kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Gotz eta Meyer / David Albahari (Koro Navarro) / Pasazaite, 2013

“Götz eta Meyer”, eta Shoah-ren literatura Iban Zaldua / ibanzaldua.wordpress.com, 2015-03-27

Norbaitek pentsa lezake: Holokaustoaren literaturaren beste adibide bat gehiago, eta liburua alde batera utzi. Eta, neurri batean, arrazoia izango du: artegintza garaikidearen ildo edo azpigenero kasik oso bat bihurtu da 1930eko eta 1940ko hamarraldien arteko Europako juduen jazarkundearen eta suntsiketaren historiarena, literaturaren eta zinemaren alorretan batik bat. Ez da gutxiagorako: Shoah delakoa egungo Europaren identitate fantasmatikoaren osagarri nagusienetako bat bihurtu da, konpontxo teknokratiko-ekonomiko hutsa estaltzen duen Europar Batasun ustez politikoarekin, sozialismo errealeko erregimenen porrot eta horroreekin, faxismoaren aurkako borrokarekin eta Ongizate Estatuaren eta Giza Eskubideen inperioaren promesa behin eta berriro traizionatuekin batera, ziurrenik. Hots, gai bat zeinari, besteei bezala, ezin baitiogu horren erraz bizkarra eman.

David Albahari serbiarraren (Pe?, 1948) Götz eta Meyer lana (Belgrad, Stuvobi Kulture argitaletxea, 1998; Donostia, Pasazaite, 2013) Holokaustoaren beste nobela bat da, beraz, baina, aldi berean, ez da azpigenero horretako beste nobela huts bat. Alde batetik, kontatzen duelako episodio ez bereziki ezagun bat, Jugoslaviako eta, konkretuki, Serbiako judu erkidegoaren suntsiketarena, zeinetan esparruen unibertsoak —Auschwitz, Treblinka eta abarrenak—, literaturan eta zineman islatuenak alegia, ez baitauka horrenbesteko protagonismorik —judu serbiar gehienak fusilatuak edo kamioietan gaseztatuak hil zituzten—; izan ere, kamioi horietako baten eta bere gidarien —Götz eta Meyer horien— gorabeherei erreparatzen die batez ere Albahariren nobelak. Baina, bestetik, eta nik uste dut hau inportanteagoa dela, halako gertakari bati buruz nola idatz daitekeen inguruko hausnarketa delako nobela bera, garai batean zeinetan, testigantza-literaturaren amaiera gertu dagoelarik —gauzatu ez bada behintzat: gero eta lekuko zuzen gutxiago geratzen da bizirik— “bigarren belaunaldiaren” literatura edo are literatura —eta zinema— guztiz eratorria nagusitzen ari diren. Hots, une bat zeinetan kontaketaren “historifikazioa” gauzatzen ari den. Horrek dauzkan abantaila eta, batez ere, arrisku guztiekin —“bigarren belaunaldiaren” literatura espresio agian ez bereziki zehatza erabiltzen badut da desberdintzeko zuzeneko lekuko eta biktimenetik, hots, “lehenengo belaunaldikotik” desberdintzeko, hots, Primo Levi edo Imre Kertész bezalako egileen lanetatik; Albahari Jugoslaviako Shoah horretatik bizirik atera ziren guraso alargunen semea da—.

Alde horretatik, Götz eta Meyer antidoto bikain bat iruditzen zait Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (John Boyne, 2006), Bizitza ederra da (Roberto Benigni, 1997) edo Schildlerren zerrenda (Steven Spielberg, 1993) bezalako produktuen ondoan. Halako gertakariez mistifikazioan edota klixean erori gabe Shoahren memoriari buruz nola idatz daitekeen erakusten duelako, nire ustez. Iradoki bezala, nobela ez da soilik Serbiako juduen tragediaren episodio horren kontakizun soila, baizik eta kontakizunaren inguruko hausnarketa metaliterarioa ere. Albaharik aukeratutako talaia, ikuspuntu horretatik, esanguratsua da: ez da biktimengan zentratzen —nahiz eta haien gorpuen eta arimen presentzia etengabekoa den—, baizik eta Saurer gas-kamioia gidatzen zuten SStako bi soldaduengan, izenburuko (Wilhelm) Götz eta (Erwin) Meyer horiek, elkarren artean guztiz trukagarriak direnak —era oso beckettar batean: “Götz, edo Meyer beharbada”, “Götz, edo Meyer ote zen”, “Götzi, edo Meyerri agian”…— eta, modu horretan, suntsiketarako giza-makineria nazia ezin hobeto islatzen dutenak —Albaharik abizenen etimologiarekin ironikoki jolasten duela pentsa daiteke: Götz, Gottfried-etik eratortzen dena eta “jainko babeslea” bezalako zerbait izan daitekeena, “heriotzaren aingeruan” transmutatzen da liburuan, eta Meyer, jatorrian “buruzagi” esanahia izan zezakeena, “gidaria”, “exekutatzaile egiazkoa”, hots, hodia konektatzen duena (cfr. 42-43 orr.), nahiz eta, egiazki, batak zein besteak bete dezaketen paper horiek, azken batean…—.

Kontatu ezin dena kontatzeko ahaleginean, narratzailea, 1940an jaiotako institutuko irakasle judu-serbiar bat —berrogeita hamar urte dituena, hots, 1990etik ari zaiguna, Jugoslaviako gerra berriaren bezperan alegia, ziurrenik ez kasualitatez—, gero eta gehiago obsesionatzen doa Götz eta Meyerrekin, eta hasiera batean haien joan-etorri, egunerokotasun, elkarrizketa eta are amets eta pentsamenduak irudikatzen saiatzen bada, narrazioan gero eta leku gehiago doaz okupatzen bere ikerketetan egiten dituen ahaleginak —familia ia guztia urte haietan galdu baitzuen, eta bere arbola genealogikoa berreraikitzen saiatzen ari da, bizirik geratutako senideei idatziz, alferrik, eta artxibo eta museoetako funtsetan ikertuz— eta gertakari haien memoria bere literaturako ikasleei nolabait transmititzeko egiten dituen saiakerak. Hainbeste ezen, azkenerako, plano biak nahasten hasten baitira, maila berean agertuz, espazio narratiboa konpartituz, narratzailea eta soldadu naziak. Gertatutakoa kontaezina da, beraz, eta ondorio bakarra narratzailearen desoreka eta suntsipena dira. Horren inguruan abisatzen zigun Albaharik berak bere beste nobela batean, Amua autobiografikoagoan, bere amari esanarazten dionean:

“Historian bizi dena ez da bizitzan bizi, hilotz bat da oso bizirik egon daitekeen arren. Bizitza koilara beteka edo ahamenka jan daiteke, baina ezin daitekeena egin hura ikustera esertzea da” (El anzuelo, Debate 1999, 79-80 orr.). .

Liburuaren egiturak horretan laguntzen du: paragrafo bakar batean idatzitako nobela da, zeinetan errepikapenek eta ritornelloek rol bereziki eraginkorra jokatzen baitute, xehetasunen etengabeko azpimarrak bezainbat. Ez da horregatik irakurketa bereziki zaileko liburua, baina bai atentzioa eta kolaborazioa eskatzen diona irakurleari, eta are gehiago nabarmentzen duena egileak komunikatu nahi digun gauzetako bat: fikzioa egitean zaila edo are ezinezkoa dela bereiztea gertakariaren historikotasunaren —egia, nahi bada— eta irudimenaren ahaleginaren artean; Albaharik berak adierazi duen bezala —ez baita teknika hori erabili duen liburu bakarra: 1996ko aipatu Amuan gauza bera egin zuen—, “horrela idazten dut sinesten dudalako ipuin bat edo nobela bat idazlearen eta irakurlearen arteko elkarlanaren bitartez sortzen dela, irakurketaren ekintza dela medio”. Aipatu Samuel Becketten, Franz Kafkaren, William Faulknerren eta, guztien gainetik, —Albahariren idazle kutunenetako bat den— Thomas Bernharden eragina hortxe dago orobat, zer esanik ez.

Eta Bernharden aipua ez da alferrikakoa, Götz eta Meyeren beste osagarri inportante bat umorea den heinean. Benigniren Bizitza ederra da bezalakoak —neurri batean— arbuiatzera eramaten nautenak ez baitira, filma aurkeztu zen garaian sortu zen polemikan azaleratu bezala, umorearen aplikazioaren inguruko eztabaida, gorago aipatu klixearena baizik, eta mota horretako produktuetan egon ohi den estilizaziorako edo eztitzerako joera —Adam umearen episodioa, Albaharik esanguratsuki kontatzen diguna narratzaileak bere ikasleekin kontzentrazio-esparrura egindako bisitarekin paraleloan, istorioak eztitzeko arriskuetatik begiratzeko modu bat dela esango nuke, cfr. 109 eta hurr.—. Umorearen erabilera nahiko goiztiarra da are halakoa bezalako gaien inguruan —gogora dezagun, besterik ez bada, Tadeusz Borowski bizirik ateratakoaren Jaun-andreak, hauxe duzue gaserako bidea ipuin bilduma (gehienak gerra amaitu eta berehala idatziak, 40ko hamarraldiaren amaieran) edo, “bigarren belaunaldikoen” lanen artean, Art Spiegelmanen Maus komikia (1991)—. Eta labainkorra gerta badaiteke ere —umorearen erabilera beti gertatzen da labainkorra—, izugarri zehatza suertatzen da Albaharirena bezalako ahalegin batean, non, esan bezala, hain da inportantea kontatzen dena nola kontatzeko modua eta posibilitatea bera. Umore hori guztia, ezbairik gabe, beltza eta kaustikoa da, Bernhardena bezala, baina inolaz ere ez eskapista edo erlatibizatzailea, eta horrorearen aurreko ikuspegia indartzen duela esango nuke: narratzaileak bere ikasleekin egindako “bisita gidatuaren” episodio batzuk horren isla dira, eta narratzailearen beraren tiken eta manien ingurukoak, eta Götz —edo Meyerren— hegazkin-pilotu izateko itxaropen zapuztuei edo gidatu bitartean estilo tirolesean kantatzen dituzten abestiei buruzko aipamenak… Liburuko pertsonaia nagusien —SSen— indeterminazio erabatekoa ez azpimarratzearren, tonua ez ezik erritmoa transmititzen diona narrazioari: umore bitxi absurdo horren iturri nagusienetakoa bihurtzen da, suntsiketa makineriaren trukagarritasunarena bezainbeste.

Trukagarritasun bat, edonola ere, ez diena aktoreei erantzukizunik kentzen batere, kontrakoa baizik. Alde horretatik gizatasunaren mugei buruz galdetzera eramaten gaitu idazle judu-serbiarraren kontakizunak, behin irakurri zuen Polonian datatutako SS baten eguneroko sarrera bat irakurtzeak Philip K. Dick idazle estatubatuarra eraman zuten gisa berean: “Gauean iratzarrita atxikitzen gaituzte umeen gose-deiadarrek”. Götz, edo Meyer, Belgradeko Azokako esparruko ume gosetuei txokolatezko gozokiak emateko gai direnak —“zeren pertsonak atsedenaldiren bat behar izaten baitu lan monotonoa egiten duenean, kemena galtzeko arriskua du bestela, eta, denetan okerrena, automata ere bihur liteke azkenean” (81 orr.)— beste esparru batera tokialdatu behar dituztela sinetsitako emakumeez, zaharrez eta umeez kamioia bete, bidearen erdian gelditu eta gai dira ibilgailuaren ihes-hodia kaxaren barrualdearekin konektatu, bidaia jarraitu eta hilobiak itxaroten ari diren Jajinciko eremura joateko, non itotako gorpuak deskargatuko eta lurperatuko dituzten bost —edo zazpi— preso serbiarrek. Makineria baten kate-begiak dira Götz eta Meyer, ados, gaizkiaren hutsalkeria arendtarraren adibide onak, teknologiak erraztutako heriotzarekiko urruntasunaren onuradunak, nahi izanez gero, baina guztiz funtsezkoak, edonola ere. Albaharik dioen bezala, ez ziren “mekanismo handi-handi bateko koska ttikiak, mekanismoaren xedeari zegokionez zorioneko itsuak, alde erantzira baizik: beren eginkizunaren nolakotasuna oso-oso ondo ezagutzen zuten haiek, heriotzaren heraldoak eta heriotza bera zirelarik aldi berean” (19 orr.); eta gehitzen zuen beherago: “haiek ere bazuten nahastuak eta engainatuak izateko eskubidea, preso juduek bezala, ezingo dut hori ukatu. Baina nahikoa dut horietako bat makurtua imajinatzea, kamioiko ihes-tutua lekuz aldatuz, eta barruan gordea dudan guztia apurtzen zait” (50 orr.).

Memoriaren beharraz eta balioaz hitz egiten digu, azken finean, Götz eta Meyer lanak: horren berreraikuntzaz, eta berreraikuntza horren obsesioaz, eta zailtasunez, eta are ezinezkotasunaz ere. “Damutu egingo gara, esaten nien ikasleei, istorioak kontatzeari uzten badiogu, zeren istorioak kontatzen ez baditugu, ez baitugu ezer izango errealitatearen presioari eusten laguntzeko, bizitzak sorbalden gainean eragiten digun zama arintzeko” (74 orr.). Ezinezkoa, diot, zeren gogoratzea gauza bat baldin bada, agian gertatutako guztiari zentzu bat ematea askoz ere zailagoa da: narratzailea kontatzeaz ari denean, azken finean, itxaroteaz ari da, “azkenean osotasunari nolabaiteko zentzua emango zion zerbaiti itxoiteaz, esan nuen, besterik gabe ezinezkoa zelako, besterik gabe, hura guztia inolako zentzurik gabe gertatzea” (123 orr.). Eta horretan datza, ziurrenik, nobela honen narratzailearen galbidea. Galbidea izan daitekeen bezala memoriaren gehiegizko ustiapena mendeku hutsaren tresna bezala erabiltzea, Albaharik berak bere beste nobela batean, Amuan, hizpidera ekartzen zuen bezala, bere amaren hitzak gogora ekarriz:

“Balizko errudunengan pentsatzeari uzten ez diozunean, ontasun posibilitate oro ezabatzen duzu zugan. Ez dut esaten ahaztu behar denik, ahanztura ere errudun sentitzeko modu bat delako, eta horrek ere gaizkira eraman dezake, baizik eta gogoratzeari utzi egin behar zaiola” (El anzuelo, 93 orr.).

Agian hor ere badago lezio bat gure errelato dontsuaren —edo, pluralean, errelato dontsuen— inguruko memoria-ariketetarako ere.

Edo ez.

P.S. David Albaharirengandik gaztelaniaz badago, duela gutxi eskuragai, eta aipatu El anzuelo nobelaz gain, Canción muda ipuin bilduma (Baile del Sol, 2014), garai ezberdinetako narrazioez osatutakoa, eta nahiko gorabeheratsua, nire aburuz, baina kalitate oso handiko ipuin batzuekin. Frantsesez ez dut ipuin liburu bera topatu, baina batzuk, gutxienez, konpartitzen ditu gaztelaniazkoarekin Hitler à Chicago izenburukoak (Les Allusif., 2008; Quebeceko argitaletxe bat da, ez frantsesa, harritzekoa ez dena kontuan hartuta 1990eko hamarralditik Albahari Kanadan bizi dela, zehazki Calgaryn, nolabaiteko autoerbeste batean). Gomendagarria, edonola ere.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak