua, Michaud senar-emazte burges txikiak… Naziek Paris okupatuz geroztik denak ere ihesean, Frantziako landa eremuko herriak kurrituz. Bigarren liburukian, Dolce-n, okupatutako herrixka bateko bizimodua islatzen da, bi familia protagonista direla, Laberie baserritarrak eta Angellier burges kaletarrak, hurrenez hurren.
Bi liburukien osagai adierazgarrietako bat zera da, klase sozialen gaineko iruzkinen aberastasuna. Nemirovsky maisua da pertsonaien karakterizazioan, eta gehienetan manikeismoari ihes eginez —alemanenganako sentimenduen anbibalentzia da gakoetako bat—, gainbeherak jotako gizarte baten erretratu zorrotza aurkezten du. Hipokrisiak azaleratzen dira, maitasunak eta gorrotoak, sentimenduen borborra klase sozial bakoitzak jokatu beharreko funtzio historikoarekin gatazkan. Norbanakoaren eta Historiaren arteko harreman konplexua dagoke sakonean, baina finean zerbait zehatzagoaz ari da autorea, hots, frantziar gizarteak okupazioaren aurrean hartutako jarrerez. Beren alderdi gizatiar eta moralaz. Frantziaren lotsaizun eta miseriez, alegia. Kolaborazionismoa ageri da batzuetan; beste batzuetan, berriz, harrokeria nazionalak erantsitako berniz epikoa baino ez du kentzen. Frantziak okupazioaz eta Erresistentziaz garatutako kontakizunari zartakoa ematen dio Suite frantsesa-k, fikzioaren zereginetako bat historia ofizialaren hutsuneetan arakatzea denez. Horietan miatzeko gaitasun handia zuen Nemirovskyk, baita gizakiak Historiaren atzaparretatik libratzekoa ere.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria