« Hausnarketa-puskak | Amua »
Andrezaharraren manifestua / Mari Luz Esteban / Pamiela, 2019
Subjektu zahar-berriaren aldarri Irati Majuelo / Berria, 2020-04-26
Erreferente da Mari Luz Esteban, bai antropologian, bai feminismoan, eta euskal letretan oro har. Bere lan-lerroak modu integralean ulerturik, azken poesia liburu hau beste bidarri baten gisa ulertu beharra dago Estebanen bidean. Helburu zehatza dauka: andrezaharraren subjektua mahai gainean jartzea, bere aldarri eta deserosotasun guztiekin. Horretarako, egileak berezko dituen ahots desberdinak baliatzen ditu lanaren hiru ataletan zehar.
Lehen atalak Galdera-ikurra du izenburu. Izan ere, haurtzaroko begiradatik osatutako poemak dira, “zahartzea urrun eta arrotz/ nuen orain batean”. Bere inguruko emakumeak aurkezten dizkigu ahots honek, inuzentziaz eta miresmenez, garaiko topikotik urruntzen diren figurak eskainiz. Atalik intimo eta goxoena da, eredu-marko zurrunetik kanpoko ereduetan zahartzaroa deskubritzen doana. Hirugarren pertsona nagusi duten poema deskriptiboak dira, hizkuntza arrunt eta egunerokoz edertuak, liburuak aurrera egin ahala teknifikatzen joanen den hizkera baten lehen abiapuntua jartzen dutenak.
Gorputza dauka erdigunean Gorputzaren iragaitzak-ek. Atal honetan, zahartzaroa behatoki gisa proposatzen du jadanik heldu den emakume ahotsak. Gorputzaren aldaketek eta zahartzaroaren aurkikuntzek ardazten dituzten poemok, aro berri bat kontzienteki bizitzeak dakartzan onurez ari delarik. Sexualitatea, politika, adiskidetasuna, gugan zein horiengan nabari da denboraren arrastoa. Are, emakume heldu ezagunak hartzen ditu hizpide, eta hala emakume artista eta pentsalarien erreferentzia ugari egiten ditu Estebanek.
Azken atalean, Andrezaharraren manifestua-k liburuaren xedea berresten du: “Manifestu bat da/ zure garaiaren eta zure gizartearen/ Arrazoiaren aurka idaztea/ leiho bat zabaltzea etorkizunera”. Aurreko bi atalen justifikaziotzat har daiteke prosa poetikoan idatzitako aldarri segida hau. Subjektu poetiko/politiko bat aurkezten du Estebanen hirugarren ahotsak. Esperientzia eta gogoeta ugariren fusioa izanik, argi uzten du prototipoetatik urruntzeko nahia, baina beldur naiz zenbaitetan subjektuak utopiaren edo dena barnebiltzearen arriskua hartzen ez ote duen: “Aniztasun guztiak kabitzen dira nigan”. Kontraesanen pilaketak aniztasun horren kontraesanak ahultzera egiten du aldizka.
Hizkuntzak nabarmen egiten du kontzeptu tekniko eta akademikoagoen aldera, eta zenbaitetan gaiari buruzko ohar-koaderno bat dirudi manifestuak. Interesgarria oso, zaplaztekoen gisako ideiak gailentzean, baina beste zenbaitetan garatzeke utzitako apunte soilen forma hartzen dute. Prosaren eta poesiaren hibrido etengabea izanik, eta Estebanek darabilen hizkera ikusirik, esango nuke saiakeraren formatuak aukera gehiago emango lizkiokeela testuari gaiak merezi duen pisua hartu eta distira egiteko.
Helburu politiko nabarmena duen poesia da, beraz, Estebanena. Baina ez ñabardurarik gabea. Edergarririk gabe, arina bezain sakona izatea lortzen du tonu aldaketekin, nahiz eta andrezahar subjektuari buruz poesiaren mugetatik at irakurtzeko gogoz geratu.
Poesia kaiera
Giorgos Seferis
Irati Majuelo
Altxa, hildakoak
Fred Vargas
Joxe Aldasoro
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos