kritiken hemeroteka

8.496 kritika

« | »

Odolaren sua / Irene Nemirovski (Jose Antonio Sarasola) / Alberdania, 2012

Sugar bizi-ezkutuak Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2013-05-19

Nemirovskiren lan gehienak bezala, paper artean galduta agertu zen Odolaren sua. Dirudienez, 1942an, idazlea atxilotua izateko zorian zegoela bere argitaratzaileari “landa giroko tragedia” hau eman zion. Paper artean eleberri oso bat zegoela ohartuta ere, XXI. mendera arte literatur munduak ez zuen aurkikuntza garrantzitsu honen berri izango.

Kontatu nahi izan den istorioaren garapen prozesuari erreparatuta, eleberria hiru zatitan bana daiteke.

Lehen zatia deskriptiboa da, tonu erraz eta naturalista batean garatua. Narratzailea, lekua (Errota Berri), garaia (1930eko urteen hastapenean) eta pertsonaiak kokatzeaz arduratzen da. Lehen pertsonaren erabilerak irakurketa norabide desberdinetara bideratzen du: baliteke, narratzaileak berak ikusi eta gogoratzen duenaren lekuko zuzena bilakatu nahi izatea irakurlea, besterik gabe, gu eta istorioarekiko urruntasun maila txikitu nahian. Baina, zilegi izan daiteke ere, narratzailearen teknika honek istorioaren garapen prozesuan ustekabeko eragina izatea. Hauxe bera, amaiera arte argituko ez den misterioa izanen da. Edozein kasutan, narrazioaren erritmoa motela da. Landa munduari eta, hortaz, ziklo naturalei lotutako kontakizun lineala izango da lehen zati honetan aurkituko duguna.

Bigarren zatian, Jean Dorin ehortzi zuten martxoko “egun hotz eta euritsu hartan” kokatzen gaitu (52. or). Momentu horretatik aurrera hastapeneko linealtasuna desagertuko da, landa giroko Frantzia tradizionalaren barne hipokresiari bidea zabaltzeko.

Pertsonaien arteko erlazioa konplikatzen hasiko da eta, orduan, ulertuz goaz zein den hainbeste deskripzio eta iraganeko oroitzapenen arteko nahasketaren funtzioa; garaiko panoramika bat eskaintzeaz gainera, “errautsen azpian ezkutaturik” (148. or) eta pertsonaientzako mingarriak izango diren gaztaroko konfesioak azaleratzea, narratzailearenak barne.

Horrekin eusten diogu eleberriaren hirugarren zatiari. Hemen erabateko analepsia egiten da pertsonaien gaztarora; I. Mundu Gerrako pasadizoak, maitasun ezkutuak, senar-emazte bilakatu dituzten gogoz kontrako ezkontzak eta, nola ez, ustekabeko amaiera.

Foiletoi gisara eratua dirudienak eleberri modernoaren itxura hartzen du. Odolaren sua “gazteriak bizitzako erdi ilunpean egiten duen abenturazko bidaia hori da”. Bizitza guztia odol kolpeka eratzen da, eta behin heldutasun arora iritsita soilik “egin dezakezu hondamenen balantzea” (148. orr).

Azken kritikak

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi

Mikel Asurmendi

Dolu-egunerokoa
Roland Barthes

Asier Urkiza

Guardasol gorria
Lutxo Egia

Nagore Fernandez

Zero
Aitor Zuberogoitia

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak