kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak / Irene Sola (Joxan Elosegi) / Alberdania, 2020

Mundu bati kanta Ibon Egaña / Deia, 2020-09-12

Alberdaniak, aspaldi urratu zuen bideari jarraituz, erdaretan zeresana ematen ari den gaurko liburu bat ekarri du euskarara, Irene Solà katalanaren Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak. Katalanez iaz argitaratu zenetik jatorrizko hizkuntzan ez ezik gaztelaniaz ere kritikaren eta irakurleen aldeko haizea jaso du nobelak, eta baita Europar Batasunaren Literatura Saria ere. Eta ziurrenik liburuaren berezitasunak badu zerikusirik irakurleengan uzten ari den arrasto horretan. Ez baita hau, ziurrenik eta a priori, 1990ean jaiotako idazle batengandik espero genukeen eleberria, modez harantzagoko eta egungo joera nagusietatik aparteko koordenadetan mugitzen baita. Lehen kapitulua irakurtzea aski da horretaz ohartzeko eta jokoz kanpo geratzeko: hodeiak dira aurreneko atalaren narratzaile, eta haien ikuspegitik kontatzen zaigu nola oinaztura batek gizon bat akabatzen duen Kataluniako mendialdean, garai zehaztugabe batean.

Hortik aurrera datozen orrietan, zaila da Rulforekin ez gogoratzea, idazleak berak kuttuna omen duen Faulkner-ekin eta haren As I lay dying-eko ikuspuntu-aniztasunarekin, edo Jose Luis Peixotoren Nadie nos mira harrigarriarekin. Liburu hura irakurtzean bezala, harridura halako bat sortu zait idazle gazte batengan halako estetiken oihartzunak, errealismo magikoarekin gehiago lotuko genituzkeenak, aurkitutakoan. Munduko bazter jakin batean kokatutako eleberria da, eta espazioak berak markatzen du errotik narrazioa: Kataluniako Pirinioaurreari begira jartzen gaitu idazleak, ahots eta ikuspegi anitzetatik begira jarri ere. Espazio berezi horretan sortzen du mundu propio bat idazleak, nahasten dituena pertsonaia arruntak lamiekin, sorginekin edo jentilekin, 1936ko gerrako gertaerak gaur egungoekin, eta poema-atalak edo marrazkiak narratiba estandarragoarekin. Ahozko tradizioarekin eta memoriarekin solasean ari da etengabe liburua, eta Solà-ren bertuteetako bat da, hain zuzen, tradizio horiek 2019tik berrirakurtzen dituela, besteak beste, legenda batzuen B aldea (emakumeena) bistan jarriz edo idealizazio batzuen ifrentzua erakutsiz. Horregatik egiten zaio akaso irakurleari alde batetik ezagun eta bestetik arrotz, berri liburua.

Atalez atal aldatzen diren narratzaileak dira nobelaren berezitasunetako bat (eta esan dezadan gehiago konbentzitu nautela giza narratzaile estandarragoek bestelako ahaleginek baino) eta baita testuak duen collage tankera ere. Baina hasieran jolas soila edo ariketa bat dirudienak zentzua eta pisua hartzen du orriak pasa ahala, pertsonaiek gorputza hartzen duten heinean. Bilaketa formalaz gain, izan ere, pertsonaia sendoak ditu eleberriak, eta baita hari finez josten den istorio hunkigarri bat ere, mintzo dena heriotzaz, jaiotzaz, maitasunaz edo gerraz.

Joxan Elosegik ekarri du euskarara nobela, eta ederra da itzulpena ere. Bere egin du irundarrak testua eta koloreztatu, eta gozatuta ematen digu irakurleoi. Ordea, eta katalanezko jatorrizkoa aurrean izan gabe ari naizen arren, esango nuke, gaztelaniazkoaren aldean bederen, erregistroa goratu egiten duela itzulpenak, lexikoz eta sintaxiz, agian behar baino gehiago. Itzultzaileak gehitutako oharrek eta justifikazioek ere, argigarriak izanagatik, ez dakit ez duten testua hein batean filologizatzen. Ez, edonola ere, irakurketa gozatzea oztopatzeko lain.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak