kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Intemperies (babes bila) / Lourdes Oñederra / Erein, 2013

Bizitza ikergai Ibon Egaña / Deia, 2013-05-18

Eta emakumeari sugeak esan zion plazaratu eta hamalau urtera dator Lourdes Oñederraren bigarren eleberria, Intemperies. Babes bila. Ez da nekeza irudikatzen harrera beroa jaso eta aldi berean kanonaren inguruko eztabaida pizterainoko arrastoa utzi zuen opera primaren ostean bigarren lan bat argitaratzeak sor dezakeen bertigoa. Ustekaberako tarte gutxi uzten duen eleberriarekin apurtu du Oñederrak isiltasun luzea, lehen eleberrian dagoeneko sendoa, pertsonala zen ahots narratiboa eta mundu-ikuskera are sendoago erakusten du bigarren honetan.

Luzia hizkuntzalaria da eta herentzia bat jaso ostean irakaskuntza utzi eta haur afasiko baten, Evaren, kasua aztertzen hasteak ematen dio parada MadrilenVictor neurologo alarguna ezagutzeko. Elkar ezagutzen dutenetik Victor Donostiara Gabon eguna pasatzera etorri artean igarotako urte eta erdia du kontagai nobelak. Denbora da narrazioa egituratzen duen elementua, eleberriari ordena eta batasuna ematen diona. Pertsonaiak dira, baina, egiazko protagonistak (tautologia zilegi bada); Luzia batez ere. Ez etxean ez Madrilen sosegurik aurkitzen ez duena, bakarrik ezin, baina bikote harremanean ere nekez bizi daitekeen flâneuse garaikidea, hiriko jendetzan bakardadea bilatzen duena eta 50 urteen talaiatik denbora joanari eta etorkizunari larriduraz begiratzen diona.

“Arrazionalegia zera” esaten dio Victorrek Luziari nobelaren pasarte batean, eta “-egi” gorabehera, eguneroko keinu edo hitzen zergatia, arrazoia, bilatzen duen ikuspuntu narratiboa da Oñederraren eleberri honen alde erakargarrienetakoa. Harreman heterosexualen deskribapen eta behaketaz gain, gizon-emakumeen ekintza eta pentsamenduen zergatiez galdetzen duena, bizitza arrunta ikerketa-gai duen ikuspegia. Arrazionalizazio-nahi horretan hizkuntzak duen rol ezinbestekoaz jakitun, hitzekiko arreta ia obsesiboa du Oñederraren prosak ezaugarri nahastezin. Hitzei begiratzera behartzen du irakurlea maiz, eten bat egin eta esandakoa errepikatuz, edo hitz bakarrari paragrafo osoa eskainiz.

Hizkuntzarekiko jakinminak darama, orobat, idazlea afasia kasu bat nobelan aztertzera. Alabaina, alderdi linguistikoaz gain, gurasoak hil dizkion atentatu baten ondoren afasiko geratutako Evaren kasua, bigarren planoan egon arren, presentzia ia fantasmatiko bat da nobelan, halako ezinegon eta tentsio bat eragiten dituena (interpretazio sozio-politikoez gain). Absentzien eta isiltasunen pisua handia da eleberrian (Eva, Julia, Martin), eta horrek parada ematen dio egileari memoriaz eta ahanzturaz, gogoratu nahi eta ezinaz, ahaztu behar eta ezinaz edo heriotzaz gogoeta egiteko. Era berean, eleberri osoa zeharkatzen duen beste gai obsesibo bat plazaratzeko aitzakia ere bada Evarekiko Luziak duen harremana, hots, amatasunarena. Luzia pertsonaia bezala, amatasunaren gaia bere anbibalentziekin, kontraesanekin eta bere konplexutasunean irudikatzen da eleberrian, gauza asko esan gabe iradokiz.

Nobelaren bertute nagusienak (hizkuntza, estiloa, ahots pertsonala, gai zenbaiten trataera obsesiboa) uneka nobelaren beraren kontra bihurtzen direla iruditu zaio irakurle honi (formari zein xehetasunei jarritako arreta batzuetan gehiegizkoak azalean geratzea ekarriko balu bezala). Edonola ere, mundua ahots propioz izendatzeko gai den nobela interesgarria iruditu zaio Intemperies.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak