kritiken hemeroteka

8.528 kritika

« | »

Kristo irakiarra / Hassan Blasim (Ana Isabel Morales) / Pasazaite, 2017

Kafka irakiarra Ibon Egaña / Deia, 2017-04-14

Ez da maiz izaten idazle irakiar bat euskaraz irakurtzeko aukera (ezta inguruko beste hizkuntzetan ere). Horregatik bakarrik balitz ere poztekoa litzateke Hassan Blasim Bagdaden sortutako ipuingilearen Kristo irakiarra euskarara ekarri izana. Zinema-zuzendari gisa egin zen lehenago ezagun Blasim, besteak beste Kamera zauritua filmari esker. Ihesean hainbat urte eman ostean, Finlandian jarri zen bizitzen 2004an, eta erbestean zela plazaratu ditu arabieraz idatzitako hainbat ipuin bilduma. Ingelesezko argitalpenak izan ditu beste hizkuntzetara jauzi egiteko zubi, eta hizkuntza horretatik abiatuta egin du Ana Isabel Moralesek euskararako itzulpen ederra, ikusezina bainoago nortasunez betea (mendebaldeko hiztegia, sintaxi malgua eta lexiko-hautapen ez beti errazena ezaugarri dituena, besteak beste).

“Irakiar literatura” sintagma irakurrita, erraza da bi klixe etortzea irakurleari burura: Mila eta bat gauak eta gerra. Bi-biak aipatzen dira Blassimen literaturaz hitz egiten denean, eta Kristo irakiarra irakurrita, berehala ohartzen da bat ezaugarri biok, marketinaz eta klixeaz harantzago, Blasimen obraren nortasun-ikur behinenetakoak direla eta idazleak jakin izan duela biak bere literaturaren alde erabiltzen. Ordea, ipuin hauetan badira beste elementu batzuk, hain erraz literatura irakiarrarekin lotuko ez genituzkeenak, demagun Kafka, absurduaren literatura eta errealismo fantastikoa, eta guztien konbinaziotik sortu dena literatura aparta da, ipuin liburu bikaina.

Irak eta Iranen arteko gerra, Kuwaiten inbasioa eta Golkoko gerra, Husseinen diktadura, atentatu suizidak… Horiek osatzen dute ipuin hauen paisaia, baina hala ere Blasimen ipuinetan lekukotasun historikoa bilatzen duen irakurleari hankamotz geratuko zaizkio kontakizunak, fikziora, irudimenera eta fantasiaren lurraldeetara lerratzen baitira kontagai diren gertaera lazgarriak. Arrazoiaren, errealitatearen eta gorputzaren mugak kolokan jartzen dira ipuin ugaritan: zulo batera erorita urteak daramatzaten gizon gizajaleak, beste baten gorputza inbaditzen duen hildakoa, edo etortzekoak diren izugarrikeriak bere gorputzean aurresaten dituen soldadua dira ipuinetako protagonistetako zenbait. Eta inpresioa du batek Blasimek dioskula gerraren errealitatea soilik egoera irreal eta absurdu horiek sortuz ezagutu eta jaso daitekeela, ez testigantza errealistaren bidez. Errealitatea eta fikzioa josteko modu anitz horien bidez eta ipuingintza-tradizio ugariren oihartzunak jasoz lortzen du Blasimek, hain zuzen, narrazio bakoitza bakana eta berria izatea.

Edonola ere, fikzioa eta irudimena ez dira hemen goxagarri, egileak ez baitio uko egiten izugarrikeriak, gizatasunaren mugan dauden egoerak hizkuntza zuzenez eta beren gordinean deskribatzeari. Hizkuntzaren hoztasunak eragozten du izugarrikerien kontaketak larregizko dramatismoa hartzea, baina baita irudi eta metafora ederren erabilerak ere (“Eguzkia distiratsu zegoen granada erraldoi baten moduan”). Ahozko hizkuntzatik hurbilekoa da bestetan hizkuntza, ipuin ugariren marko narratiboa aitzakia baita pertsonaia-kontalariei beren istorioa haien ahotik kontatzeko tartea emateko, eta ahozko kontakizunen xarmaren oihartzunak testuratzeko.

Azken kritikak

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak