kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Nagusia kanpoan bizi da / 1928ko martxoaren 15a / Takiji Kobayashi (Hiromi Yoshida) / Katakrak, 2017

Literatura edo borroka Joannes Jauregi / Berria, 2017-11-05

Banaezinak dira, Takiji Kobayashiren kasuan, borroka politikoa eta literatura. Iñigo Aranbarrik liburuaren hitzaurrean dioen bezala, errealitatea bila datorkio Kobayashiri fikzioa idazten ari dela. Nik erantsiko nioke errealitate horren gainean eta hura alderik alde zulatzeko asmoz idazten zuela Kobayashik, luma zorrotz bezain finez errealitateari geruzak erauzi eta barruko zikinkeria azaleratzeko.

Japoniako nobela proletarioaren izenik nagusienetako bat dugu Takiji Kobayashi, literaturarako akuilu izan baitzuen 1920ko hamarkadako Japoniako langile giro gatazkatsua. Hain zuzen, giro horretan hil zen idazlea artean 30 urte bete gabea zela, militantzian zehar hain sarriak izan zituen atxiloaldi bateko torturen ondorioz. Kobayashiren heriotzak bere nobelaren bateko pasadizo bat dirudi, fikzioan kontatua bere heriotzaren eszenografia bilakatu balu bezala. Horiexek baitira Kobayashiren literaturaren osagaiak: espetxeetako ziegak eta sindikatuko elkarrizketak, langile akituak eta nekazari txiroak; funtsean, gizarteko behe-klaseen biziraupenerako grinak eta borrokak, idazleak bizigai izan zituen berberak.

Kobayashiren bi nobela laburrek osatzen dute edizio hau. Lehenak, Nagusia kanpoan bizi da izenekoak, nekazarien komunitate txiro baten ahalduntze prozesua kontatzen du, errentariek bizi duten miseria gorriaren bidegabeaz ohartu, eta haren aurka antolatzen diren artean. Nobela pasadizo laburretan egituratuta dagoenez, zenbaitetan erraza da argumentuaren haria galtzea, hari hori gertaera txiki eta pertsonaia ugarien matazan galduko balitz bezala. Pertsonaiek, lanketa xeherik ez izanagatik ere, ihes egiten diote klase gatazka era manikeo eta zuri-beltzezkoan islatzeari. Horren ordez, idazleak kontraesanez betetako pertsonaiak taxutzen ditu; horren adibide dira zenbait nekazari, zeinek, klasismoak bete-betean jota, miretsi egiten baitituzte haien miserien erantzule diren ugazabak. Keinu horiek guztiak estilo sotil baten hari finez josita daude, eta, testuak tamalez sarriegi dituen akats eta trakeskerien azpian, inoiz lirismora ere iristen den prosa xume bat bereiz daiteke, zeinak, poetikoa izatera iritsi gabe, errealitatearen trataera fin bat islatzen duen.

Lehenengo nobelaren errealismo lirikoagoaren aldean, 1928ko martxoaren 15a kontakizuneko errealismoa zikin eta gordinxeagoa da. Izenburuko eguneko gertakariak ditu hizpide: egun horretan, Japoniako gobernuak komunisten aurkako sarekada erraldoi bat antolatu zuen, eta herrialde osoan atxilotu zituen militanteak. Bada, nobela honek sindikalista talde baten atxiloaldia kontatzen digu, eta bakartze eta torturak sindikalismoari buruzko gogoetekin uztartzen dizkigu. Halere, argumentuz eta edukiz mamitsua den arren, narrazio honek indarra galtzen du aurreko nobelaren lirikotasunik gabe, Kobayashiren estiloa finegia baita istorioari bere horretan eusteko.

Laburrean, ariketa polita proposatzen digu Katakrak-en edizio honek, idazleari bere bi istorioren talaietatik so egiteko. Bietatik ikusten da Kobayashirentzat banaezinak direla borroka politikoa eta literatura, baina nago ez ote zaion sobera gailentzen borroka literaturari, tarteka literatura salaketa sozialerako bitarteko huts bihurtzeraino.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak