kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Saski bete intxaur / Patziku Perurena / Alberdania, 2012

Basoaz eta hiriaz honatago Mikel Asurmendi / Berria, 2012-11-18

Baso aldetik heldu zaigu saskia, intxaurrak dakartza ausarki, baita bederatzi ahurkada hur ekarri ere. Ezalditan bilduak izanagatik, are estimagarriagoak. Alberdanian bildu ohi ginen giza abereoi espiritua maskaldu zaigula oroitarazi digu berriz ere, Goizuetatik Leitzara bideetan errotutako apoak.

Intxaurrak eta hurrak mastekatu ditut, eta saltzaile ijitoaren modura heldu nauzu nihaur ere, mozkorraren egia ekarri baino, hipokritaren erretorikaz mozorrotutiko saltzailearen gisara.

Erran gabe doa (alta, erraten dugu. Horra gure erretorikaren lokuzio adierazlea), Patziku Perurenaren uzta biziki oparoa da. Haren emariak naharo dira. Inoiz neure buruari egindako galderen arrapostuak ere ekarri dizkit. Adibiderako, gura eta gula hitzen jatorriaz ari zaigu funtsez eta artez. Baita gure asko eta erdararen asco hitzen jatorri —posible— bera ederki azaldu ere. Txiste tzar hau berritu izan ahal dut hari esker: pertsonok asko+ eman ahal dugu, baita asco* eman ere aldi berean. Halaber, izan gineneko abere haien joarearen hotsa aditzera ematen digu saiogile poetak. Abere ginenekook lotzen gintuzten hedeen (h)arieran irakaspen ederra: giza gorrotoaren hedeak estututa, pozaren hedeak laxatuz bizitzera kondenatuta gaude giza abereok.

Perurenaren askara hurbildu eta iturri zaharretik heldu den ur berria edan dezakegu behin eta berriz. Ur berria izaki, hotza da. Eta are hotzago infernuan bizi garenontzat. Izan ere, idazleak dioenez, hiri —handiak— denak dira infernu. Goizueta-Leitzako apoak tragoxka-tragoxka zaputza sarrarazten digu. Pertsonok, suma eta sena galdutako piztiok baino ez garela diosku, itxurak engainatuak.

Ordea, nola izan euskaldun, nola giza abere hura, hiri-infernuan jaio eta abere izan gineneko lur hura apenas haztatu dugunok? Bestera: nola bilakatu espiritu erneko apoak, farolak baino kaletarragoak garenok?

Horra saskia hustu ondorengo hauek:

Basaburutik hiria ikusten da, hiritik berriz Basaburua nekez. Hirian bizi eta basora bisitaz joatea ez da aski, bertako sena eta suma berreskuratzeko. Ados. Baina, basotik hirira itzuli azkar eginez ere nekez suma daiteke hiri- infernuan giza-abereen kasta gabekook jende —nor— izateko ondu behar dugun sena. Konparazionera, hiria, apoak dioenez, kasta galdutako bertsolarien, psikologo-psikopaten, maritxuen eta feministen bilgune baitugu. Aporik apenas dagoen hirian, ordea.

Moralista klasikoak ditu gogokoen nafar basoetako apoak. Gizakiok gure superstizio handienetatik libratu behar dugu, geure errorik xaloenetara bihurtzeko. Akort neroni ere horretan, moralista klasikoak ongi ezagutu ez ditudan arren.

Irakurriz eta idatziz salbatuko omen gara, diosku Perurenak; literatura biziari darion atsegina dela. Lagunik onenak, arimarik argienak, bihotzik zintzoenak liburuetan ezagutu dituela erran ere. Gil Beraren, Sarrionandiaren edota Linazasororen liburuetan, konparazione. Alta, liburu horien egileok bere lagunik onenak bihurtuta ere, ez liokete liburuek ematen dioten poza emango.

“Ongiaz eta gaizkiaz haratagoko” baso ugariari ez omen diogu sumaren eta senaren zipitzik hartzen. Bat nator apoarekin. Hala ere, literaturak ontzen ote du jendea? Nago literaturak ez duela pertsona jende bihurtzen. Literaturak ez du jendea hobetzen! (Horra hor, nire moral maskala!). Gurean ere, literaturak ez du literatura sektak sortzen eragozten. Ongiaz eta gaizkiaz haratagoko espiritua ernatu behar dugu, baiki, baita hiriaz eta basoaz honatago ere.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak