« Xenpelar | Bonaparte’ren eun-urte-muga dala-ta »
Itxasoa laño dago... / Pio Baroja (Jon Etxaide) / Itxaropena, 1959
Itxasoa laño dago… Xanti Andia itxas-gizonaren bizitza ta kezkak Luis Mitxelena / Egan, 1959
Euskal giroz beterik dauden Barojaren liburuak aipatuz gero, Zalacainek izaten ditu aldekoak; beste batzuek, gorri antxeko horietakoek edo, La leyenda de Juan de Alzate daukate Barojaren euskal testamentutzat. Batez beste, ordea, Las inquietudes de Shanti Andiak izango luke noski beste edozeinek adinbat lagun.
Hauxe da, Xanti, Etxaidek begiz jo duena. Eta berak dakien bezain zehatz eta osotoro itzuli du, izena aldaturik halare (bidez ala premiarik gabe?). Lan luze bezain nekagarri hori arretaz eta neurri doiez egin du burutik burura.
Etxaide ez da bere buruari ederretsirik lo gozoan dagokeen gizona. Liburua joan liburua etorri, hainbesteraino menderatu duen hizkuntzarekin katazka bizian dirau, beretzat nahiz besterentzat mintzabide malgu eta zailu bihurtu beharrean. Aurrerantz egin dituen urrats galantek ez dute lasatu bere barrena. Are aurrerago nahi luke joan. Ongi erakusten digu aurrera nahi hori berori dela idazle baten dohairik beharrezkoena, aurrerabidean ibiliko bada.
Egiteko hori, Xanti Andiaren itzulpena, gutxik burutuko luketenetakoa dela nabari da. Ezin uka, gainera, egoki eta esturasunik gabe burutu duela Etxaidek. Oztopoak, eragozpenak ezin konta ahala aurkitu behar zituen bere bidean eta gehienetan ez zaio irudituko ere irakurleari leku hartan eragozpenik izan zitekeenik. Zenbait pasartetan euskal ordain hoberik aurkituko lukeela beste norbaitek? Bai, noski, baina inor gutxi izango litzateke gauza gure artean Etxaideren mailan ibiltzeko hasi eta buka.
Nondik jo ongi ez dakiela somatzen dugu batzuetan, eta ez da harritzeko. Euskararen alde txarrak eta debekuak, zenbaiten iritziz, bere eskas eta urritik omen datoz. Lehentxeago, bai; gaur, ez dut uste. Duela zenbait urte ez baitzen gure artean beste sendabiderik baraua eta odol ateratzea baizik. Hitz hau ez da garbia: bazter dezagun eta kito. Horrako horrek ere badu halako erdal usai bat: hobe dugu utzi. Harako esaera haren antzekorik ba omen da erdaraz: debeka dezagun, beraz. Bide horretatik ez zitzaizkigukeen azkenik lau hitz jaioberri eta bi esaera besterik geldituko.
Hutsak betetzeko, zeinnahi euskalkitatik hartzen hasi ginen eskuak betean: gauza jakina da beste erdara batetikako erdarakadek ez gaituztela asko mintzen. Orain berriro, erdaratikako hitzei ere sarrera zabaltzen hasi gintzaizkien. Azkenean, dialektu nahastea dela, euskaldunek beti ahotan dituzten erdal-hitzak nahiz dozenatxo bat lagunek darabiltzan hitz jatorrak direla, badaukagu non hauta, gaurko erdaren iturri garbitik barra-barra biltzen hasi garenak, edonongo kultur hitzak eta Garibayren arima bezala ez izango bai izango dabiltzan ghost-word erratuak ahaztu gabe.
Txara tapitu horretan gidari dabil Etxaide eta bere senaz baliatu behar nahi eta ez biderik zabalduko badu. Halare, ikusten dugu ongi begiratzen duela oina non jarri lurretik altxatu baino lehen, pauso bakoitzaren ondoreak, alde onak eta txarrak, arretaz darabiltzala gogoan.
Gramatikaren sasi korapilatua ez duzue batere hobea. Hemen, egia esan, bideak zabalik zeuden, baina, euskararen truk beren ametsak eman nahi dizkiguten gramatikalarien axolagabekeria batetik eta idazleen lasaikeria bestetik (ba ote dago nork bere gogara, antzora, eta moldera egitea baino bide errazagorik?) aspaldi josi zitzaizkigun otez eta elorriz. Guzion esker ona merezi du, beraz, hemen ere beretzat eta besterentzat bide bila dabilen Etxaidek.
Auzi honetan, nik uste, Barojak hartu ditu kalterik larrienak. Ez behin ere Etxaidek iruzur egin diolako: ez ditu haren esanak, erraztasuna dela eta, itzulinguruka aldatzen. Bada, ordea, Barojazaleek maite duten zerbait, gogoetak, hitzak eta esaerak baino barrenago datzan zerbait (lurrin arina bezain iheskorra, egia), eta zerbait hori, dena den, ez da beti ageri itzulpenean. Euskaraz ari zaigun Baroja horrek Jon Etxaide berberaren boza du maiz xamar.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres