kritiken hemeroteka

8.313 kritika

« | »

Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak— / Angel Erro / Erein, 2022

Ez hiltzeko idazten da, maitasunaz Hasier Rekondo / Deia, 2022-12-24

Bakar-bakarrik idazten da ez hiltzeko eta porrot edertua uzteko. Eta beste mila gauzatarako ere idazten da, horren karira. Angel Erroren (Burlata, 1978) azken poesia liburu honetan, besteak beste, maitasunaz, heriotzaz, oinazeaz, bizitzaren iheskortasunaz, zahartzearen beldurraz , neke existentzialaz, sexuaren goxotasunaz eta ezintasunaz, kirolari eder eta deprimituez… idazten da. Izenburuak kontrakoa irudi lezakeen arren, Volgako Batelarien garai hura gogoan apika, jarraibide-liburu ez den hau Erroren libururik pertsonalena, neurtuena eta sakonena dugu, poesiari gagozkiolarik.

41 poemotan, etxeko marka ohi duen erudizioak eta ironia finak, hemen ere ez dira faltako, bizitzaren arrakalen gaineko hausnarketa sosegatu eta jasoari eman baitio bide poetak. Sufrimendu saihestu ezinen testigu bilakatu baita, zenbaitzuetan lazgarri zaion egunerokotasunaren berri emango du molde erabat narratiboan, lehen pertsona hori iheskortasunaren isla. Poeta zerbait bada behatzaile baita.

Nagusiki, amaren desagerpenaren eta hil aurreko agoniaren gaineko poemetan, zeintzuk bitxiki uztartzen baitira liburuan apetazko aukeran poetaren beste harreman batzuekin, jotzen du gorena Errok. Eskertzekoa da gurean hain baldarki eta epikoki jorratutako ama idealizatuaren figurarekin erabat aldentzea. “Ekaineko egun hain atseginak, / maitasunik, ia bizirik gabe, / beharrez eta biharrez hustuak./ Amaren samin aldiz jasangaitzak / ni gabeko denbora neurtzen du. / Baninteke honela beti egon, / bizimodu ezti aspergarria”. Zerk eragozten du horrela egotea? Apika, ez hiltzeko grina eta porrot edertua laga beharra. Allan Watts-ek esan zuen leloek bakarrik izan dezaketela itxaropenik etorkizunean, unea bera ahazturik. Erroren kasuan unea bera poema da, eta ez edozein modutan ehundua.

Amarekiko pentsamendu-poetikoak islatzen dituzten zenbait poemek badute kutsu proustiarra, hustasun horrek halabeharrez dakarren spleen delakoaz dihardute, ezerk ez baitu zentzurik unibertsoa bera galtzen denean, inoiz izan bazuen. “Ama, egunero egiten ditut gauzak / hilda egon ez zaitezen…”.

Liburuan ez dira falta estilo ariketak eta egilearen erreferentzia literarioekin hurbilketa poetikoak, Borges, Pessoa, Luis de Camoens, Lauaxeta, Aurora Luque… Hala ere, Erroren libururik soilena da formari dagokionez, soiltasun horrek on egiten dio osotasun ezin neurtuagoari. Izan ere, poetak lehenetsi egingo baititu motibo poetikoen gardentasuna eta linealtasuna. Linea garbiko poemak dira eta era berean irakurlearen sakontasun estetiko bat eskatzen dutenak.

Etxeko markak dira, halaber, ustez gai ez-poetikoak jorratzea, poesia lar epikoaren harresi hertsiak gainditzearren. Gaien apetazko aukeraketak ematen baitio aukera poetari, esaterako, kirolari ederrei eskainiko odak eskaintzeko, poesia latindarraren zenbait ereduri jarraiki. Ian Thorpe igerilariari eskaini poema dugu horren adierazle, adierazi ezina adierazi ahal izateko ezintasuna aitortuko du poetak: “…Honako hau ez da / oraindik zor dizudan olerkia, gogoragarria / baizik, poesia arimaren ariketa ere badela / ez ahanzteko….”.

Arimaren ariketa horretan daude murgilduta poeta guztiek, alta bada, George Orwell-ek esango lukeen bezala poeta batzuk beste batzuk baino poetagoak dira, Angel Erro kasu.

Azken kritikak

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Amaia Alvarez Uria

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Asier Urkiza

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Nagore Fernandez

Farorantz
Virginia Woolf

Aritz Galarraga

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak