kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Poesia kaiera / Ezra Pound (Luigi Anselmi) / Susa, 2018

Ispilu desolatuen jokoa Igor Estankona / Deia, 2018-05-19

Munduko Poesia Kaieren bildumara iritsi behar zuen Ezra Poundek (Hailey, Idaho, 1885 – Venezia, 1972ko). Luigi Anselmik prestatu du poetari dagokion liburuxka, derrigor irakurri beharrekoa. Esate bat da, noski, derrigor irakurri behar dela Pound, baina Ameriketako Estatu Batuetako poesia modernoa eta bere izena loturik doaz. Ate asko ireki zituen Ezra Poundek, klasikoetatik edanez berregiteko garai berri baterako poesia. Beñat Sarasolak hala azaltzen du antologiatxo honen hitzaurrean: “Pounden obra irakurrita, bistakoa da berritasuna eta tradizioa ez direla zertan kontzeptu kontrajarriak izan; alderantziz, biak hertsiki loturik egon daitezke, halako moldez non, berritasuna tradizioa ulertzeko modu berri bat baino ez den. Ikustea besterik ez dugu zenbat erreferentzia tradiziozko aurki daitezke Pounden poesian. Ondare poetiko greko-latindarra aldean du beti, hainbesteraino ezen ugariak baitira erabiltzen dituen latinezko esamolde eta hitzak (poemen titulu direnak sarri). Halaber, trobadoreen poesiaren (Provincia Deserta poema ederra) eta Errenazimentuko poesiaren (Dante) arrastoa ez da nolanahikoa”.

Ezra Pound jo zuten antiamerikartzat, faxismoaren korporatibismoa defendatzeagatik. Ameriketako Estatu Batuak maitatu ahala gorrotatu zuen bertako gobernua. Zorotzat hartu zuten, nahasketaritzat. Bere herrialdean ez zekiten garbi zer egin berarekin: edo sari literario bat eman, edo gerra krimenengatik espetxeratu. Italian hartu zuen babes, ideia duda-mudazkoen herrialde suzkoan. Halakoxe tenperamentua zeukan, intentsuki bizi izan zituen eztabaida politiko eta literario guztiak: “Arretaz behatzen diedanean txakurren ohitura bitxiei,/ Deliberatu beharra daukat/ Gizakia nagusitzen zaiela beste animaliei.// Gizakien ohitura bitxiei behatzen diedanean/ Aitortu behar dut, adiskide, txunditurik nagoela erabat”.

Poesia poesiaren gainean egitearen maisua izan zen Pound. Beti delikatua, beti oreka grekoaren paradigma, Japoniatik Peloponesora —eta are, Erromara edo Probentzara— doan arku poetiko miragarria berridatzi zuen, berdetu zituen betiko eiteak: “Aurpegi horiek jendetzaren artean agertzea:/ Petaloak adaxka beltz, heze batean”. Horregatik liburu hau hartzea da sinpletasunari buruzko tesi bat hartzea bezala, objektibitatearen eta hitz zehatzaren adibide. Perifrasirako ere, Poundek bati dauka biderik motzena eta eraginkorrena aukeratzeko gaitasun txundigarria: “Ezar nazazue edozein lanbidetan,/ Idazle lanbide malapartatu honetan salbu,/ non eta burmuinak erabili behar baitira tai/ gabean”. Poundek konpondu zuen arazoa formaren arazo betierekoa da. Liburu honetako poemak irakurriz konturatu naiz nahikoa malgua dela mezuari leku egiteko, eta nahikoa estua beharrezkoa ez dena kanpo uzteko. Metrikarekin zein gabe, bakoitzak bere buruari jartzen dio diziplina. Elioten apotegma: “Ezein bertso ez da libre, lan on bat egin gura duenarentzat”.

Tradizioaren hizkuntza da Pounden poesian modernitatearen berbakera berria. Entziklopedia bezain sakona da bere jakintza, baina umearean —lehen poetaren— xalotasunarekin idatziak dirudite zenbait pieza minimalistak. Pounden poesiak dardara egiten du Luigi Anselmiren itzulpen bikainean, eta dardara hori ez dakizu den hosto batena, edo ispiluan islatutako hosto batena.

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak