kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Bunker Hilleko ametsak / John Fante (Aintzane Ibarzabal) / Elkar, 1991

Zein demontre da John Fante? Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1991-09-25

Oraintxe argitaratu da “Bunker Hilleko ametsak”, John Fantek bere bizitzan idatzi zuen azken liburua, eta Aintzane Ibarzabalek euskaratua. Liburuari buruz esan beharra dago gaztelerazko bertsiorik ez dagoela. Eta baten batek baino gehiagok galdetuko du liburua esku artean duelarik ea zein demontre den John Fante. Begiratuko dio, agian, argazkiari ea nonbaitetik, telebistatik edo zinematik, ezagutzen ote duen, baina alferreko izango zaio. 1983an hil baitzen, eta idazle gisa oso ezaguna ez zelarik.

Bukowsky xaharrak kontatzen du nola ezagutu zuen John Fante:

“Gaztea nintzen, goseak nengoen, edateari ematen nion, idazle izatea zen nire ametsa. Irakurtzen nituen ia liburu guztiak Los Angeleseko udal-liburutegi batekoak ziren, baina eskuetara erortzen zitzaidanak ez zuen zer ikusirik nire kaleekin, edo inguruan nituen pertsonekin. Baina behin batean liburu bat hartu nuen kasualidaez eta hantxe aurkitu nuen azkenik sentimenduek izutzen ez zuten gizona. Umorea eta sufrimendua elkarrekin nahasturik zekartzan. Liburu hura niretzat mirari baten gisakoa izan zen. ‘Ask the Dust’ zuen izenburu.

Bai, Fantek sekulako eragina izan zuen nigan. Liburu hura eta idazlearen beste batzuk irakurri ondoren emakume batekin jarri nintzen bizitzen. Ni baino alkoholizatuago zegoen, borrokan egiten genuen maiz eta nik haserreturik zera esaten nion: ‘Niri ez deitu putaseme! Ni Arturo Bandini naiz!'”.

Arturo Bandini baita John Fanteren pertsonaia nagusia, eta Hank Chinarsky Bukowskyren alter ego-a den modura, Bandiniren bizitza ezin daiteke uler Fanterena piska bat ezagutu gabe. John Fantek beti istorio bera kontatzen baitu: bere-berea.

Arturoren aita bezala Fanterena igeltsero zen; diotenez, igeltsero ona, baina gizon gaiztoa eta senar txarra. Fantek etengabe hitzegiten du gurasoei buruz bere liburuetan: aita mozkor eta emakume-zalea deskribatzen du; eta ama, noski, santa bat. Coloradon jaio zen eta gurasoak italiarrak ziren, elurra, egiten zuenean etsiak jota etxe barruan errenditu ezin zutenak. Horixe kontatzen du behintzat bere lehen nobelan, “Wait Until Spring, Bandini”.

Californiara joan zen ihesi eta han gidoilari-lana aurkitu zuen Hollywood-en, besteek idatzitakoa txukuntxen eta zinemara eramangarri utziz. Baina Hollywood-ek ez zion poz handirik eman. Idatzita zituen nobela guztien artean bat bakarra —“Full of Life”— pantailaratu zuten, Richad Conte eta Judi Holliday zirelarik aktore-aktoresa nagusiak, eta Oskar saria jasotzeko izan zen izendatua.

Baina beste filme batzutan ere irakur daiteke Fanteren izena: “Jeanne Eagels”, Kim Novakekin, edo-eta “My Man and Mi” izenburukoan. Hango lanetan ezagutu zuen aberastasun eta miseria gorririk, eta askotan, artista askori gertatzen zaion legez, Joycek, emazteak, emandako diruari esker bizi izan zen.

Eta Joyce aipatu izan badut, gizon handi baten atzean emakume handi bat dagoela dioen topikoagatik soilik ez da. Roseville-n ezagutu zuten elkar eta Reno-n ziren ezkondu, emakumearen gurasoen borondatearen aurka. Joycek poemak idazten zituen eta aspertu egiten zen bere bizimodu burgesean. Seguruaski emozio bortitzak maite zituelako elkartu zen Fanterekin, baina pentsa dezakegu oso maite zuela senarra, izan ere, berak mekanografiatu zuen 1982an argitaratu zen “Dreams from Bunker Hill”, Badiniren sagari amaiera eman zion liburua.

Garai hartan Fante ez zen izandakoaren itzala baizik: itsu zegoen, eta geroxeago bi hankak moztu behar izan zizkioten. Berarekin batera etorri zen gainbehera Los Angelesko Bunker Hill muinoa, kristalezko piramidez bete baitute azkenaldi honetan.

Katolikoa izan zelako, bizitza guztia igaro zuen bihotz-zimikoak eta errudun-sentimenduak baztertu ezinean, eta bere pertsonaiak biolentoak eta zakarrak baldin badira, Fante halakoxea zelako da. Bizitza esajeratua eman zuen, bolada langileekin batera bazituen beste batzuk alkoholari emanak eta jokora makurtuak.

Lagunek diotenez, gizon desagradable eta temosoa omen zen. Homosexualak gorrotatu egiten omen zituen.

Baina inork ez du berak baino hobeto deskribatu Los Angeles: sad flower in the sand, lore tristeza hondartzan.

Oraindik gogoratzen naiz John Fanteren ipuin batez. Ez dakit zein liburutakoa den, hori bai, edizioa frantsesezkoa zen. Californiara atunetara etorritako arrantzale korearren bizitza kontatzen zuen. Lan egin ondoren nola joaten ziren dantza-areto batera eta han zeuden emakumeei zertxobait ordainduz gero nola egiten zuten haiekin dantzan bi ordu segidan. Eta dantzaldian oso kariñosa agertu zelako nola maitemindu zen arrantzale bat hango emakume batekin, diruagatik soilik egiten zuela konturatu gabe.

Oso ipuin tristea zela badakit, baina halako xamurtasunez idatzitakorik oso gutxitan irakurri izan dut harrez gero.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak