kritiken hemeroteka

8.313 kritika

« | »

Rebel Mayo Colorao / Paddy Rekalde / Txalaparta, 2002

Ahots matxinatua Gotzon Hermosilla / Euskaldunon Egunkaria, 2003-01-04

Paddy Rekalderena fenomeno bitxi eta interesgarria da euskal literaturaren panoraman. Bi ipuin bilduma, poesia liburu bat eta aurten kaleratu duen Rebel Mayo Colorao eleberriarekin ahots berezi eta espezializatua eraikitzea lortu du. Are gehiago: nortasun handiko pertsonaia sortzea erdietsi du. Izan ere, Paddy Rekalde idazlearen aurkikuntzarik behinena Paddy Rekalde pertsonaia dela begitantzen zait: Irlandaz, punk-rockaz, sexuaz eta munduko zapalduen borrokaz mintzatzen zaigun idazle alkoholzalea, tabernak tertulia literarioak baino gogokoago dituena, eta estilo sendo eta zuzena erretolika kanpoeder eta antzuak baino laketago zaiona; Bukowski eta Corto Malteseren arteko hibrido euskalduna, zelanbait esatearren. Eta hori ez da oso ohikoa gure literaturan. Jon Irazuk behiala sortu zuen Bernardo Atxaga idazlearen kasua datorkigu akordura, edo Edorta Jimenezek sortutako Omar Nabarro poeta. Baina Deustuko idazlearen kasuan, aldeak nabarmenak dira.

Izan ere, Paddy Rekalde idazlearen istorio askoren protagonista Paddy Rekalde pertsonaia da. Eleberri honetako lehenengo pasarteetan ere, Paddy dabilkigu Nafarroako lur idortu eta askotan ahaztuetan barrena, Anton bere lagunaren hiletetara joateko asmoz, eta ezustean egingo du topo liburu honetan kontatzen zaigun istorioaren protagonistetako batekin. Ezinbestez, Charles Bukowskiren Henry Chinaski alter ego literarioaz gogoratzen gara. Bai, badakit Bukowski lehenago ere aipatu duguna, baina ez dut uste erreferentzia hori soberan dagoenik Paddy Rekaldez ari garela; arrazoiren bat izango zuen Rekaldek Paddy Txinaski ezizena hautatu zuenean, Aizu! aldizkarian argitaratu zituen lehenengo ipuinak izenpetzeko.

Rebel Mayo Coloraoren abenturak eta kalenturak ez dizkizuet hemen aletuko, horretarako askoz egokiagoa baita liburua irakurtzea, baina nabarmentzekoa da Rekaldek bere betiko obsesioei sakatzen diela ostera ere. Liburu honetan, punk-rocka dago (tantaka besterik ez bada ere; zahartzen hasiak gaituk, Paddy!), sexua ere dezente (Sex abaroako poemetan baino gutxiago, jakina), alkohola barra-barra, Euskadiko Kutxaren egutegietan agertzen ez diren Nafarroako mahasti eta gari-soroekiko maitasuna (Whiskey koloreko gauak-eko ipuin batean ere gai berari heltzen zion), Rekalderen lanaren ezaugarri bilakatu den Irlandarekiko miresmena, eta, batez ere, zapaldu eta baztertuekiko samurtasuna eta injustiziaren kontra borrokatzen direnekiko konplizitatea ditugu nobela honen osagarri nagusiak. Eta uste dut horretan datzala Rekalderen meriturik handiena: euskal literaturan gutxitan jorratutako gaiak, are gutxiagotan agertu diren giro eta pertsonaiak, euskaraz zirriborratutako paperei uzkur eta mesfidati begiratzen dieten belaunaldiekin konektatzeko moduko istorioak eta idazkera darabiltzala inolako lotsarik gabe. Rekalderen ahots literarioa intsumitua da, matxinatua, konformagaitza, makarra samarra batzuetan, eta horrek egiten du erakargarri. Prostitutak, ospe txarreko tabernetako jabe galiziarrak, iheslariak, zaharrak, poliziek jazarritako heroinazaleak ditu begiko; horrelakoxeak dira liburu honetako orrietan zehar agertzen zaizkigun pertsonaiak.

Arkatz gorria dantzarazteko gogoz dabilen kritikoak baduke hemen zer azpimarratu. Estilo zuzen eta adierazkorra lortzeko helburuz, hainbat baliabide literario erabiltzen ditu Rekaldek, batzuetan sobera erabili ere: berbarako, eten-puntuak, edo elkarrizketetako “ez duzu uste?” , “zer deritzozu?” eta antzekoak. Zenbait esamolde ere topikoegiak begitandu zaizkigu; aukeran, nahiago dugu Rekaldek bere lehenengo ipuinetan tarteka-marteka erakusten zuen idazkera landua. Narrazio laburretik lehenengo lan luze honetara egindako jauziaren ajeak, apika.

Dena dela, ez dut uste kritika akademizista formala Rekalderen lana epaitzeko biderik egokiena denik. Lehen esan dudan moduan, Rekalderen balio literarioa beste zerbaitetan datzala pentsatzen dut. Nobelaren pertsonaia batek argi eta garbi diosku: “Azken finean, zuk orain eta hemen konta ditzakezun istorioak paperera pasatu, eta liburu ederra osa dezakezu. Hori litzateke idazlearen lana, oso modu sinplean esanda”. Eta Rekaldek badu zer kontatu, apurka-apurka egiten ari den ibilbide literario sendo, fresko eta estimagarriak erakusten duenez.

Azken kritikak

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Amaia Alvarez Uria

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Asier Urkiza

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Nagore Fernandez

Farorantz
Virginia Woolf

Aritz Galarraga

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak