kritiken hemeroteka

8.700 kritika

« | »

Errepidean / Jack Kerouac (Iñigo Roque) / Pasazaite, 2018

Bidaietan bidaiena Joannes Jauregi / Berria, 2019-02-17

“Bidaiatzea oso da probetxuzko gauza, irudimenari eragiten dio. Gainontzeko guztia desilusio eta neke hutsa. Gure bidaia hau, berriz, zeharo alegiazkoa da. Hortik du indarra”. Ez dira Jack Kerouacen hitzak, ezpada Louis-Ferdinand Celinerenak, bere Gauaren muturrerainoko bidaia eleberriaren sarreratik ekarriak. Bi idazleon arteko lotura —bi eleberrion artekoa, nahi bada— ez baita debaldekoa; Kerouacek Celine kontsideratzen zuen “munduko idazlerik handiena”, eta, Errepidean irakurrita, ukaezina da Celineren eleberriak —zeina, bidenabar esanda, Matias Mujikaren euskaratze dotorean dugun eskura Kerouacengan izandako eragina. Halaber, garaian garaiko literatur kritikariak ederki laketu ziren bi nobelekin: batzuek probokazio soiltzat baztertu zituzten, eta beste askok, berriz, mugarri eta erreferentetzat jo.

Eta, mugarri eta erreferente izanagatik, ezin esan Errepidean probokaziorik gabea denik. 1957an plazaratu zuten, AEBetako ongizate kulturaren aparraldi betean, artean garaiz 60ko hamarkadako kontrakulturaren leherketa prestatzeko. Izan ere, Sal Paradise protagonistak errepidean barrena aurkitzen eta sufritzen dituenak nekez kabitzen dira aldirietako etxetxoen backyard-ean. “Ez daukat zer eskaini inori, nire nahasmendua baizik”, aitortzen digu protagonistak. Eta segi parrandan, segi errepidean, bizibidearen aldean bizitzaren bideari men eginez. Errepidea bizitzaren metafora bada, orduan nobela kantu bitalista errime bat da, zeinak oihartzun berezia izan zuen Kerouacen eta enparauen Beat belaunaldiaren mugetatik harago ere, AEBetako —eta ondorioz mundu osoko— 60ko hamarkadako kontrakulturan.

Kontaerari gagozkiolarik, Errepidean-ek badu zer aipatua. Kerouacek hiru asteko eldarnio sortzailean zirriborratu omen zuen nobelaren lehen bertsioa, orriak elkarri lotuz kiribil bat osatu arte: The Scroll ezaguna. Idazle zoro baten apetatik harago, baina, idiosinkrasia hori ere metaforatzat har liteke, paperera baitarama errepidearen joan taigabea. Kerouacek “prosa espontaneoa” esaten dio bere idazkerari, eta, zalantzarik gabe, horrek goitik behera ezaugarritzen du eleberriaren estiloa bera: kontakizuna etengabeko joanean doa, protagonista narratzailearekin bat, errepidean aurrera eta aurrera. Horretan, iruditzen zait Sal Paradise protagonista, pertsonaia bat bainoago, leku bat dela: leku bat zeinetara amiltzen diren, bidaian aurrera egin ahala, pertsonaiak, AEBetako paisaiak, giroak… Guztiak errepideak ekarriak, guztiak ere errepideak eramanak. Pertsonaia etengabeko joanean doa, eta, hain justu ere horregatik, badirudi geldi-geldirik dagoela, film klasikoetako autoak bezala, eta pertsonaiak eta paisaiak aurrean dantzatzen zaizkiola, pasadizo eta abenturen joan-etorri etengabean. Horretan ere badu antzekotasunik Celineren Gauaren muturrerainoko bidaia-rekin.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Iñigo Roqueren itzulpen bikaina, zeinak ederki eusten baitio Kerouacen testuari. Ezinago eroso mugitzen da nobelaren erregistro ugarietan, hala zatirik liriko eta jasoenetan nola elkarrizketarik gertukoenetan. Gurean, jatorrizko esaten zaien lan horietako gutxik dute hain hizkuntza aberatsa.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak