kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Bar Gloria / Nerea Ibarzabal Salegi / Susa, 2022

Taberna batean mundua Ibon Egaña / Deia, 2022-10-15

Arreta deitu izan dit azken urteetako euskal zineman zenbaterainoko pisua izaten jarraitzen duen tradizioaren eta modernotasunaren arteko talkak, Oreina edo Ander filmetan, esaterako, eta nola euskarazko narratiba ez den hainbeste arduratu tentsio horretaz, akaso iraganekotzat-edo jota. Aitzitik, filmografia horrek landutako iruditeriaren arrastoak etorri zaizkit burura Nerea Ibarzabalen opera prima irakurtzean (eman dezagun, lehen eszenatik ikusten dugun idi-buru disekatuarekin) eta akordura etorri zait, orobat, aspaldi xamar irakurritako Pako Aristiren Urregilearen orduak nobela. Aristiren hartan bezala, herri txiki bateko taberna bat, Bar Gloria, nobelaren epizentroan jarri du Ibarzabalek, eta atzean utzitako baserri-giroaren eta urrun xamar dagoen hiriaren arteko espazio-denbora batean kokatutako pertsonaia-saldo bat aurkeztu digu bertatik. Ordea, liburua tradizio eta modernitatearen arteko tentsioez diharduen nobela bat baino, areago iruditu zait hainbat denbora elkarrekin gurutzatzen diren espazio batean bizi den pertsonaia-saldo baten inguruko istorio korala; tesi-nobela bainoago pertsonaiaz eta istorio txikiz osatutako kontakizun singularra.

Baserritik herri koxkor batera aldatuak dira lopetegitarrak, eta han ireki dute Gloria taberna. Aitak eusten dio baserriko bizimoduari sendoen, idi-probak tarteko direla. Tabernan aritzen dira lanean bi alabak, Rakel eta Ana, eta sukaldean ama Bizenta. Soriatik etorritako familia bateko seme Migelek ere mutikotatik jarduten du lopetegitarren negozioan. Tabernako lanak elkarrenganatzen ditu pertsonaiak, eta eszenatoki nagusia horixe izanda, nobelak tokia egiten dio pertsonaia bakoitzaren istorioari; hala goaz irakurtzen Migelen desira homosexual erdi-ezkutukoaz, Anaren herritik alde egiteko eta bestelako bizimodu bat izateko desiraz, helduarorako trantzea amildegi egin zaion Rakelez, osasuna makalduz doakion Bizentaz. Batzuetan garaiz kanpo, bestetan lekuz kanpo dauden pertsonaia horien desirak, barne-gatazkak eta beldurrak zolitasun handiz eraikitzen ditu nobelak, eta irakurleak inpresioa du istorioak aurrera egin ahala, ezagutu egiten dituela gizon-emakume horiek, ulertzen dituela haien minak eta pozak.

Migelek gau batez jasandako bortxaketa da nobelaren detonanteetako bat, liburuak hitz egiten baitu ezkutatutako minez, botere-harremanez eta azpiratutako istorioez ere. Abiapuntua hori den arren, hari narratibo fin eta ugari elkarri josita egiten du aurrera liburuak, eta ez zaio beharrezko tramak gehiegi bihurritzea, ez ekintzak pilatzea. Eszenaz eszena osatutako puzzlea da Bar Gloria, denboran ere atzera eta aurrera inteligenteki dabilena, eta pertsonaien bizi-puskak elkarrekin josita osatzen du irakurleak haien biografia zein psikologia ere. Bereziki abila iruditu zait nobelagilea eszenak sortzen: ikusi, entzun, ukitu eta usaindu egiten da tabernako giroa eta handik kanpoko eszenak. Arreta jartzen die Ibarzabalek xehetasunei (edalontziaren koloreari, dutxako azulejuen marrazkiari, kristal-garbitzekoaren markari), eta hala sartzen da irakurlea duela hamarkada batzuetako giroan barruraino. Deskribapenak landuak dira oso, eta fikziozko mundua izendatzeko forma ederrenaren bilaketa etengabean sumatzen da nobelagilearen luma: metaforek, konparaketek edo sinboloek estetika berezi batez janzten dute ahots narratiboa. Inoiz adjektibazioa edo konparaketaren bat gehiegizko egiten bada ere, bilaketa horrek aurkikuntza ederrak eskaintzen ditu, eta forma ederrez biltzen du bere xumean gogoan gordetzekoa den mamia.

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak