« Urte ilunak | Denak ez ziren garaile suertatu »
Poesia kaiera / Nijole Miliauskaite (Leire Bilbao) / Susa, 2016
Izpirituaz Igor Estankona / Deia, 2016-12-24
Munduko Poesia Kaieretako 16.a da Nijole Miliauskaiteren poema hautatuen itzulpen hau, Leire Bilbaok opatzen diguna. Beñat Sarasolak hitzaurrean gaztigatzen digu: “Askori, ziur aski, ez zaizkie ezagunak egingo Nijole Miliauskaiteren izen-abizenak. Lituaniarra eta emakume izateak izango du horretan, segurki, zerikusirik. Izan ere, eskas dugu inguruan poesia lituaniar itzulirik, eta Europa Ekialdea, munduko beste hainbat zoko bezalaxe, gure irakurgaietatik aparteegi uzten dugu maiz. Gainera, Vytautas Bloze poeta laudatuarekin ezkonduta egoteak ez zion sobera lagundu bere lana hedatzen”.
Bada, orain ez daukagu aitzakiarik hurreratzeko 2002an artean berrogeita hamar eta koska bat zituelarik zendu zen poeta honen obrara. Zertzelada batzuk hemen daude: “haurtzaroko ikara guztiak/ izu-amets guztiak/ neskatoaren amesgaiztoak bakardadean/ betiko erruduntasun konplexua”. Poetak alkohola, haurtzaindegiak, gosea ezagutu zituen Bigarren Mundu Gerraren osteko Lituanian. Lituaniak ezagutu baitzituen, finean, babesgabetasuna, errepresioa, iluntasuna.
Vilnuiseko Unibertsitatean literatura ikasia, Miliauskaiteren lehen poemarioa izan zen Ursules S. portretas (Ursula S.-ren erretratua), 1985ekoa. Liburu horrek erakutsi zion lituaniar irakurleari bazela barne-biografiaz eta emakumearen arimaz hitz egiteko behar bat. Bularreko minbiziak “labur, goseti” bilakatu zion existentziari gorazarre egiteko nahiak gidatu zuen idazlea gero, eta bizitzari orokorrean egiten dion gorazarre horretan datoz, halbeharrez, sufrimenduak eta labirintoak. Opera primaren ostean iritsi ziren Namai, kuriuose negyvensim (Inoiz biziko ez garen etxea, 1988), Uzdraustas Ieiti kambarys (Debekatutako gela, 1995), Sielos labirintas (Arimaren labirintoa, 1999).
“Horrelakoa zara zu, itzaltzen doan/ udazken berantiarreko eguna/ oraindik adarretan dauden pare bat hosto hori busti/ parkeko zelaian dagoen elur arrastoa/ hodeien artetik datorren eguzkiak oraindik urtu gabea// hain sinplea dena/ eta ezin zure izatea igarri”.
Misterioaren eta ulermenaren artean igaroko zaizu liburua, aitortza baten edo laztan baten antzera edo oihu moduan emana, derrigorra dena —hiltzea— munduan arrasto izpirituala uzteko aukera dela uste dutenen poesia baita Nijole Miliauskaiterena. Bere baratzeko landare eta zomorroen existentzia ulertu eta errespetatzen zuelako ulertzen zuen unibertsoaren martxa gogorra: “gaueko tximeleta bat/ baino ez da/ hosto zuriaren gainean logaletua// zuk ere/ papiro zahar bateko hieroglifiko/ izan nahiko zenuke”. Plano berberean jarriz tximeleta eta Egiptoko jainkoak, gaurkoa eta orain dela milaka urtekoa, idazleak maiz darabilen egitura zirkular fin hori erakusten digu. Antologia hau horregatik da gozoa eta uneka iluna, baina beti interesgarri eta zirraragarria.
Nijole Miliauskaiteren sukaldea urdina zen. Mahai urdinera biltzen zuen jendea bere aulki urdinak opatuz, eta hozkailua bera ere urdina zeukan, modernistei omen eginez bezala. Urdinak erlaxatzen omen zuen, kimio eta kimio artean. Eta ilargiari hitz egiten zion, urtuz bezala izarren hautsa legez unibertsoarekin, jakinik gu ez garela lipar batez baino: “zein naiz une honetan/ hainbesteko boterea/ izan dezazun nigan// zetazko estalki batekin/ biltzen duzu nire bizkarra, zeruan/ konstelazioak erakusten dizkidazu, haien izenak ahoskatzen dituzu/ istorio horiek aditzen egon ninteke luzaz”.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria