kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Arrotz eta eder / Pako Aristi / Susa, 2016

Zazpi areto gogoetarako Iker Zaldua / Gara, 2017-07-15

Mugarrian eserita ikusi nuen Pako Aristi “Urari ostutako poemak” esku artean zuela. Aurrera eta atzera begira, nioen, oraina bizi behar dela sinetsita. Eta badirudi, “Arrotz eta eder” honetako lehen aleak zubi lanak egiten dituela, izan ere, atzera begira dago egindako bideak nola eta nora ekarri duen galdezka bere buruari: “Erabaki bat / eta beste ez-erabaki baten / higadurak erreko dizkizu erraiak. Hartzeko aske izan ginenak / zein unetan eta nola / bihurtu ginen hartutakoaren morroi / konturatu arte…”.

Esango nuke azterketa horrekin jarraitzen duela Aristik, ez dakit orduko mugarri hartan eserita ikusiko dugun oraindik, baina nago han ez badago mugarria oraindik epel samar egongo dela. Haustura izan zen bere idazteko moldearekin “Urari ostutako poemak”, norabidea aldatu zuen, geziak zuzen jaurti beharrean, bestelako heldutasunez astindu zituen jomugan zituenak.

Eroso ikusten zaio hartutako norabide horretan, ziurtasunez, eta hemen berretsi baino ez da egiten joera hori Aristik, oraina bizi behar dela sinetsita, areago akaso: “Ahaztu hildakoak berehala: / oraina bizitzen / ez dizu uzten / haien oroimenak. / Beste mundutik ere / aginduak emanen dizkizute!”. Badirudi ondorio hori atera duela, mugarriari egindako bisitan, iraganak arrastoa uzten du gugan, baina hona iritsi gara eta ez dakigu noraino helduko garen, bitartean “Hasi eta buka, / loratu eta zimeldu, / eta bitartean bizitzera / eman zaigun aldia / gozatzea besterik ez da / gorputzaren jakinduria”.

Zazpi aretotan banatu du poema-liburua, museo bateko zazpi areto bailiran, bakoitzak du bere gaia idatzita sarreran (maitasuna, heriotza, bizitza, bakardadea, sexua…).

Bisitaldi bizkor horretan atsedenak hartzeko gonbitak dira, guztia arrapaladan ez irakurtzeko aitzakia, izan ere, bizkorra da bere erritmoa eta aurrez irakurri duzun hori gogoan iltzatu aurretik hurrengora pasatzeko arriskua dago.

Poema gehienak laburrak dira, lirikotasunetik hurbilago daude narratibotasunetik baino, baina egia da, oraindik agertzen direla iritzi-artikulu itxurakoak, Aristirengan ekidinezina edo saihestu nahi ez duena, apika. Horren adibide da lehen aretoa ixten duen “Bidaiaren ondarea” izenekoa.

Azkenik, azpimarratu nahiko nuke grafikotasuna, hots, poema batzuk ikusi egingo ditugu, museo horretan markoztatutako testutik harago, koadroak ikusiko bagenitu bezala. “Gonbitea” izenekoa iruditu zait horren adibide argietako bat, xehetasunezko deskribapenez janzten ditu oroitzapenak Aristik eta, irakurleak ia ikusi egingo du hizkien atzean ezkutatzen dena.

Agian altxatu da mugarritik beraz, baina epel dago hura oraindik. Hori bai, orainari begira dago, jakinik gaurkotasuna dela oroimenetik eta ameskeriatik libre dagoen lurralde bakarra, eta orain eta hemen uler dezakegula gure iragana eta hemen egotearen arrazoiari tankera har diezaiokegula, ala ez.

Mezu hori bidali nahi du esate baterako “Soseguaren taupadak” izeneko aretoan. Eta atal horretan aurkituko dugu “Azken anemonak” izeneko alea. Pierre-Auguste Renoir pintorearen heriotza eguna deskribatzen du bertan Aristik, eta azpimarratzen du konortea galdu aurretik margolari zaharrak honakoa aipatzen duela : “Uste dut zerbait ulertzen hasi naizela”. Bromatzat hartu edo tragediatzat hartu, norberak erabaki beza, mezua bidali digu Aristik, jomuga non dagoen badakienak.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak