kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Inurrien hiztegia / Mariasun Landa / Pamiela, 2013

Alegia labur eta satirikoa Alex Gurrutxaga / Berria, 2013-07-21

Traiektoria luze eta oparoko idazlea da Mariasun Landa, hainbat aldiz saritua (tartean Euskadi Saria eta Espainiako Sari Nazionala) eta gure idazle itzulienetakoa (gutxienez bere dozena eta erdi obra itzuli dituzte hainbat hizkuntzatara). Haur eta gazte literatura deiturikoan jardun du nagusiki, eta helduentzako lehen lana gaztelaniaz argitaratu zuenez gero, hauxe du lehen euskal obra espreski helduentzat idatzia.

Apustu interesgarria da Landarena, genero zinez konplikatuari heldu baitio Inurrien hiztegia-n, mikroipuinari hain zuzen. Mikroipuina, genero moderno gisa, oso gaztea da. Egia da aspaldidanik daudela kontakizun oso laburrak literatura unibertsalean (bestiarioak, glosak, ahozko ipuin eta pasadizoak, izkirimiriak, eta abar), baina mikroipuinen loratzea XX. mendean gertatu zen. Ezinbestean aipatu beharreko egileak dira Borges, Bioy Casares eta Cortazar. Gurean, berriz, hor daude Miranderen ipuintxo beltzak, eta berrikiago Sarrionandiaren, Linazasororen eta Zalduaren testu laburrak. Baina guztien artean mentore bat aitortzen du Mariasun Landak: Augusto Monterroso.

Bereziki Monterrosoren La oveja negra y demás fábulas lana usaindu daiteke Landaren orrion atzean, han bezala hemen ipuinak alegiak direlako eta, beraz, animaliak direlako protagonista nagusiak. Inurriak pertsonifikatuta ageri dira, eta istorioak giza ekintzen alegoria bezala ulertu behar dira. Hain zuzen, 50 mikroipuinek gizartearen erretratu zabala osatzen dute haren hainbat alderdi hizpide hartuz. Maiz gertaera txiki edo anekdotiko bat da ipuinaren klabea, eta puntu horretatik abiatzen dira irakurketa posibleak. Hala ere, esango nuke ipuin zenbaitek ez duela garaitzen anekdotaren maila eta irakurketa posibleen horizontea ez dela oso zabala. Urri, eskas gera dakiokeela irakurleari hainbat ipuin alegia.

Estilo aldetik, Landak erabili dituen kontamoldeak klasikoak dira nagusiki. Esaterako, hainbat ipuinek du ipuin tradizionalen egitura: planteamendu egonkor bat dago hasieran, eta gero aldaketa sartzen da, “baina egun batean” eta “eta enegarrenean…” gisako formulekin: horrelakoak dira Arte, Baja etaGenealogia. Bestetik, testu orotan bezala, mikroipuinotan ere amaierak klabeak dira, gehienetan hor baitago eztena, paradoxaren mamia edo puntu ironikoa, eta esango nuke ipuin batzuek amaiera borobila dutela; adibidez Jakinduria, Literatura eta Zahartzaro izenekoek. Baina, oro har, liburuaren bertute nagusia daukan tonu batasuna da, erdi satiriko erdi umorezkoa, paradoxaren eta kritikaren artean dabilena.

Amaitzeko, Inurriatzea epilogoaz ohar pare bat egin behar dugu. Egia da idazleak pista zuzen zenbait ematen duela bertan, esate baterako testuan dauden paradoxa, ironia eta satira aipatuz; alabaina, ez dut uste beharrezkoa denik idazleak bere obra nola irakurri behar dugun esatea, bera idazlea baita eta irakurleak gu. Hain zuzen, autojustifikazio itxura du epilogoak; begira esaldi honi: “Baten bati bururatzen bazaio hiztegi ez den hiztegi honetan laburtasuna eta izerdia kontrajarriak direla…”. Jakina, autojustifikazioa ez dago berez gaizki. Ene ustez, zuzena ez dena da autojustifikaziotik haratago joatea: adibidez, esaten zaigu liburua fast literature gisa irakurtzen bada ez dela testuaren errua. Hein batean ados nago, eta egotz dakieke ardura Postmodernitateari edo irakurleei, baina erantzukizun nagusia testuarena da, handik sortzen baita efektu estetikoa, eta hari baitagokio irakurketa pausatua eta sakona eragingo duen arnasa lortzea.

Neuk Inurrien hiztegiako ipuin askotan sumatu dut arnasa horren falta.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak