kritiken hemeroteka

8.440 kritika

« | »

Pulp / Charles Bukowski (Josu Lartategi) / Txalaparta, 2002

Xarles Ardoa-baino-mozkorrago-eginda Bukowski Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2002-09-21

Erraza ei da, nonbait, idazle madarikatuen gainean berba egitea. Badakizue: gizonezkoa, mozkorra, egoskorra, lotsa gaiztokoa, gonazalea, sexista, heziera txarrekoa, intelektualen aurkakoa, sistema gaitzeslea… Erraza progre askoren idazle ikur bihurtu den eskritoreaz lau klixe eta beste horrenbeste pellokeria botatzea eta hanka zabal geratzea, bertan goxo, zeregina ondo bete delakoan.

Ezin errazagoa esatea Bukowski zenaren lana ondare ordezkaezina dela, nahitaez irakurri beharrekoa. Baina, zoritxarrez, munduak zelako abiada eta norabidea hartu dituen ikusita, laster literaturan ez da nahitaez irakurri beharreko ezer geratuko, literatura bera hutsaren hurrengo bihurtuko delako. Erraza horrelako morroi baten gainean jardutea. Jende asko identifikatzen delako Barbet Schroeder-ek eta Marco Ferrerik, besteak beste, zinean pertsonaia pipertu bezain maitagarri gisa erakutsitako idazle-izan-gura-ez-duen paper zikintzaile horrekin. Nork ez du, bada, ikur marjinalik behar ozenki aldarrikatu ahal izateko “Aizan, ni sistemak ez naik irentsi!”. Baina literatura seriorik egiteko asmorik ez zuen gizon hura literaturak berak atera zuen miseria gorriaren atzaparretatik. Eskertu behar zaio jende askoren unibertso literarioa komikiez harantzago hedatzea, irudidun testuez gain, Bukowski ren “gauzak” baino ez dituztelako leitzen askok eta askok. Jakina, “kolega horrek ez din kristoren adar ulertezinik jotzen! Ez dun asko-jakin-usteko txirriporro horietako bat, bizi egia berdaderoak ahaztuta, beti berba putz horiek gora eta behera baino ez darabiltzatela!”. Underground usaina dario eta hori beti izaten da deigarria. Bere buruari agure zikina deitzen zion, homeless itxurari eusten ziola (nahita ala besterik ezean?). Ez da, halere, ahaztu behar urtean milioi bat ale saltzeraino ere heldu zela.

Beita ederra dugu haren biografia: atzerrian jaioa, aita, soldadu izandakoa, seme jotzaile porrokatua, hainbat lanbidetan hasi eta utzi_ idazle izaten bezainbeste saiatua mozkortzen… Andretan ibiltzea eta edatea ia idazgai bakarra erabiltzearen ondorioz sona ikaragarria lortu zuen, kultuko idazle izaterainokoa. Lanbide asko bisitatu zuen, baita ia inguruan topatzen zituen edaritegi guztietan egarri ezin asezko bat hiltzen ahalegindu ere. Telebista programetatik botatzen zuten, pikete feministek manifestazioak antolatzen zizkioten nongura_ Argitzeko dirau, oraindik, pattar egarri ala bizi egarri ote zen haren edan gura amaiezina.

Adituek diotenez, Bukowski k bere buruaren gainean idatzi baino besterik ez ei zuen egiten, hau da, idazki gehienek autobiografia moduko bat baino ez bide dute osatzen. Beharbada, idatzi ahala, literaturak bizitzatik edan beharrean, bizitzak literaturari egingo zion zurrut. Ezin jakin daiteke. Autobiografia horretan, gailen, Pulp eleberria, hil baino lehentsuago amaitua. Heriotzaren bisita jasotzen duen detektibe moduan agertzen da idazlearen alter egoa nobelan. Kontakizun beltzetan izan daitekeen beltzena, heriotza beltzak den-dena irensten duelako. Pasoliniri, besteak beste, gertatutakoaren antzera, azken lana bizialdiko atzen jazoeraren iragarle. Munduak gainez egiten dionean gizakiari, zoramena, erlijio, drogak edo heriotza, ai ez dago bestelako aterabiderik.

Estilo zakarra, deskuidatua, landu bakoa ei zuen. Halaxe aldarrikatzen zuen Hank izengoitidunak berak aukera zuenetan. Baina haren testuak ez dira, inondik inora, diruditen bezain itzultzen errazak. Segur aski, ez dagoelako, benetan, testu itzultzen errazik. Sarritan, esaldi motz, etenak, irainez eta gordinkeriaz beteak, gaitzak baino gaitzagoak direlako, direnik eta moldakaitzenak. Itzulpen honetan Josu Lartategi, lehendik Bukowski ren poema batzuk ere euskaratutakoa —Henri Chinaski ezizena zerabilen idazleak nobela, artikuluak eta hainbat poema eder-eder utzi zituen idatzita, segur aski botila hustuen ondoan eta horien ordainez—, jatorrizkoaren estiloari eusten ahalegindu da, zor hori izaten duelako beti itzultzaileak idazlearekiko. Joskera edo esaldi batzuek atentzioa ematen dute euskaraz, batez ere menpeko batzuek, oso bakanak izanda ere; jatorrizko testua ezagutzen ez duen irakurleak nekez jakingo duela ea jatorrizkoarena berarena den ala itzultzailearen eskua. Alegia, gurata daude, ala bigarren orrazturen baten beharreko dira? Bestalde, beste hizkuntzetan bidea eginda duten erabilera batzuek, beharbada, ez dute jatorrizkoaren besteko oihartzunik lortzen euskaraz. Guztiarekin ere, liburua idazkera txarrari eskainita dagoen arren, horrek, jakina, ez du balio itzulpenerako. Itzultzaileak lan eskerga egin du, ez dauka-eta, inondik inora, txarto itzultzeko eskubiderik.

Oro har, idazleari begirunea baino, itzultzaileak halako miresmen moduko bat diola esatea dago, jatorrizkoaren estilo zakar eta itxuraz zarpaila maitasun handiz ordaindu duelako, segur aski egileak berak lazki eskertuko lioke Josuri. Izan ere Lartategik itzultzailearen helbururik behinena lortu du: irakurleari Bukowski ren unibertso prosazko ezprosaikorako sarbidea erraztea. “Adio, Xarles, dibertigarria izan duk!”.

Azken kritikak

Ttau eta biok
Joseba Esparza Gorraiz

Paloma Rodriguez-Miñambres

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Asier Urkiza

Pleibak
Miren Amuriza

Nagore Fernandez

Euskaldun fededun
Pruden Gartzia

Jon Jimenez

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Ibon Egaña

Amok
Stefan Zweig

Paloma Rodriguez-Miñambres

Hetero
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Anjel Lertxundi

Detaile xume bat
Adania Xibli

Amaia Alvarez Uria

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Paloma Rodriguez-Miñambres

Bar Gloria
Nerea Ibarzabal Salegi

Mikel Asurmendi

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Jon Jimenez

Lurpeko ezkutuan idatziak
Fiodor Dostoievski

Asier Urkiza

Gailur ekaiztsuak
Emily Brontë

Aritz Galarraga

Artxiboa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

Hedabideak