« Ideia ona, baina… | Festaren amaiera »
Tractatus / Jule Goikoetxea / Susa, 2014
Oi, haizu izatea zilegi balitz! Mikel Asurmendi / argia.eus, 2014-09-09
Poeta gisa plazaratu zaigu Jule Goikoetxea (Donostia, 1981). Marraztu dezadan bere soslaia: giza zientzietan aditua, zientzia politikoetako irakaslea, politikagintzan aritua eta “pentsamenduan” eskarmentatua . Hala edo halatsu izanik ere, ezin bere soslaia marraztu haren aita Tomas Goikoetxearen izana gogora ekarri gabe, ezin liburuko lerroen trazatua ulertu, ezta egileak eskribitutako tratatua ere. Tomas Goikoetxeari eskaini dio Julek liburua, Tomasen alabak.
Hiru atalez osatuta dago liburua: Tractatus civicus, Tractatus magnanimus, Tractatus innavigabilis. Halarik ere, bereziki, sarrerako poemaren lerroek —Albait zoriontsuena— zeharkatzen eta marrazten dute liburua. Poemak, denboran gaindi trazatua, munduan —espazioan— kokatzen gaitu, hots, errealitatean. Zoriontasuna da gure izana marrazten duen lerro nagusia —poema ongi ulertu badut—. Zoriontasuna aldian behingo dohaina da, bizi ahal izateko graziazko nola desgraziazko emaria. Zoriontasuna dastatzeak miserableak edota aspergarriak izatera kondenatzen gaitu. Poema zoragarria beste krudela da.
Tractatus civicus: Poetak bere burua kokatu du egungo zibilizazioan: zibilizazio honen hitzen menpe bizi da. Emozioen menpeko pertsona zibilizatuak antzo, bizi ahal izateko, hiltzeko prest dago. Boterearen egiaren eta hitzaren menpekotasunean hiltzea zilegi baita, erran nahi baita, zibilizazio honen emozioen eta modu gizalegezkoen arabera.
Poetak humanitatea —humanitate hau— deitoratzen du. Poesia garenaren debeku guztien lekua da beretzat. Edabe erudituek elikatzen dute bere gogoa, alabaina, loria ez da Olinpoko ez Lurreko jainkoen “emakida” (hitz itsusia “emakida”, neronek hautatua; egungo zuzenbidearen emaria). Alta bada, pertsonok heredatu duguna ere bagara hein batean. Zentzuan —izatearen zentzuaren logikan— pulunpatzen da Jule Goikoetxea ondina. Humanitatearen hondo-hondoan marea sakonak eta nahasiak dabiltza ordea. Hartara, senaren logikak gidatua, poetak tratatu zibiko bat eskaintzen digu. Zilegi dena haizu izatea nahi du!
Tractatus magnanimus: Heredatu dugunaz beste (garenaz gainean edo azpian) animaliak ere bagara. Poetak animaliatasuna aldarrikatzen du, bihotz zabaleko tratatua proposatzen digu, baita oihanera itzultzeko irrika agertu ere. Botereak biolentzian hartzen du oinarri —oinarria, ez funtsa, gehituko nuke neronek—. Poetak iraganeko oihaneko —edota familiarteko— biolentziaren ordena sinbolikoa sei hitzez trazatzen du: aita eta ama daude haren oinarrian, boterearen funtsa hitzen ordenan dago alabaina. Poetak egia du hitz makulu. Honatx Egia poema: Hain pobrea da / inork ez du nahi / eta horren garesti saltzen da / berak ere haizu ez. Infernua honela definitzen du berriz: Soraioek boterearen ahalmena duten saioa.
Tractatus innavigabilis: Ezin nabigatuzko itsasoa da mundua. Pertsonok emozioak —desioek— bultzatutako anforak antzo gara, hauskorrak. Tratatu iraunkor sendo bat trazatzeko —idazteko— ezgauza gara. Irritsak gidaturiko “ez izakariak” gara. Alabaina, nabigatze gaitza den munduon, maitasuna motore eta botere den munduon, maitasuna merezi dugun jakiteko, askatasuna dastatzea proposatzen digu poetak.
Poeta hau ez da generorik gabeko izakaria haatik, bere burua neska alai itsusi eta arriskutsu modura trazatzen duen poeta honek menderakuntza zapartatzeko lanabesak bilatzen ditu. Baikorra da hala ere, menderakuntza zapartatu nahi du baina mundua zapartatu gabe. Irrikak bultzatzen du itsasoan nabigatzen jarraitzeko.
Non zaude Tomas?
Eta zu Jule, non zaude honezkero?
Oi, haizu izatea zilegi balitz!
Poesia kaiera
Giorgos Seferis
Irati Majuelo
Altxa, hildakoak
Fred Vargas
Joxe Aldasoro
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos