« Negutik | Urruneko ametsean »
Maitasunezko oihua, munduaren erdian / Kyoichi Katayama (Keiko Suzuki - Inma Errea) / Denonartean, 2010
Munduaren erdigunetik datorkigun txilioa Karlos del Olmo / eizie.org, 2011-07-12
Garai guztietako liburu japoniarrik salduena (3.500.000 ale) bide den eleberri honek kontatzen duen maitasunezko istorioak bi motatako harrimenak sortu ohi ditu: lehenengoaren ondorioz, irakurle batzuk eleberriaren defendatzaile sutsu-sutsu bihurtzen dira —ez da alferrik manga komikia eta telesail izateraino heldu—; bigarren txundidura motaren arabera, beste irakurlari batzuk arrakastaren zioa ezin ulertuta geratzen dira, enparauek norberak konprenitu edo harrapatu ez duen zerbait topatu behar izan dutelakoan, bestela nekez uler baitezakete arrakastaren nondik norakoa. Euskarazko edizio hau irakurri ondoren, hirugarren harrialdi bat erantsi behar diogu, edizioan agertzen diren kontu batzuk ikusita.
Izan ere, liburua harrigarriz beteta dago, izenburutik beretik hasita: ez ei da oso arrunta izenburuan bertan koma bat duenik ikustea. Eta gezurra badirudi ere, horrek itzulpen arazo nabarmen bat sortzen du. Itzulpengintzaz arduraturikoen artean iritzi zabaldua da sarritan izenburua beste hizkuntza batera behar bezala isurtzea liburu barruko beste eduki batzuk egoki ematea baino neketsuago gerta daitekeela. Honetan ere halaxe jazo da, euskaraz ez ezik, gainerako hizkuntzetan ere. Esaldi bakarra da, bi esaldi? Zer dago elipsian izenburuan —argi eta garden dago-eta elementuren bat ezabaturik doala—? Irakurle bakoitzak erantzun beharko.
Euskarazko bertsioari dagokionez, oso saiakera aipagarria da, abiagunez: sorburu hizkuntzako hiztun bat —xede hizkuntza ere badakiena— eta xede hizkuntzako beste bat, biok biotara, liburu bat eskuz esku itzultzen, zatiak elkarri bidaltzen, elkarrena moldatzen. Ezbairik gabe, ulermen bermea. Abiaburu on horrek agindutakoa ez dago helmugako emaitzaren parean. Presa handiz itzulita dagoela ematen du, itzultzaileok, dena delakoagatik, ez dutela azken orrazketa behar bezala egiteko beste denborarik izan. Penagarria da horrelako lan baten jasotzaile nagusiak izan litezkeen irakurle gazteek —batez ere protagonisten adinekoek hartuko baitute atseginen liburu hau— itzulpengintzan izan ohi diren alderdi teknikoen ondoriozko arazoak pairatu behar izatea; seguru asko, bestelako orrazketatxo bat eginda ostera ere plazaratuz gero, arrakasta handia ingura dezakeelako gure gazteen artean.
Inmaren eta Keikoren aburuz, jatorrizko testuak, itxurazko erraztasun formala gorabehera, prozesu mental zail eta patxada handikoa eskatzen du, batez ere itzulpengintzaren aldetik. Hala dela nabarmen-nabarmena da auzoko hizkuntzetara eramatean beste itzultzaileok eginiko aukeren zabalean, garai batean halako boladan egon zen belles infidèles edertze joeraren eta gazte hizkerarako moldatzearen artean mugitu dira-eta. Zorionez, euskarazkoa fidel samarra dugulako segurantzia dugu, itzultzaileok euskarazko bertsioari ekin aurretik, inguruko hizkuntzetara ekarritakoen laginak jatorrizkoarekin eta elkarren artean erkatu zituztelako, jatorrizkotik hurbilen zein zegoen ikusi eta haiek ere antzera jokatzeko. Gaztelaniazkoa Murakamiren itzultzaile berak paratu du, esaterako.
Bada beste kontu aipagarri bat, aditz etikoen erabilerari dagokiona da. Japonieraz ere erabiltzen dituzte aditz etikoak, eta zenbaitetan euskarazko erabilmoldeekin bat datozen arren, beti ez da hala gertatzen. Dena dela, itzulpen barruko aditz etikoen sistemaren antolamendua zenbaitetan nahasi samarra gertatzen da.
Jatorrizko liburua ondo ezagutzen dutenek diotenaren arabera, balio nagusietako bat dugu prosari darion iradokitze maila. Beste alde batetik, idazle japoniar ezagun batzuen literaturan legetxe, kultura amerikarraren eragina, batez ere musikazko erreferentzi sistema, oso nabarmena da eleberri honetan ere. Horrezaz gain, erlijioak eta kezka transzendentalek balio erantsi bat gehitzen diote bikotekide bat hilda ere guztiz amaitzen ez den maitasun istorio honi.
Literatur aipu ugariak ditu liburuak, gehienak batxilergoa ikasten duten gazte japoniarrentzat ezagun samarrak, aitaitak poesia txinatarraz egindako oldozketa eta aipu adituagoak izan ezik.
Maitasunezko istorioak gaur egungo ikuspegitik harrigarri lirudike, baina ez luke irakurlariak ahaztu beharko 1980. urtearen inguruan kokaturik dagoela, “maitasun zuriaren” korrontea boladan zegoen sasoian. Gaurko Japonian ez litzateke hain arrunta horrelako maitasun goxoa, inozoegi emango luke. Gaztelaniazko bertsioa hainbat ikastetxetan darabilte, eta harrera ona izan ohi du gaurko belaunaldietako gazteengan, maitasun istorioari inozoegi baderitzote ere, pertsonaien gogoetak aintzat hartzekoak iruditzen ei zaizkielako. Beraz, bigarren argitalpen orraztu bat plazaratuz gero, arrakasta handia ingura lezake nerabeen euskaldunon artean. Nobelan Konfuzio dakarte berbabidera halako batean, eta zer hoberik haren esan bat hona aldatzea baino: “gauza bakoitza bere edertasunaren jabea da, baina denok ez gara hura ikusteko gauza”.
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez
Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz
Paloma Rodriguez-Miñambres
Simulakro bat
Leire Ugadi
Mikel Asurmendi
Ezinezkoaren alde
Iñigo Martinez Peña
Mikel Asurmendi