kritiken hemeroteka

8.280 kritika

« | »

Poesia kaiera / Idea Vilariño (Garazi Arruila Ruiz) / Susa, 2019

Hitza hitzaren truk Joannes Jauregi / Berria, 2019-04-28

Munduko Poesia Kaierak bilduma iritsi da 30. alera, urtez urte poesia ale bikainak emanez, hutsik egin gabe, 2014tik. Izan ere, harrigarria da zenbat poesia kabitzen den 64 orritan. Zalantzarik gabe, bildumak beste buelta bat eman dio poesia itzuliari berari, euskarara itzulitako poesiari: liburuxka hauek, beren soiltasunean, poesia huts gisa irakurtzen dira, eta gehienek ederki lortzen dute ahantzaraztea beste hizkuntza batean dutela “jatorrizkoa”, eta euskarara “ekarriak” izan direla. Badirudi bilduma bera intertestualitateari kantaturiko gorazarre poetiko bat dela.

Idea Vilariño poeta uruguaitarraren kaiera ere halaxe irakurtzen da. Nagusiki poema laburrez osatua dago; guztiak dira arnasaldi batean irakurtzekoak, guztiak ere trinkoak, soilak, karga-karga eginak. Zerez, baina, horixe gakoa. Esango nuke, kaiera hau irakurrita behintzat, Idea Vilariñoren poesiak badaukala halako intimismo zorrotz bat, halako eranzte zoli eta arantzatsu bat. Kapaza da sentimenduei izenez deitzeko, zuzen eta zintzo (“Hain nago triste nola / zu hil bazintzaizkit lez”), bai eta zuzentasun horri sakonera filosofikoa ateratzeko ere (“Komunerako ispilu bat erosten dudanean / nire aurpegia ikusiko dut”). Garraztasun etsi batek zeharkatzen du bilduma alderik alde (“Tristeena okerrena izan zen bizi izana / horrek axola balu bezala”). Bada soneto bat izugarri ederra (“Itsasoa zer da putzu iluna ezpada”), eta ikono baten heriotzari kantaturiko elegia hunkigarri bat (“Ez dut uste hil zenik / ezin dut sinetsi / eta ez dut sinetsiko / hala esan arren Fidel Castrok berak”). Bada zu-rik (“deika ari natzaizu / heriotzari nola”) eta bada ni bat ere, indarrez betea (“Noizko gau nireak / ikusezak eta ukiezak”).

Hori guztia daukagu lerro xume eta laburretan emana, soil-soil kontatua, su festarik gabe, ia belarrira xuxurlatua bezala. Ni poetiko apal bat mintzo zaigu, ni bat zalantza egiten duena, baldintzetan ezkutatzen dena, tarteka bere buruarekin —diskurtsoarekin— kontraesanean jarduten dena, dar-dar geratzen dena bere hitzekin, bere mintzoarekin. Izan ere, Vilariñoren poesian badago, nik uste, jaidura bat irudiari ihes egiteko; ihes metafora arranditsuei eta zentzumenak (ikusmena) kitzikatzeari. Hitza baino ez dugu, diskurtso biluzia, hizkera lauz eta apaindura gutxirekin emana. Eta, halarik ere, kontraesanean bezala, lerroz lerro txirikordatuz doa ni poetiko hori, bere soiltasunean konplexua eta tarteka bihurria ere baden idazmolde batean.

Idea Vilariñok bizitza osoa eman zuen sortzen, idazten, itzultzen, irakasten, ikertzen. 45eko Belaunaldiaren parte izan zen, “sona handiagoa eskuratu zuten gizonezkoekin (Mario Benedetti, Juan Carlos Onetti) eta beste zenbait emakume idazle handirekin (Ida Vitale) batera”, Beñat Sarasolak hitzaurrean dioenez. Aitortzen dut kaiera atera arte sekula aditu gabea nuela Idea Vilariñoren izena, beste hainbatetan bezala. Eta, halako aurkikuntzak eginda, saihetsezina da pentsatzea zenbat eta zenbat poeta bikain, idazle paregabe eta zinezko artista ote dauden betiko gizon loriatu, goraipatu eta hain irakurrien itzalpean.

Azken kritikak

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Zakur zaunkak
Iñaki Irazu

Hasier Rekondo

Bufalo guztiak
Juanra Madariaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentzien eguzkiak
Ahmadou Kourouma

Jon Jimenez

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Asier Urkiza

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak