« Irudien unibertsoa | Literatoaren biluzte emozionala »
Hormako paper horia / Charlotte Perkins-Gilman (Ana I. Morales) / Edo!, 2012
Itolarriari planto Goizalde Landabaso / Deia, 2013-04-06
Charlotte Perkins-Gilman (1860-1935, AEB) ez da oso ezaguna Europan. Ameriketan, berriz, oso ezaguna izan ez eze, irakurria ere bada. Emakumeen eskubideen aldeko aktibista, hizlaria, idazlea… aurpegi eta zeregin asko izan zituen Perkins-Gilmanek. Desgaraian jaio zela pentsatu dut hasieran. Gero, ordea, sakonago pentsatuta, aldatu dut ideia. Bera bezalakoei esker emakumeak aurrera egin zuen, eskubideak irabazten joan ginen. Beraz, aitor dezagun, zegokion garaian jaio zen. Baina latza izan zuen borroka. The yellow wallpaper, alegia, Ana Moralesek (1969, Bilbo) euskaratutako Hormako paper horia, bere narraziorik ezagunena da, eta bere bizitzako une lazgarria kontatzen du. Garaiko beste emakume askok bezala, bizi izan zuen infernuaz aritzen da hor. “Orain bizitza askoz ere kitzikagarriagoa da, orain badaukat zeren zain egon, zeren irrikaz, zeren zelatan”.
Lehen pertsonan idatzia, depresioak jota dagoen emakume baten etxeko giltzapea kontatzen du. Giltzapea, barruko barrunbeetatik kontatutakoa da. “Ez daukat inor nire lanaz aholkurik edo laguntasunik emateko, eta jausi egiten zait bihotza horregatik. Johnek dio, ondo osatzen naizenean, Henry lehengusuari eta Juliari esango diegula bisitan etortzeko, baina orain errazago ipiniko lizkidakeela suziriak burkoaren azpian, jende bizigarri hori nire ingurura ekarri baino”. Asmatutakoa da pertsonaia, baina Charlotte Perkins-Gilmanen bizitza apur bat ezagutzen duenak badaki, jakin, Charlotte asko dagoela lerro artean. Erditu ostean depresio sakonean jausi zen Charlotte Perkins-Gilman, eta orduko medikuntza joerari jarraituaz, etxean giltzapetu zuten idazlea. Ezin zuen idatzi edo irakurri, ezin zuen solasaldietan murgildu, ezin zuen berbaldirik eman. Horixe zen sasoiko medikuntzak emakumeak baztertzeko erabiltzen zuen bidea. Gizartetik atera. Charlotte Perkins-Gilman ere gizartetik atera zuten. Sasoi batez behintzat.
Irakurketari ekiten diozunean berehala sartzen zara hormako paper horia duen gelan. Itogarria egiten da protagonistaren burua, oxigenoa kendu egiten dizu egoerak. Liburua irakurtzen ari nintzen bitartean neure buruak lau horma horiek bilakatu zituen etxeko gelak. Isiltasun herdoilduko gelan osterantzeko soinuak entzuten hasten zara. Paperagaz komunikatzen hasten zara, eta ulertu egiten duzu Charlotte Perkins-Gilman. Eta horia, kantu bat bilakatzen da, edo beharbada forma anitzeko irudi bat, edo buruaren sakon-sakonean dagoen izaki bizia. “Azkenean, gauza bat deskubritu dut. Gauez, zaintzearen zaintzeaz, hainbeste aldatzen denean, azkenean aurkitu egingo dut. Aurreko marrazkia mugitu egiten da… ez da harritzekoa, atzean dagoen emakumeak astindu egiten du eta!”.
Edo! argitaletxeak kaleratutako Xortak saileko lehenengo argitalpena da. Egilearen narrazioarekin batera, osteko berbarako utzi dute lanaren azterketa akademikoagoa edo sakonagoa. Saioa Ruizek eta Amaia Serranok idatzitakoa da: Hormako paper horia: Teilatupeko emakume(ar)en isileko garrasiak. Osterantzeko informazioa ematen du honek, esan bezala, akademikoagoa da, baina aldi berean interesgarria.
Eta irakurketak merezi du, izan ere, narrazioa, idazlea eta garaia ulertzeko oso aproposa da. Atzeko berba utzi dute, eta beldur naiz askok narrazioa amaitu ondoren ez ote duten bazter utziko. Beraz bihoakie nire gomendioa: irakur ezazue. Narrazioa irakurri ostean itzultzaileak ematen du ahoz entzuteko aukera. Xerezaderen artxiboa izeneko webgunean, Ana Moralesek narrazioak, poemak, gutunak edota ipuinak irakurri ohi ditu. Bertarako euskaratu zuen Hormako paper horia, eta hortaz, irakurri ostean entzun nahi duenak Xerezadera egin dezala jauzi.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres