« Idazle ahaztua | Txokotik mundura »
Gauzen izaeraz / Lukrezio (Xabier Amuriza) / Klasikoak, 2001
Amodio atomikoa Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2002-09-28
Unibertso infinituan atomoak elkartuz mundu kontagaitzak nola, halaxe sortzen dira zenbait hizki konbinatuz ezin zenbatuzko liburuak. Gauzen izaeraz liburuak mundu horietako baten mapetako bat erakusten du, aski osoa.
Izenburu egokia du Lukreziok idatzitako liburu bakarrak, baina Funtsezko guztiaz ere ez letorkioke txarto. Euskaraz inoiz ez da halako asmorik mamitu, ezta izan ere, apika. Orain, Xabier Amurizaren itzulpen jostariari esker, gure artean dugu bere sei liburuetan fisika, epistemologia, psikologia, antropologia, historia, kosmologia, meteorologia eta eskatologia biltzen dituen poema zientifiko inspiratu hau. Ez da batere idorra: alde batetik, ezohiko metafora eta alderaketez apainduta dator; bestetik, ez dio ihes egiten zertzelada bitxiari: Zerraren kirrinkaz, Atenasen Minerbaren tenplu inguruan belerik ez dagoela edo Ispiluaz beste aldean zergatik ikusten den, horra hiru atalen izenburuak. Maite kontuez izenekoak filosofiako eta literaturako antologia orotan behar luke. Gauzen izaeraz hau duzu epikureismoaren adierazpenik behinena, gaurkotasun handiko, dotrina inondik ere.
Bizipoza du xede Lukreziok. Oinaze fisikoa berezkoa du bizitzak, baina egia ezagutzeak (adore handia eskatzen du) alferreko zenbait kezka uxatzen lagun dezake. Hauen artean, goibelenek erlijioa dute iturri; alegia, gauzen izaera latzari, batik bat munduaren arroztasun esentzialari eta heriotzari aurrez aurre begiratu ezina. Heriotzari diogun beldurrak bultzatzen gaitu erlijioaren pareko diren ospearen, diruaren eta agintearen bilatzera.
Lukreziok Venus gozoari laudorio bakezale batekin ekiten dio bere poemari, baina Atenasko izurrite garratzarekin amaitzen du, zoragarria bezain izugarria baita gure mundu arrano hau. Zehatzago: mundua ez zen guretzat egin. Behi esnea dopina da. Lehenagokoa da belarria, entzumena baino. Ilunabar baten ederra Jainkoari eskertzea belearen elea da. Hari sudurraren existentzia eskertzea legetxe, betaurrekoak eraman ahal izateko bezain praktiko sortzeagatik.
Gizaki erlijiosoaren izaera gogaikarria, heriotzaren ikaraz eta ilusio teleologikoaz gain, grina kontrolagaitzek eta osteko damu proselitistek erabakitzen dute. Gezurrezko infinituek bilakatzen diote bizialdia infernu: besteak beste, hil osteko zigor infinituek.
Ordea, infinitu txarrak baztertu eta egokiak aintzat hartzeak dakar egia, eta heriotza onartzea. Infinituak dira eta eternalak, gauzen lehenkiak —gorputzen lehen haziak, atomoak; orobat, lehenkiok harat-honat dabiltzan hutsunea (atomoen
joan-etorriak eta talkak hutsean, gela ilun batean eguzki izpiak ikusarazten duen hautsaren dantzak irudikatzen du egokiro)—. Unibertsoak ez du muturrik, ez dago erdigunerik; oinaztua espazioan barrena mendeetan zehar ibilita ere, ez litzateke inongo mugara hurbilduko. Unibertsoaren baitako mundu kalkulaezinak, bestalde, etengabe osatu eta desegiten dira.
Arimak bezal-bezalaxe. Ez dago gorputza hil osteko arimarik, gorputza eta arima batera sortzen, hazten eta hiltzen baitira: arima ere lehenki materialez osaturik dago. Ezer ez da hutsetik sortzen, ezta guztiz desagertzen ere. Hortaz, atomo konbinazio aldakor bat gara gu; hiltzean, osatzen gaituzten atomoak disolbatu egingo dira; eta, gero, beste batzuekin nahasturik, bestelako gorputzak eratu. Ni naizelarik, ez da heriotzarik; heriotza datorrenerako, ni ez naiz izango: ez dugu zertan larritu.
Baretasun alaia helburu, kontuan hartzekoa da, halaber, simulakroen gaineko Lukrezioren teoria ederra. Gauzen gainazaletik etengabe hegaldatzen dira beren mamu bikiak, eta ziztu ezin biziagoan zeharkatzen dute espazioa norabide guztietarantz. Zenbaitetan, begi batekin topo egiten dute; orduan, begi horren jabeak gauza ikusi egiten du. Zoriona lortzekotan, mamuokin ondo konpontzen ikasi beharra dago.
Maitemina eragiten dutenak dira arriskutsuenetakoak. Lukreziok dioenez, haziaren gainezkaldiak pizten du maitasuna. Nerabeari, gorputz tentagarri bat ikustean, mukuruka duen semena, maskulinoa zein femeninoa, urduritu, bildu eta gorputz horretarantz jalgitzen ahalegintzen zaio; ametsetan, halako gorputzen irudiek parrastan botarazten diote isurkia. Maitemintzea, hain zuzen, itsutzea da, norberaren hazia soilik gorputz jakin bati dagokiola uste izateraino. Ahal bezain sarri saiatzen da amorostua zoramen atsegin hori eragin dionaren irudia berpizten, gauez ohean bakarrik kasu. Halatan, gero eta maitearen menpekoago bizi da. Maitearen irribarreek besteren bati lasaitasuna zapuzten diote. Gainera, ezin du maitemindurik ez denak adina goza: sentimenduak zurrundurik, ezin baitio plazerari merezi duen arreta opa.
Amodioak, orobat, barregarriki distortsionatzen du gure pertzepzioa: maite kankailua maiestatez betea ikusarazten digu, kontakatilu gaiztoa nortasun handikoa, mutu anorexikoa apala, eta abar.
Amodioa egitea, beraz, ez da txarra; bai, aitzitik, maitemintzea. Maitemina datorkigula sentitzen dugularik, horrenbestez, semena lehenbailehen hustea aholkatzen digu Lukreziok, bakarka, ordainduta edo ahal bezala.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres