kritiken hemeroteka

6.908 kritika

Azken kritikak

« | »

Atzerri / Mikel Antza / Susa, 2012

Atzerri Iñigo Roque / Volgako Batelariak, 2013-01-08

Ibanek [Zalduak] testuan dio zutabe batean [Berria egunkarian] “zintzo”tzat jo nuela Antzaren eleberria, eta kategoria horrek ez duela lekurik fikziozko lan batez aritzean. Nire zutabe horretan, ordea, “zintzoa” eta “ahaltsua” zela nioen. Ahaleginduko naiz zehatz azaltzen nolakotasun bi horien zergatikoa, ez bainituen alferrik erabili testuaren edergarri (bide batez: Antzaren eleberriaren erreferentzia adibide bat baizik ez zen).

Alde batetik, zintzotasuna dugu. Zaldua zuzen da zintzoren erabilerari desegoki iriztean lana fikziozkoa den aldetik, baina benetan ba al da fikzioa (edo fikzio hutsa)? Eleberriaren ernamuina Zalduak berak idatzitako beste Hirudi bat ei da, kartzelan isolamendu-blokean dagoela egunkari zarratatu batek dakarkiona Antzari, kartzela baita idaztokia, kontalariak zurian beltz egiteko darabilen eremua, eta, bide batez, eleberri osoaren bilgarria.

Hasierako ataletan kontalaria Mikel da, eta bere ageriko bizimoduaz dihardu: Argiako lana eta lagunartea; familia; neskalaguna… Eta iradokitzen du nola sartzen den harremanetan erakundearekin, baina oso lauso. Irakurleak irakurri nahi luke nola lagundu zien Sarrionandiari eta Pikabeari kartzelatik alde egiten; ez du horren aztarrenik aurkituko, ordea. Gerora, burkideek milatan eskaturik ere ez dio inori xehetasunik emango ihesaldiaz, eta pentsa liteke totem moduko bat dela, tabu bat, inondik ere. Lineal samar doa dena hasiera horretan, eta sasian ematen dituen lehenbiziko denborak ere halatsu (aukera egin beharra dago lexikoan, eta nik ezker abertzaleko ohiko moldeak erabiliko ditut: erakunde, burkide, sasi…).

Batek baino gehiagok esan didate hasiera hori berealdiko dela, bizi-bizia, baina daukat irrits horren eragile nagusia ez ote den morboa, morbo historikoa edo hainbeste urteren ondoren gertakarioi atxikitako goroldio distiratsua.

Hurrena Pariseko garaia dator, eta pertsonaia oraindik da Mikel, ohiko bizimoduari eusten ahalegintzen dena, lan militantetik sasian irautea ia besterik ez duena. Alegia, ikasle arrunt baten bizimoduan ditugu ia Mikel (pertsona) eta Mikel (pertsonaia): lagunartea, kontzertuak, unibertsitatea, maiteminak… Zenbat urte zituen, bada, orduan?

Eta, orduan, inflexio-puntua dator. Frantzia etakideak kanporatzen hasten da. Zurrunbilo batek eramaten du itxurazko normaltasun hori, eta ezkutuago gordetzera egiten dute Mikelek eta haren kideek. Gisa berean, Mikel eta Mikelek askatua (Sarrionandia) bereizi egiten dira, nahiz ez ditugu inoiz elkarrekin ikusiko narrazio osoan. Mikel geratu egiten da, baina ez du horretarako azalbide heroikorik edo engaiamenduzkorik aukeratzen. Etxetik ez urruntzearren geratzen da, eta ez doa putzuaz bestaldera. Horrenbestez, idazle izateari uzten dio, Mikelek libratutako galerianoak ez bezala: hark lekuak husten ditu eta idazteari atxikitzen zaio (Sarrionandiaren esanetan, idaztea izan da inoiz egin duen gauzarik duinena; buruz ari naiz eta “duin” barik beste izenondoren bat erabiliko zuen beharbada).

Eta, hara, Mikel aienatu egiten da: autobiografia zirtzildu, eta elemenia bat ezizenek hartzen dute liburua. Alde batetik, horrek erabat fikzionalizatzen du kontakizuna, eta, bestetik, urtu egiten du pertsonaiaren nortasuna. Elipsiak ezin kontatuaren erakusgarri dira, jauzi bakoitzak beste izen bat baitakarkigu. Erakundean izenak aienatu egiten dira, eta pertsonak (bur)kide bihurtzen, eta batzuetan ez dakigu xuxen lehengo Mikel den Ingalaterran agertzen dena edo Frantziako txokoren batean, edo beste kide batez ari den idazlea. Ederki islatu du hori Antzak.

Kartzelako pasarteak tarteka agertuko dira, baina egiantza galduta, nahita, erredentzio-bide bat erakutsi arte. Mikel gaur ere preso dago (edo dute), baina liburuan askatasunerako bidea aurkituko du, eta, hala ere, presondegitik aterata ere preso egongo da etxe zahar batean, bakarrik (preso, beraz), eta, hara, idazteari lotuko zaio bakarraldi horretan; saiatuko da beti egin nahi izan duen horri berriro heltzen.

Beude hor zintzotasunarekikoak, dagoeneko luzetsita izango baitzarete, eta etor gaitezen ahaltsu izate horretara.

Lehengaiak egiten du berez ahaltsu narrazioa. Berunezko garaietatik gaurdainoko historiak ematen diote ahalmen hori eleberriaren ekaiari, sufrimendu ikaragarri horrek. Eta inor ez dago salbu horretatik. Ibanek bitarte horretako hainbat gertakariren hutsunea igartzen du, hain zuzen, erakundeak eragindako sufrikarioari dagozkionak. Zirrara hori eragin dio isiltasun horrek; zimiko hori egin dio sabelean. Horra narrazioaren materialaren ahalmena: berezkoa du inor epel ez uztea.

Horretan, Mikelek ez du ahaleginik egiten ikuspegi aldebakar hori mozorrotzeko, eta gerran dagoenaren egiak bihikatzen ditu, denok dakigun arren (Sarrionandiak ere behin idatzi zuenez) gerra piztean egia dela lehenbizikoa atetik ateratzen. Gatazkaren gorrian nahasitako batek zer besterik egin lezake? Eta, berdin, irakurlearen ikuspegitik: zer besterik pentsa lezake herritar arrunt batek? Denok izango genuen iritzirik ETAren jardun armatuaz, ezta?

Amaitu aurretik, iragarle-plantetan jarriko naiz: irudipena dut zerbait berri ekarri digula eleberriak, ezkutuan egondako ahots bat, ezin esanezko esan bat. Ez dakit maisulantzat har daitekeen, ez dakit lana guztiz umoturik dagoen, baina uste dut askoren heziera sentimentalean izango duela eraginik. Benetan.

Azken kritikak

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Peru Iparragirre

Kaliforniatik bihotzez
Joseba Gabilondo

Aritz Galarraga

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Ibon Egaña

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Begoñaren itzalpean
Jose Inazio Basterretxea

Mikel Asurmendi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Aiora Sampedro

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Joannes Jauregi

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Estibalitz Ezkerra

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Javier Rojo

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Peru Iparragirre

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Itzulera
Martin Bidaur

Hasier Rekondo

Ametsondoa
Peru Magdalena

Javier Rojo

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Hedabideak