« Aresti berrinterpretatuz | Silogismo poetikoa »
Txikiaren handitasuna literaturan / Mariasun Landa / Erein, 2018
Txikia handi Estibalitz Ezkerra / Gara, 2019-02-09
Azken bi hamarkadotan egunkari zein astekarietan argitaraturiko hainbat artikulu, baita Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo eskainitako zenbait hitzaldi eta tailer ere, biltzen ditu Mariasun Landaren eskutik datorkigun “Txikiaren handitasuna literaturan”. Berrogei urtetik gorako literatur ibilbidearen gaineko gogoeta interesgarriak aurki daitezke bertan. Apurtzailea ez ezik arlo askotan aitzindaria ere izan da ibilbide hori, ziur aski baita bakartia ere. Emakumezko bat haur eta gazte literatura euskaraz idazten. Pentsa. Testuok ikuspuntu horretatik azter litezke, edo izenburuak aipatzen duen bezala txikiaren handitasunaren eta literaturaren arteko harremanaren testuinguruan.
Txikiak edo, hobeto esanda, txikitzat jo izan den eta zenbait kasutan txikitu ere egin den horrek toki zabala betetzen du Landaren artikuluetan. Haur eta gazte literatura, Landak jorratzen duen literatura alegia, genero txikia omen da adin txikikoentzat idatzia delako, helburu duen irakurlearen adinak liburuaren literatur balioarekin zerikusirik balu bezala. Txikia da, halaber, sormen hizkuntza duen euskara, “gutxiengoarena eta gutxitua” (12). Eta emakumeek idatzitakoa genero minorra kontsideratua izan da denbora luzeegiz. Landak salatzen duen bezala hala pentsatzen dute askok, haurrentzat idatzia delako literatura sinplea eta gatazka edo ideia konplexurik gabea izan behar duela, haurren ahalmen intelektuala garatzeko bidean dagoelako. Horrek ez du esan nahi, ordea, tontoak direnik eta inguratzen dituen mundua ulertzeko gai ez direnik. Bere lana oinarri hartuta, Landak modu ederrean azaltzen digu nola egin dien aurre, baita buelta eman ere, aurreiritzi horiei gaietan zein planteamenduetan, betiere konpromiso feminista batetik abiatuta (testuetako batean aipatzen du ea posible ote den sexista ez den literatura sortzea gizarte sexista eta patriarkal batean: Landa bera da horren adibide, baina jakin nahiko nuke hautu horrek kostu pertsonalik zein profesionalik ekarri ote dion). Era berean, euskaraz idaztearen ondorioz bidean aurkituriko oztopoez mintzo zaigu, baina lorpenak ere handiak izan dira. Landaren obra hainbat hizkuntzatara itzulia izan da eta hainbat sari jaso ditu ere. Hizkuntza txikia izanagatik ere, gauzak handiak idatz daitezke euskaraz. (Era berean, Landaren lorpenek ez dute helduentzako literatura idazten duten horienen bezalako oihartzunik eragin komunikabideetan).
Idazlea ez ezik irakaslea ere bada Landa, eta bien arteko harremana nola ulertu eta bizi duen behin baino gehiagotan azaltzen da testuetan. Akaso literaturaren irakaskuntza lanbide dudalako bereziki deigarri egin zaizkit atal horiek eta egia handi dezente topatu ditut haietan. Literaturaren balioa azaltzeko orduan afektuaz mintzo da Landa (“emozioa” da, zehazki, berak erabiltzen duen hitza), hots, irakurritakoak irakurlearengan eragiten duen zirraraz. Baina afektua da, hain zuzen ere, literaturaren irakaskuntzan jorratzen eta sakontzen ez den arloa. Ikasgelan, irakurtzea ez da plazerarekin lotzen; literaturaren funtzioa bestelakoa da, kontzeptu eta teknika jakin batzuen ulermenarekin lotuta doa. Denok igaro gara sistema horretatik (liburua irakurri, laburpena idatzi, iruzkina egin), eta zenbat irakurle ez ote diren bidean galdu horregatik. Txikitasunaren gaiak loturarik badu literaturari heltzeko modu horrekin: literaturari funtzio pragmatikoren bat aitortu behar zaio edo beste jarduera batzuekin (zientzia, beti zientzia) konparatu beharra dago baliorik izan dezan —handia izan dadin—.
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Aiora Sampedro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Esne berriketan
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza
Esker onak
Delphine De Vigan
Maialen Sobrino Lopez
Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona
Amaia Alvarez Uria
Jai-Alai
Gaizka Arostegi
Jon Agirre
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Mikel Asurmendi
Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi
Irati Majuelo
Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss
Aritz Galarraga
Erleen azken ziztada
Kepa Iribar
Jon Agirre
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Ibon Egaña
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Mikel Asurmendi