« Gogoeta bilduma | Zer da normala izatea? »
Babel aurretik / Joseba Gabilondo (Amaia Apalauza) / Txalaparta, 2020
Historia postnazionalerantz Ibon Egaña / Deia, 2021-04-10
2016an ingelesez plazaratu eta orain Amaia Apalauzaren itzulpenean plazaratu duen Babel aurretik honetan, euskal literaturaren ikuspegi postnazionalaren teorizazioan sakondu eta, Erdi Arotik hasita XX. mende luzearen amaierara arteko euskal literaturaren historia postnazional bat proposatzen du Joseba Gabilondok. Historiari ekin aurretik, literatur historiaren teorizazioari heltzen dio, eredu propio bat sortzeko: estatu-nazioen historia literario nazionalistek jarraitzen dituzten eskemak alboratu, eta euskaldunek hizkuntza ugaritan idatzitako literaturak aintzat hartuko dituen historia bat, literaturaren eskutik egindako euskal diferentzi(ar)en historia bat da proposatzen zaiguna. Europan imitatzeko eredu argirik ez daukan ikuspuntu teoriko bat garatu izana bera da historia honen garrantziaren berri ematen duen lehen elementua, euskal literaturaren ibilbidea ulertzeko proposamen teoriko osatuenetakoa.
Diferentzia erdigunean kokatzeak, izan ere, eragotzi egiten du euskal literatura Mendebaldeko literaturekiko “berantiar”, “anomalo” edo “beste” gisa ikustea; aitzitik, hain justu abiapuntua diferentzia horretan kokatzeak ematen dio bidea egileari euskal literatura bere konplexutasunean irakurtzeko, eta baita bere testuinguru historiko eta sozialean kokatzeko ere. Hala, ikuspuntu teoriko hau gai da euskal literaturaren historia berean ahozko literatura eta idatzia, klase subalternoena eta goi-klaseena elkarrekiko harremanetan interpretatzeko, bestelako historia gehienak ez bezala. Haatik, horrek ez darama euskal literatura modu isolatuan aztertzera. Ikuspegi globalak diferentzia hori bere testuinguruan kokatzen du eta euskal literatura bestela irakurrarazten; esaterako, euskal ilustratuak eta kolonietako krisia elkarrekin irakurtzen direnean.
Subalternitatea edo orientalismoa, bestelako testuinguru batzuetan sortu eta garatutako teoriak euskal literaturaren historiara ekarrita, argi berriz irakurtzen dira euskal literaturako obrak liburu honetan. Gabilondok ez baititu bere horretan inportatzen kontzeptu teorikoak fetitxe gisa; aldiz, tresnatzat hartzen ditu eta erabat argigarri suertatzen dira, esaterako, Mogelen Peru Abarka-ren irakurketa osatu bat proposatzeko, edo euskal nazionalismoaren jatorria birpentsatzeko. Egokitu ez ezik, sortu ere egin ditu egileak zenbait kontzeptu, “asmazioaren tradizioa” edo “materia vasconica”, euskal literaturaren historia honen haria eratzen laguntzen dutenak, Erdi Arotik hasita.
Nago historia postnazionalaren ikuspegia bereziki emankorra suertatzen dela euskal literatur esparruak egituratzen hasi aurreko garaiak irakurtzerakoan, eta aldiz XX. mendera iritsitakoan hain irakurketa borobilak egitea zaildu egiten dela, literaturaren ekoizpena bera ugaldu ahala. Era berean, auzi estetikoek eta beste literatur tradizioekiko harremanek oso tarte murritza dute gisa honetako proposamen batean. Edonola ere, funtsezko ekarpena da Gabilondoren hau euskal literatura, kultura eta historia pentsatzeko, eta iruditzen zait etorriko diren lan kritiko edo historikoek zaila izango dutela lan hau idatzi ez balitz bezala jokatzea. Izan ere, lan itxi bat baino etorriko diren beste lan batzuen abiapuntu gisa hartu behar genuke akaso liburu hau; interpelazio gisa, obra itxitzat bainoago.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres