kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Estelles euskaraz / Vicent Andrés i Estellés (Gerardo Markuleta) / Bostezo liburuak, 2013

Hain kartsuki Aritz Galarraga / Deia, 2014-03-01

Baten batek irri ere egingo dit, baina boladatxoa hartu du euskarari ekarritako poesia unibertsalak. Batetik daukagu Denonartean argitaletxearen ekinaldia; oso tarte laburrean atera baititu, edizio txukun-eskuragarrian, gainera, Fernando Pessoa, Miquel Martí i Pol, Lois Pereiro eta Sylvia Plath. Bestetik daukagu Munduko Poesia Kaierak, azkenaldian gure literaturgintzak eman duen berririk onenetako bat; oraintxe kaleratuko ditu Georg Trakl, Maria Mercè Marçal eta Aimé Césaire. Eta gero daukagu sarea, ze inbentoa. Euskaratzen dituzu sei poema soilik eta deitzen ahal dizute hedabideetatik.

Boladatxo horretan koka dezakegu, baina gauza arraroxeagoa da, Estellés euskaraz. Arraroxeagoa, Paco Inclanek argitaratu baitu Bostezo izeneko aldizkari-argitaletxe valentziarrean, eta Héctor Arnaurena baita poemen aukeraketa. Lasai ez baduzue izen horietako bakar bat ere ezagutzen; nik ere ez nuen, liburu hau eskuartean izan arte. Ezagutzen nituen gauza bakarrak ziren itzultzailea, noski, eta apur batean poeta. Markuleta-Estellés konexioak aurretik funtzionatu duelako, adibidez, Literatura unibertsaleko bilduman kaleratu zen Zenbait poeta katalan poesia katalanaren antologia hartan, 1997 urrunean —aurki berrargitaratuko da hori ere, boladatxoaren beste adierazgarri bat—. Senez aldizkariaren 30. zenbakiak, bestalde, zabaldu zuen puska batean valentziarraren korpusa, 2006an. Eta orain hau, Bostezoko lagunen zorakeria maitagarri hau. Tira, literaturak tarteka ematen dizu halako sorpresa ezusteko-atseginik. Dena ez da izango negar eragilea.

Vicent Andrés Estellés, beraz, Valentziako Burjassoteko semea, literatura periferiko baten periferiako idazlea, marjinaren marjinakoa, behin ez bitan paradisutik kanporatua. Pare bat topikorekin laburbiltzearren, Valentziako poesia garaikidearen berritzaile nagusia eta Valentziak Ausiàs Marchen garaitik eman duen poetarik onena —eta euria bota du harrezkeroztik, alajainkoa—. Aurretik gurean genuenarekiko, zer aurkituko du hemen irakurleak? Bada, hasteko, poema euskaraz ineditoak, ia guzti-guztiak. Material berri-freskoa, hartara. Eta, poetaren obraren baitan, ez hain kanonikoa. Gehiago jo da bere garaian argitaragabe geratu ziren hasierako lan haietara; eta ez hainbeste geroagoko produkziora, antologoak hitzaurrean dioen bezala, “ez hain zorrotza”, baina bai, aldiz, “bihotz-altxagarriagoa eta atsegin-emaileagoa”. Hain bortizki gizatiarra sexuaren xehetasun zehatzetan —“Zuztarreraino zupatzen zenidan”, “Zuk ez zenuen atzetik nahi”, “Bularrak haztatu zituen geldiro”—. Hain biziki goiztiarra heriotzaren zorrotzaren aurreko umore beltzean —“Banan-banan altxatu ziren hildakoak”, “Hila hilkutxaren barruan zen”, “Etorriko da Herio, eta ni ez naiz ohean egongo”—. Hain kartsuki eraginkorra horietan eta gehiagotan.

Plazera da, bestela, antologia elebiduna izatea. Aukera ematen baitu, hartara, batetik bestera saltoka ibiltzeko, ez dena beti gertatzen itzulpenetan, batez ere narratibakoak direnean. Hala, hobeki prezia dezakegu Gerardo Markuletaren jardun ona, katalanetik euskarara aritzen den itzultzaileen artean puntakoena dela berretsiz. Edizio arraroxe bat, finean, zehatz nondik-nora-nola erori den ez dakiguna, baina euskarari ekarritako poesia unibertsalaren boladatxoaren baitan, gurean geratzeko asmoz ailegatu dena.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak