« Esperimentazioa | Bihotza, nora zatoz? »
Atezainaren larria penalti-jaurtiketan / Peter Handke (Jose Mari Berasategi Zurutuza) / Elkar, 2020
Bakardadearen penalti paranoikoa Hasier Rekondo / Deia, 2021-02-13
Haren iritzi politikoen karira, besteak beste, 1996an serbiarren aldeko saiakera bat kaleratu zuelako Balkanetako Gerraren garaian, 2019an Literatura Nobel Sari zalapartatsua irabazi Peter Handkek (Griffen, Austria, 1942) literatur ibilbide ezohikoa eta gorabeheratsua zuen landua saria eskuratu baino lehen. Hasiera hasieratik jorratu izan baitu konbentzio sozialen eta gehiengoaren inposizioaren kontrako joera munduaren zein gizartearen gaineko ikuspegian. Arras deigarriak izan ziren, esaterako, 60. hamarkadan trilogia osatu zuten hiru komediak; Publikumsbeschipfung Publikoari irainka (1966) lan polemikoan, adibidez, teatralitatearen erabateko ezabaketa lortu zuen egile austriarrak. Handkeren xedea honako hau izan zen: “Hitzak erabiltzea entzuleria inguratzeko, hortaz, haien burua askatu nahiko lukete; biluzik sentiarazi nahi ditut parte hartu dezaten”.
Atezainaren larria penalti-jaurtiketan (Elkar, 2020) eleberriaren itzultzaile Joxe Mari Berasategik Jokin Zaitegi Itzulpen Saria jaso zuen 2019an. Handkek II. Munduko Gerraren ondoren galtzaileen alderdian egokitu zitzaion pertsonaia sustraitu gabeko baten pasadizo tragikomikoen berri eman arren, Austria galtzaile eta deprimitu horretan lekutuz, eldarnioak gertatu ohi diren eremuetan kokatzen du Bloch, historia pertsonalak talka egingo du letra larriz idatzitako Historiaren aurka, bakardade hautsi ezin baten zirimolan murgilduko baita Bloch.
Idazle handi-handiek badituzte zenbait dohain, esango nuke Handkeren dohain nagusia, ekonomikoki garatu gizarteetan gizakiok jasaten dugun isolamendu existentzial hori inork baino hobeto islatzeaz gain, hizkuntzaren, gogoaren eta pentsa-gailuaren arteko muga lausotuetan zirrikituak bilatzeko dohaina dela.
Hizkuntzaren mugei bortxa eginez lortu esparru esperimental horretan barna, paranoia kostunbrista baten gertaera ulertezin eta mingarrietan jarriko du Bloch Handkek. Gizakia bakarrik dago munduaren aurrean. Ezleku dira leku guztiak Bloch-entzat. Besteenganako higuina sentitzen du. Hartara, ezer ez delakoan, inongo aurrekaririk eta ziorik gabe apetaz aukeratu norbaitekin larrutan egin ondoren, inkomunikazioa besterik sentiarazten dion hori ito dezake bere eskuekin, inongo ondorio moralik gabe. Unibertso pertsonala eta soziala arras aldendurik agertuko dira Handkeren ikusmoldean. Ez daude elkartzerik. Gizarte galtzailearen orokorkeria horrek ez du gatiburik hartuko. Penaltia eskuetan leunki hartu arren, futbol-atezain lanetan aritu Blochek ez du inongo aukerarik, biolentzia itsu eta endelega ezina ez bada, harreman sozialek sortzen dioten oka egiteko gogoa saihesteko. Alta bada, jitoan dabilen Blochek bere burua justifikatu beharko du, eta horixe izango du kondena nagusia. “Begiak itxita, ezer imajinatzeko ezintasun arraro batek hartu zuen. Gelako gauzei izen posible guztiak ezartzen ahalegindu arren ez zitzaizkion burura etortzen…” Blochen ahots bakarra barne ahotsa izango da, kanpora begirakoa ulertezin bezain torturatzailea baita.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi