kritiken hemeroteka

8.417 kritika

« | »

Aiztoa eta arkatza / askoren artean / Txalaparta, 2013

Inplizitu eta esplizitu Mikel Asurmendi / Berria, 2013-12-08

Letrak irudiaren sormen euskarriak dira; idazleak, berriz, letrak elkarren segidan paratuz, poemak, ipuinak edota nobelak osatzen dituztenak. Irati Jimenez idazleak idaztearen gaineko —idazle andanaren— aholkuak bildu ditu, eta idazteko auto-laguntza gida hau osatu. Aiztoa eta arkatza liburu bitxia opatu digu literaturaren menturazaleoi, eta bereziki idazlearen bidea urratu gura duenari.

Literaturaren ezaugarrietako bat irudia da, irudien sormena da letren dohainetako bat. Helduentzako literatura liburuak ilustraziorik gabekoak izaten dira, azalaren irudia izaten da bakarra, eskuarki. Honako honek, aldiz, zenbait ilustrazio dakar, Antton Olariaga trebatuak marraztuak. Norberaren irudimenak berezko irudiak sortzen ditu. Aizkora marraztu du irudigileak; aiztoa eta arkatza aizkora dira bere irudimenean. Harkaitz Canok, idazle trebatua hura ere, Laprast edo Proust sar-hitza ipini die literatura unibertsaleko idazle kontsakratuen aholkuei. Hark ere aholkuak ekarri dizkigu: 1) Hitzaurreak ez irakurri, diosku. Ordea, aholkuak —arauak eta aginduak legez— desobeditzeko daude, eta hala egitea haizu jo ere. 2) Gorka Bereziartuari idazkurle neologismoa hartu dio maileguz, idazleak ez baitu izaterik irakurle izan gabe. 3) Liburuak ez dakar Marcel Prousten aholkurik, baina laprast egitea saihesteko Proust aintzat hartzea aholkatzen dio idazle bilakatu nahi duenari. Le mot juste edo ele doia erabiliz, alegia. 4) Hitzaurreak estiloari, tonuari eta erritmoari aipu egiten die inplizituki eta esplizituki: laprast edo Proust.

Inplizitu edo esplizitu idaztearen arteko teman aritzen da idazlea. Lantegi latza da harena. Idazleak berezia behar du, bereizi bizi eta lan egin behar du, baina, halaber, idaztearen lantegian parte hartzen duten beste egileak aintzat hartu behar ditu: editorea, zuzentzailea, diseinatzailea, baita kritikaria ere. Idazleak arkatza zorroztu behar du, eta aldi berean, eskuak ez mozteko, arkatza zorrozteko behar duen aiztoari adi so egin behar dio.

Aholkuok aintzat hartuta ere, idazle izan nahi duenak alferrik baliatuko ditu guztiak, horietako asko berez baitira kontraesankorrak. Aholkuak aintzagarriak dira, eta arauak, urragarriak. Idaztea kontraesanen bidean abiatzea da. Idaztea iradokitzea da, bizitzeko era eta jarrera.

Beste sortzaile andana baten aipuak ere badakartza liburuak. Sormen prozesuan inspirazioaz, blokeoaz, estiloaz eta kritikaz artegileek dituzten aburuak dira. Idazle-gaiak ezagutzen du Picassok inspirazioaz zioena. Stephen King-ek honela dio: “Idazle hasiberriak eseri eta inspirazioaren zain geratzen dira. Besteok altxatu eta lanera joaten gara”. Blokeoa hizpide, “lehen paragrafoa da zailena”. Ez etsi. Frank Yerbyk hauxe dio estiloaz: “Eleberri on bat aiztoarekin egiten da, ez arkatzarekin”.

Kritika da, baina, idazle arraskatsua bilakatu nahi duenaren kalbarioa. Lasai, idazle berri hori, aholkuen artean honako hauek aintzat hartzea gomendatzen dizut: “Kritikari batek irakurri duen liburua soilik kritika dezake, ez idazleak idatzi duena”. (Mignon Mclaughlin). “Kritikariak haren bateko eunukoak dira: badakite nola egiten den, ikusten dute nola egiten den baina ezin dute egin”. (Brendan Behan).

Idazle izan gura duzun horrek, idazten hastearen emozioa, bilatzearen dardara eta amaitzearen gorakada esperimentatzeko nahikaria baduzu —Jimenez parafraseatuz—, liburu honek argitu diezazuke bidea. Kritika honek Durangoko Azokaren azken egunean ikusiko du argia, bertan eskura dezakezu. Osteratzean, lasai, biharamunean ere eguna urratuko du.

Azken kritikak

Hetero
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Nagore Fernandez

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Asier Urkiza

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Jon Martin-Etxebeste

Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak