kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Sherlock Holmesen memoriak / Arthur Conan Doyle (Aitor Blanco Leoz) / Igela, 2021

Azken arrasto bat, Watson Irati Majuelo / Berria, 2022-02-13

Mundu osoan dira ezagunak Sherlock Holmesen ibilerak, hilketa korapilatsuak eta gertakari misteriotsuak argitzen maisu, bere lagun leial Watsonek lagunduta beti. Arthur Conan Doylek sortutako pertsonaia xelebreak arrakasta berehalakoa lortu zuen XIX. mende amaieran, baina bere gorabeherek zaletasun handia pizten dute oraindik ere irakurleengan, inteligentzia handiz jositako istorioak direla erakutsiz. Londres industrialaren argi-ilunak zeharkatzen ditu Holmesek, gaizkile maltzur eta itsusien atzetik, metodo deduktiboa eta logika ardatz, poliziaren ezgaitasunei irtenbidea aurkitu asmoz.

Sherlock Holmesen memoriak, beraz, literaturaren historiako saga ezagunenetako baten parte da, jatorrian The Strand Magazine-n atalka argitaratua. Hamabi kontakizunek osatzen dute, nahiz eta lehendabiziko edizioetan Kartoizko kutxa bildumatik kanpo utzi zuten, izan adulteriozko harremanak agertzen dituelako edota bortizkeria handiko kasua zelako. Zergatia ez dago argi, baina gerora argitaraturiko edizio ugaritan jaso da, euskarazko honetan nola. Eta eskerrak, Aurpegi horia-rekin batean, istorio interesgarrienetako bat baita, emozioari azkenerarte eusten diona.

Arthur Conan Doyleren ezaugarri nagusia ipuinen formari dagokiona da, izan ere, gehien-gehienek formula bera errepikatzen dute: lehendabizi biktimaren eskutik iristen da kasua Holmesen eskuetara, eta haren gertakizunen bertsioa plazaratzen. Ikerketa eta miaketa dator ondoren, prozesuan zehar Holmesek beretzat gordetzen dituelarik aztarna eta zantzu gehienak, irakurlearen egonarria proban jarriz. Amaieran, detektibearen ahotsetik jakiten dituzte gainerako pertsonaiek, bai eta irakurleak berak, jazoeraren nondik norakoak, eta gaizkilearen arrazoiak eta jokaerak argi geratzen dira. Hori dela eta, ipuinaren barnean istorio bat baino gehiago garatzen da, eta kontaketa estiloak garrantzi handia hartzen du.

Hala ere, bilduma honetan, interesgarria da, batetik, jadanik Sherlocken zenbait liburu idatzirik izanik, idazleak aukera daukala aurreko abenturekin jolasteko, eta hala erreferentzia egiten die detektibearen aurreko ibilerei, denboran zehar garatuz doan pertsonaia dela erakutsiz. Bestetik, ipuinero agertzen du Sherlocken ezaugarri berriren bat, jadanik egonkortua dagoen bere irudia (famatua, hutsik gabekoa, serioa, hotza) aberastuz: urduri agertzen da, depresioa du, txakalaldiak… Horrez gain, bere lehendabiziko kasua aitortzeak edota asmatu ez zuen misterio bat onartzeak pertsonaia are gehiago humanizatzen dute.

Baina liburu hau zerbaitengatik ezaguna bada, idazleak Sherlock Holmes hil zuelako da. Bildumako azken kontakizunak azaltzen du nola heltzen den bere amaiera Europako gaizikilerik handienaren atzetik dabilela. Alabaina, garaiko irakurleek ezin izan zuten jasan euren pertsonaia gogokoenaren heriotza, eta Arthur Conan Doyleri eskatu (are indarrez exijitu!) zioten berpiztu zezan, eta hala egin zuen The Return of Sherlock Holmes lanean. Ea laster irakur dezakegun euskaraz Sherlock Holmesen itzulera…

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak