kritiken hemeroteka

6.908 kritika

Azken kritikak

« | »

Azken zakatzak / Martxel Mariskal / Susa, 2017

Petrikilo Igor Estankona / Deia, 2017-07-22

Martxel Mariskal Balerdiri, Ameriketako Estatu Batuetatik bueltan, non irakasle lanetan aritu baitzen, gripe bat gaiztotu zitzaion, infektatu zitzaion nerbio sistema, ordutik egunero bizi da minarekin, begietara begiratzen dio oinazeari, askotan hori ere ez; ohekide, bidelagun, lepoko morral bihurtu zaio. Esaten dio konpai: “ebakuntzarako tresneria/ esterilizatua dago/ sabelaren zirkuluan/ sekretuen bila dabiltza inurriak/ buruko mikrofonoak/ itzalita daude/ doi-doi objektiboaren gainean/ eroriko dira estalaktitak”.

Lisabören letretan ere kausitu genizkion hondarribiarrari esperantza izpiak desesperazio-zeruan. “Labainkatuak ta epaituak,/ maitatuak ta ahaztuak izan gara./ Gauaren magalean, iraganaren kopeta/ izoztuan, memoria izkutuen gordeleku honetan./ Ze demontre gara?/ Gure ametsen ametsak ez bagara?”.

Liburu hau da bizitza batean sartzea, mundu zabal bateko ateak gurutzatzea, edo bestela irudien erresuman galtzea edo, hobe, itsaso batean dzanga egitea: “arima dantzan dabil/ deabruaren kulunka/ isilean amarratzen dut/ gure txalupa// ubarroia arrokan/ ezpalarta bularrean/ argizaiola da/ nire bihotza”.

Izan ere, Mikel Mariskal Balerdiri gurasoek otoi eskatu zioten urrun zedila arrantzale bizitza gogorretik, eta hain zuzen nostalgia itzel hori dauka, arrantzalearena, joan doala ikusten duen mundu hori du faltan botatzen, atunaren odolarena, arpoilariarena.

Idazleak eroango zaitu burura igotzen ari zaion haurtzarora, eroango zaitu etorkizun batera prosa poetikoduna, arnasa luzeko poema-totemetara.

Kantu batzuk dira hauek, Azken zakatzak honetara bilduak, kirioetarainoko minak aldentzeko balio dutenak, batzuetan dramatikoak, inoiz patetikoak ere bai. Lehorrak dira poema laburrak, oihana bezain hostotsuak eta berdeak mikro-kontakizun iluminatuak, eta euretan nabarmentzen dira pertsonak, idazlea eta bere asabak, eta euren itsasontziak, euren harrapaketak, euren beldurrak

Ez bilatu hemen konposizioen garbitasunik edo linea kromatiko leunik edo erritmo zaindurik. Badaude liburu batzuk eta poetika klase bat lan nekezean oinarritzen direnak. Era horretako lanak poesia artea dela uste dutenen maskaradun konposizioak dira. Honako hau, ostera, bere bertute eta ajeekin, irakurlearen gustuan zirt edo zart egiteko idatzi den eperik gabeko poesia indartsua da: “Nik nahi dudanean atera ahalko ditut lurpetik/ nire lagunen gitarra magikoak./ Zer da zuk lurpetik atera dezakezuna?/ Modako arropak eta hortz zurituak?/ Aurpegia irineztatzeko partikulak?”.

Irudien indarrean sinesten du Martxel Mariskalek. Post-hardcorearen ildotik doaz bere brotxakadak, Rimbaud dago, Baudelaire ere bai, eta bat-batean kapaz da gustu orientalista fineko poema laburrak ere opatzeko: “bueltatuko zara/ zure hilobira// eta ihintzak/ zuretzat zabalduko du/ zilarrezko maindirea”.

Literatura gutxiko poetika da hau, kasu gehiago egiten die zentzuei zentzuari baino. Maitasuna, sufrimendua, zoramen puntu bat… berez ez da berria osatzeko idaztearen ariketa intimo konpartitu hau, mamu pribatuak uxatzeko idaztea… Dena dela, Martxel Mariskalek oraingoan dakarkiguna ez da gida bat sufrimenduaren mugei buruzkoa, ezpada trantze horretan egon denaren esperientzia bera, eta handik ikusten denaren argazkia.

Azken kritikak

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Peru Iparragirre

Kaliforniatik bihotzez
Joseba Gabilondo

Aritz Galarraga

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Ibon Egaña

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Begoñaren itzalpean
Jose Inazio Basterretxea

Mikel Asurmendi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Aiora Sampedro

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Joannes Jauregi

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Estibalitz Ezkerra

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Javier Rojo

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Peru Iparragirre

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Itzulera
Martin Bidaur

Hasier Rekondo

Ametsondoa
Peru Magdalena

Javier Rojo

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Hedabideak