kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Heriotzaren ataria dugu bizitza / Hartzabal - JosAnton Artze / Elkar, 2013

Ibai izoztuen hondoan Igor Estankona / Deia, 2013-12-07

Joxan Artzek bi poema liburu kaleratu ditu, “Ortzia lorez, lurra izarrez” (Elkar, 1987) antzinakoari segida emanez: “Heriotzaren ataria dugu bizitza” eta “Bizitzaren atea dukegu heriotza”. Hauek atondu arte igaro ditu zenbait basamortu poetiko, eta ibili da berbak topatu ezinik. Azken urteokaz baina, uholde itzuli zaio ibaia, urtu zaizkio hatsaren izotzak. Zazpi liburukik osatuko duten lan mardularen hasiera baino ez da hau. “Heriotzaren ataria dugu bizitza” da lehen lezioa, alabantza, kantua. Atzean geratuta ez da ibili, ez, zentzu originalen poeta. Lirikaren inguruko debateari jarraipena egin dio behintzat, eta Argian Iñigo Astizek poesiaren ustezko heriotzaz idatzi zuela profitatuz, berak dio poesia ez dagoela hilda, egotekotan poeta dagoela hilda, esanezina esateari uko eginda eta entzunezina aditzeari utzita. Liburuaren laburpena da horixe, edo beharbada Artzeren ahalegin artistikoaren sintesia: esan ezin dena biltzeko ahalegina; entzun ezin dena bereganatzeko medioa.

Liburuko orrialdeak launaka itsatsita datoz, labanaz banatu behar dira. Ale bakoitza da horrela inperfektua, bakoitzarena. Poema bakar luze bat osatzen dute pieza labur indibidualek. Existentzialista mistiko moduko baten arnasaldi sakon bat begitandu zait, anitza baina trinkoa.

Hil ostean biziko ote garen? Ez itaundu biziko ote garen hil-ondoan, itaundu ea bizi garen bizi garen artean. Laguntasuna behar dutenekin bizi gara? Amarekin bizi gara, gauzekin bizi gara? Ez dugu ikusten begien bistakoa-eta, bistan da ez garela bizi geure buruekin bat. Horra liburuaren klabeetako bat, alegia, begiratu eta ikusten ez dugunon zapia kentzen lagun dezakeela poesiak: “Bi begi argi / hor dituzu aurpegian dizdizari, / argi baino argiagoak berenez… // baina zein baino zein itsuago, / ez dakizulako, ez dituzulako // ilhunbea ikusteko besterik, / ene! Begiez dakusazuna ikusteko besterik ez…!”.

Poema erdi zirriborratua dirudi poema bukatuak ere: geuk bukatzen dugu geure durunduarekin. Nire baitan anplifikatutako isiltasunak eta elurraren marmar zuri ia entzunezinak hunkitu naute. Forma esanahitik askatuak hurreratu nau, Artze irakurtzen dudan aldiro legez, gauzen egiara: “Ortzia bitxilorez / ala lurra izarrez… // Edo izar loratuak / ala lore izartuak / nekuskien, / egia esan, / nik ez nekien… // Zein da hori bereizteko gai…? // Ez ni behintzat / ene maitearen begietan!”. Negar egin daiteke liburu honekin, eta ez jakin zergatik. Bere bitartez entzun daitezke isilarazita dauzkagun ibaiak izozpean: “Gauzak direa hitz egiten ez dutenak, edo gu, haiek diotena ulertzeko gauza ez garenak?”. Batzuetan Artzek berba handiak darabiltza. Heriotza, amatasuna, maitasuna. Beste batzuetan irudi sinpleen bitartez deskribatzen digu une bakan bat eta beronen baitan kondentsatzen den eternitatea. Elurra, beleak, eguzkia. Denek osatzen dute finean diskurtsoa, denek daroate jakintzara, bizitza partikularra munduaren historiarekin gurutzatzen den leku baketsu horretara.

Ez da erraza azaltzen. Liburu batzuk kritikatu daitezke, analizatu daitezke. Beste batzuk irakurri egin behar dira bihotz-begiekin. Lanbroak ezkutatzen dizkigun bazterrak ikusten hasten garelarik poeta ez baita jada medioa baino maitasunarena. Poesia bihurtzen da iturri zahar agortezin bateko ur freskoa.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak