kritiken hemeroteka

6.866 kritika

Azken kritikak

« | »

Moroak gara behelaino artean? / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 2010

Izkiriaturik aurkitu dudan ene saiakera Mikel Asurmendi / Irunero, 2012-01

Moroak dira Joseba Sarrionandiaren saiakera honetako protagonistak. Moroak baina, euskaldunok izan gaitezke. Izan ere, “gure” historiari buruzko lan erraldoian, idazlearen aburuz, pertsonok sorrarazitako “epiteto” moduko bat da moroa. Alegia, guk moro deitzen dugunak ez baitio bere buruari moro deitzen.

“Afrikarik gabe nik ezingo nuke neure burua esplikatu” esan ei zuen Francisco Francok. Gure historia Francorenaz harago doa, baina euskaldunon historia ez da ulertzen diktadorearena ezagutu gabe. Euskaldunok ere, beraz, zentzu horretan “moroak” gara.

Liburuaren titulutik beretik itauntzen digu iurretarak: Moroak gara behelaino artean? Itaunketaren abiapuntuan, abizen eta jatorri bereko Pedro Hilarión fraidearen —ez haren bakarrik, noski— peskizan “gure” historiaren berealdiko azterketa egin du egileak. Galdera baina, Miguel de Unamunoren Salutación a los rifeños poematik hartu du “gure” poetak. Sarrionandia saiogileak baina, beste galdera batez laburbildu du liburuaren tituluaren muina: “Ez ote dira Unamunoren berbak, poesia inperialistaren eredu hari, herri umeen (sic) aldeko erantzuna?”. “Umeen” dioen tokian “xumeen” erran nahi duelakoan nago. Dena dela ere, liburuaren muina hortxe dago.

Prefosta, tituluaren galderari ezin zaio galdera batez erantzun, alabaina, saiakera honen eta oro bat literaturaren muina galderak planteatzea da. Sarrionandiak galderak ezezik, “gure” historiaren lanketa sakona egin ostean, gaur egungo munduaren bilakabideari buruzko bere ikuspuntua eskaini digu. Hitz batez: mundiala.

Moroak eta herri xumeak aipatu ditugu. Moroak nola hala bizi gara herri xumeak —tamazightak eta euskaldunak— behelaino artean bizi ere. Lainoa inperioaren hizkuntzak izaki, lainoak berak herri xumeon hizkuntzak blaitu dituelarik. Kasurako, amazigera —berbere, xelha, tarifit— eta euskara (Nafarroan, egun, vascuence, kasurako). Ez dezagun pentsa ezein hizkuntzaren izena inozentea denik. Zentzu horretan, honatx idazlearen proposamena: Har ditzagun (n edota edin edo ezan*) subjuntiboak makulutzat. “Subjuntiboa da hipotesia, zalantza, desira, beldurra eta ez denaren posibilitatea azaltzeko dugun modua”, diosku.

Hona, iruzkin honen neure itaunketa: Zenbat Sarrionandia dago? Arrapostuak: Bat, ETAkide ohia, hots, politikaria. Bi, idazlea, hots, poeta, narratzailea —ipuin nahiz eleberri-egilea—, linguista eta pentsalaria. Hiru, pertsona librea.

Moroak gara behelaino artean? liburuaren baitan “gure” hizkuntzak eta literaturak behar duten hizkuntzalari eta pentsalaria daude. Zergatik? Hagatik. Hagatik eta “moroak” ez garelako. Sarrionandiaren liburua ez delako testamentua, ez ezertarako agindua, liburu hau idatzi gabe dagoelako —iruzkin hau ere ez dagoen bezala—. Eta, oroz gainetik, herri xume �”barbaro— zapalduontzat tilili (askatasuna amazigeraz) aldarrikatzen duelako.

Pertsona librea, askatasuna eta tilili.

Joseba Sarrionandiak bere —eta gure— “liburua ez dela testamentua, ez agindua” diosku. Liburua idatzi gabe dagoela esan ere, iruzkin hau —zegoen eta dagoen— legetxe.

Liburuak “Askatasuna eta Tilili” aldarrikatzen du. Pertsona librea. Historia pertsonok egiten dugu, hots, garena gara eta izan nahi duguna. Moroak gara behelaino artean? liburuan jende aldra asko eta anitz agertzen da, historian legetxe: menperatzaileak eta menperatuak. Berbarako, menperatzaile izan gabe, P. Hilarion Sarrionandiari menperatzaileen aldean egokitu zitzaion bizitzea eta jardutea munduan. Mohamed ben Abdelkrim-i, aldiz, menperatuen aldean bizitzea eta borrokatzea.

Liburuak askatasuna eta tilili aldarrikatzen ditu, alabaina, liburua hori baino aise gehiago da, bistan da. Liburua gure historiaren partea da, eta horren bilakabidearen gainean egileak egindako gogoeta eta pentsamendu landua. “Gure” mundua eta “gure” historia gramatika sorta eskerga baten kontakizunak dira. Alta bada, garaileen gramatikek galtzaileen gramatikak gailendu izan dituzte historiaren bilakaeran.

Historia eta mundua, indar eta botere harremanen arabera kontatu eta eraiki izan dira. “Mundua” eta “modua”, gure egunetara iritsita, sinonimotzat jo ditzakegu. Beno, neronek hala jotzen ditut —libreak antzo gura neronek ere—: Zer mundu nahi dugu bizitzeko? Zer modu nahi dugu bizitzeko? Galderak biak parekatu daitezke. Pentsatzeko modua gure mundua da.

Haatik, iragan mendearen ostean, mundua ez da soilik agintzen duten menperatzaileena, hots, historiaren bilakabidean nazio-estatu osatu zutenena. Bilakaerak bilakaera, munduaren egiturak aldatu dira. Menperatuoi —euskaldunoi, kasu, herri gutxiagotuen partaidearen ikuspuntutik, ez klase ikuspuntutik— desiratzen genuen aldaketa garaia, garai aldaketa bihurtu zaigu. Euskal Herria beste herriak �”menperatuak— antzo proiektatzen dugun euskaldunok, Marginalian segitzen dugu. Munduaren sinonimoa ere den merkatuan, kontsumoaren jendartean, merkatuak guztiok markatzen gaitu: nazio menperatzaileko zein herri menperatuko gizabanakook.

Izan ere, mundua ez da erraza konpai!

Iragana ez dago sekula hilda, baina, batez ere “iraganda” ez da hiltzen utzi behar. Sarrionandiaren pentsamenduaren harian eta arieran ari naiz. Komunikazio sistemaren eta botereren egituretan barrena sartu naiz jada. Antsiak jota nago dagoneko.

Demagun, idazki hau ere “autorerik” gabeko iruzkina dela edo izatea nahi duela autoreak. Eta halaber —iruzkinegile izate honetan— subalterno izateari uzten ari natzaiola, edo izatearren borrokan ari naizela bederen, nire Alter eta Egorekin borrokan. Iruzkin edo erreseina hau Mektub! (idatzita dago!) da, alegia. Edo ez da!

Historiaren zentzua neureganatu beharrez ari naiz neroni ere, eta liburu hau dut makulu horregatik, eta hona berriz galdera: “Moroak al gara?”. Ez. Baina, euskaldunok geroan nor izanen bagara, guk geuk izendatu beharko dugu geure burua. Edo ikasi beharko dugu izendatzen bederen. Geure gramatika lantzen eta sortzen segitu behar dugu halabeharrez.

“Moro”entzat Corana nola, halaxe Biblia “guretzat” historian. Bidenabar, gogora dezagun, berriz ere, denok garela “moroak” nolabait. Baina, gogora dezagun, badaezpada ere, Bibliak hala Argien Mendeak edo Ilustrazioak argi ahula ekartzen diotela engoitik gure pentsamenduari. Berbarako diot, hori ere.

Hara, iruzkin hau kristal zirriborrotsua da honezkero. Nirea baino garbiagoa da, prefosta, Sarrionandiaren pentsamendua. Idazleak dioskunez “Kristala bezala zikintzen da lengoaia. Idazlea, hizkuntzaren kristal-garbitzailea da”.

Agian, desiratzen genuen aldaketa garaia, garai aldaketa bilakatua, gauza batzuen amaiera eta beste batzuen hasiera da. Agian, zuberotarren —agian— gisara, euskaldunok, besteak bezala, egiten duguna izango gara. Agian, lagun eder hori, ez lagun bakar, hauxe ez da amaiera, ez da gure proiektu ez aski landuaren amaiera, ez da zutitzeko dagoen garaiaren amaiera…

Ziur aski, zuri esker lagun. Ez bakarrik zuri esker, baina bai zure pentsamendu landuaren laguntzari esker.

Azken kritikak

Bidean ikasia
Arantxa Urretabizkaia

Roberto Moso

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Peru Iparragirre

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Iratxe Retolaza

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Hasier Rekondo

Iraganik gabe
Felipe Juaristi

Javier Rojo

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Igor Estankona

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Aiora Sampedro

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Estibalitz Ezkerra

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Javier Rojo

Dramak
Abelino Barriola

Aritz Galarraga

Labur txintan
Juan Kruz Igerabide

Igor Estankona

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Javier Rojo

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Hedabideak