kritiken hemeroteka

8.313 kritika

« | »

Etxeak eta hilobiak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2019

Etxe ezagunera Ibon Egaña / Deia, 2019-12-07

Aspaldian bizi izandako etxe batera itzultzearen antzekoa da Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak irakurtzen hastea. Ezagun egiten dira paretak, objektuak, koloreak, usainak. Asteasuarraren beste obretako oihartzunak datozkio irakurleari liburua zabaltzearekin batera, hala darabiltzan motibo eta sinboloengatik (txoriak, basurdeak, zakurrak…), gaiengatik (anaien arteko harremana, traizioa…) nola lekuen hautaketagatik (Ugarte herrixka, Gaztelako mendialdea, AEBetako lautada).

“Atxagaren azken nobela” gisa aurkeztu dena genero horretan kabitzeko nobelaren definizioa malgu hartu beharra dago ezinbestean, bost narrazio luze elkarrekiko independentek eta divertimento gisako laburrago batek osatzen baitute Etxeak eta hilobiak, hari narratibo finak eta itzultzen diren pertsonaiak direla lokarri. Liburuaren amaiera aldera estutzen dira batasun-hariak, modu behartuxean, obra nobelaren generoan sarrarazteko intentzioz bezala. Baina egia da nobelaren kutxa orotarikoan erosoago sartzen dela liburua, narrazio solteek, euren kabuz, ez baitute ipuinen trinkotasun eta sintetikotasunik. Bada gainera beste ezaugarri bat ere liburua nobelarantz lerratzen duena: generoari berezkoa zaion hizkuntza —eta erregistro— aniztasuna, istorioz istorio hizkera klinikoa, erretorika komunista, psikoanalisiaren hizkuntza edo lengoaia zinematografikoa baititu solaskide narratzailearen jardunak.

Atxagak esana da zenbait esperientzia biografiko daudela liburuaren oinarrian. Ez da hau nobela autobiografiko bat, baina liburua bada bizialdi bat irudikatzen duten instante eta leku-denboren bilduma gisako bat. Fikziozko pertsonaia maskulino ugariren bidez eta modu koralean bizialdi bat (eta bizitzaren inguruko metafora bat) eraiki izana iruditzen zait nobelaren lorpen handienetakoa, lau bizi-etaparen irudikapenaren bidez marraztua: autoritarismoaren menpeko haurtzaroa, soldadutzak eta militarismoak markatutako nerabezaroa, militantzia politikoak zein gatazka politikoek zipriztindutako gaztaroa, eta aitatasunaren inguruan ardaztutako helduaroa. Ez dira, noski, narrazio guztiak hein eta maila berekoak: hunkitu nau lehen kontakizunaren xamurtasun eta fintasunak, baina hurrengo kontakizunek ez naute maila berean ase. Bigarrena, Lau lagun, egin zait bereziki luzea, kimatze-lana eskertuko lukeena.

Honezkero ia topiko bihurtu da beharbada, baina esan dezagun berriro ere Atxaga narratzaile aparta dela, eta nobela hau irakurtzean ere. kontalari trebe bati aditzen bezala egon naiz. Bereziki da abila kontalaria giroak eta atmosferak sortzen (olinpiar jokoen garaiko udako gau luzeak, zeruak eta paisaiak, esaterako), baita narrazioen denborak trebeziaz josten ere. Eta kontalari onei aditzen egotean bezala, gertatu zait batzuetan kontatzeko moldeak berak liluratu nauela, istorioak edo gertaerek baino gehiago. Izan ere, tramari begira jarrita, atal zenbait amaitutakoan nabaritu dut zerbait falta zela, gatazken muinean gehiago barneratzea, pasadizo edo egoera soiletik harantzago joatea. Eta hala ere gustura jarraitu dut irakurtzen. Atxagaren etxe ezagun horretako espazioei begi berriez begiratzen. Arriskua edo berrikuntza baino ezagunaren sosegua bilatzen eta ematen duen liburua iruditu zait Etxeak eta hilobiak.

Azken kritikak

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Amaia Alvarez Uria

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Asier Urkiza

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Nagore Fernandez

Farorantz
Virginia Woolf

Aritz Galarraga

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak