kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ordaina / Philip K. Dick (Aritz Gorrotxategi) / Meettok, 2015

Dicken espekulazio ukronikoak Iraitz Urkulo / Berria, 2015-10-04

Zientzia fikzioa euskal literaturan gutxi landu den eta are gutxiago itzuli den generoa da. Baliteke hutsune horrek generoari egotzitako literatura-estatus eskasarekin lotura izatea. Edozelan ere, duela mende erdi Philip K. Dick kultuzko autore bihurtu zen goi literatura idatzi gabe, bere ibilbide profesional osoa zientzia fikzioari eskainiz. Generoa bultzatu, garatu eta berritu zuen, zientzia fikzioaren ospea handituz halako obrekiko zaletasuna hedatzearekin batera. Horregatik guztiagatik, berri ezin pozgarriagoa da Meettok argitaletxeak zientzia fikziozko autorerik garrantzitsuenetakoaren 1950 eta 1970eko hamarkada bitarteko hamaika narrazioz osatutako bilduma itzuli izana, Iban Zalduaren hitzaurre mardul batez lagundua.

Ipuinen artean generoaren zaleentzat aski ezagunak diren Gutxiengoaren txostena edota liburuari izenburua ematen dion Ordaina bera daude. Gehienak zientzia fikzioan bete-betean sailka daitezkeen arren, bada hartatik pixka bat aldendu eta fantasiaren alorrean sakontzen duen kontakizunik, Elfoen erregea, hain zuzen. Bestalde, Zalduak “mesianiko” deritzon garaiko ipuin bat ere bada, Aurki heltzea espero dut, non Dicken bereizgarri den gizarte, politika eta kontsumo-kulturaren aurreko ikuspegi kritikoak kutsu transzendentalagoa bereganatzen duen, gizateria eta haren mugekiko kezka areagotzea dakarrena.

Aritz Gorrotxategiren itzulpena azken pasaldi baten faltan dago han-hemenka ihes egindako akatsak direla eta. Halere, kontakizunak irakurtzen guztiz atseginak dira. Izan ere, zientzia fikzioan usu gertatzen denez, Dicken estiloak ez du inolako konplexutasunik. Alde horretatik, narrazioak estilo zuzen, erraz eta erritmo bizikoan idatzi zituen. Forma baztertuta, kontakizunen gakoa edukian datza, hots, haien originaltasunean eta, harrigarriki, kasu batzuetan idatzi zirenetik mende erdia baino gehiago igaro eta sekulako iraultza teknologikoa gauzatu den arren, oraindik erakusten duten gaurkotasunean.

Idazlea espioi, konspirazio, gerra hotza eta, oro har, nazioen arteko harreman hauskorreko garai bateko semea izan zen. Kapitalismo bortitzaren hastapenak ezagutu zituen, eta gizakien bizitzaren erdigunean era guztietako erasoen mehatxu etengabea eta beldurra zeuden. Aldi berean, OHEekiko interesa handia zen orduan, eta hainbat herrialde espazio zein beste planeten konkistan lehiatzen ziren. Horien baldintzapean, Dickek etorkizuna aurreikusteko sistema ezberdinak, mundu postapokaliptikoak, estralurtarrak, errealitate eraikiak, lur azpiko babeslekuak edota memoria manipulatzeko teknikak asmatu zituen, baita horiek txertatzeko testuinguru aproposak ere.

Dickek sortutako fikzioa zalantzaren eremuari dagokio. Hartaz baliatzen da irakurleen jakin-minari amaiera arte —baita askoz geroago ere— eusteko. Haren pertsonaiak, ustezko paranoiak jota, beren buruaz eta inguratzen dituen munduaz zalantza egiten irudikatuak dira maiz. Ipuin gehienetan errealitatea simulakroari kontrajartzen zaio. Philip K. Dicken lanetan egoera bitxienak ere gertagarriak dira, hain da sendoa istorioen barne-koherentzia. Baina kontuz, ezer ez baita dirudiena.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak