« Amets galdua | Porrotaren ertzean »
Dantzaldia / Irene Nemirovski (Eider Rodriguez) / Txalaparta, 2006
Gogoa sartzen dizu Aritz Galarraga / Argia, 2014-07-20
Irene Nemirovskyren lanik ezagunena da, zalantzarik gabe, Suite frantsesa. Rafael Chirbesek orriotan bertan seinalatu zigun nobelatzarra; norbere ipurdia salbatzeko karrera horretan, gure garaiaz ere ari zelakoan: “Gerretan, etsaiaren aurrean gertatzen diren ihesaldi handiak duintasun ezaren eredu dira, edozein zapaltzen da, edozein entregatzen da norbera salbatzeagatik. Irakurri duzu Irene Nemirovskyren eleberri zoragarri hori, Suite française, alemaniarren mehatxuaren aurrean Parisetik nola ihes egiten duen? Bada, horrelako zerbait, baina ustezko bake sozialaren garaian”. Euskaraz, haatik, Dantzaldiarekin egin zuen 2006an debuta —gerora etorri dira Arimen maisua, Suite frantsesa bera, Birjinak eta Odolaren sua—. Euskaraz debuta, euskalduna zenak. Euskalduna baitzen Nemirovsky, berak eta bere biografoek esaten dutena egia bada behintzat —eta ez dakit, hartara, manualetan-eta zergatik ez duten sartzen frantsesez idatzi zuten idazle euskaldunen artean—. Euskarazko lehen itzulpen honek asko zor dio, noski, bi urte aurretik, 2004an, Suite frantsesaren eskuizkribua deskubritu izanari. Baina zerk ez dio zor Nemirovskyrenean deskubrimendu hari. Kontua da bigarren jaiotza horren aurretik Dantzaldiak egin zuela famatu idazlea, 1930.enean argia ikusi zuen eleberriak.
Ez dezagun erabat ahitu, ordea, liburuaz aritzeko daukagun tartea. Suite frantsesaren aldean Dantzaldia da nobela bat laburra, zuzena, kontatu nahi duen hori baino kontatzen ez duena: senar-emazte aberastu berri batzuek ez diote alabari parte hartzen utziko emango duten lehen dantzaldian. Hori kontatzen du eleberri laburrak, eta nola alaba mendekatzen den. Beste ezer ez. Zertarako. Nahikoa zaizkio 6 urteko haurrentzako liburuen neurrikoak diren letrekin osatutako 113 orrialde eskasak —kendu, bide batez, hitzaurrearenak—, Eider Rodriguezek “torturatzen zioten gaiak” definitu dituenak aletzeko: ama-alaben arteko harremanak, aberats berriak, diruaren likitsa, kultura judua eta mendekuaren arma. Aletzeko, gainera, airean eramaten zaituen estilo batekin, arnasa hartzeko betarik apenas uzten dizun tentsio batekin, Rodriguez berriz: historian zehar herri, etnia, belaunaldi, zoko, geografia eta mende guztietan errepikatzen diren gertaera mitikoak pertsonalizatzen —Kampf senar-emazteak eta haien alaba Antoinette—, geografia zehatz batean —Parisen— eta kronologia jakin batean —1920ko hamarkadan— finkatzen. Labur, Dantzaldiak gogoa sartzen dizu Nemirovskyren gainontzeko guztiak irakurtzeko jarraian. Eta euskaraz ere baditugu mordoxka, manualetan-eta agertzen ez zaigun arren.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi