kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hiru koaderno txiki / Fermin Erbiti / Pamiela, 2011

Egilea aurkilea izaki Mikel Asurmendi / Irunero, 2011-06

Grisa, berdea eta gorria ziren koadernoak. Koaderno txiki haien amalgamatik Hiru koaderno txiki erditu du Fermin Erbitik. Txikia baina bizia. Gezi zorrotzenak gorritik bilduko ote zituen nago. Horiek azken orrialdeetan ageri dira, (In)komunikazioari emandako behako zoliak biltzen dituen atala, kazetarioi jaurtikitako geziak.

Abiatu baina paradisutik abian da Fermin Erbiti. Fermin Kupido antzo imajinatu dut, paradisuetako liburutegietan arakatzaile. Mitologiako kontuetatik gaurkoetara bide egin du bilatzaileak. Aspaldiko eta gaurko idazle eta pentsalarien esaldien hariekin osatu du sarea: armiarmaren gisara, harian-harian eta ezari-ezarian.

Txatalez txatal hariak irun ditu, besteengandik bildutako eleak ehun ditu: txatalen josketak eleen berezko zentzuari are izari handiagoa eman dio. Hainbat pasarte ifrentzuz paratu ditu egileak, ahalegin zinez eskergarria. Aurkilea da funtsean liburuaren egilea. Egunsentian errainuak nola, hala bilatu ditu aurkile honek erranairuak. Zoriontasuna xerkatu du apalategitik apalategira, eta osasuna eta oroimena kontrakarrean aurkitu: “Biak funtsekoak dira, baina modu kontrajarrian”. Osasun ona bezain garrantzitsua omen da oroimen txarrekoa izatea, gaztigatu digu halaber Erbitik. Eskergarria berriz ere.

Zoriontasuna helezina izaki, hizkuntzaz gozatuz gero, tarteka-marteka ukitu daitekeela ohartarazi digu Erbitik, eta ohartarazi ere arauek oztopatzen digutela hitzekin gozatzea. Eta, bistan da, arazoa ez dela, hizkuntzarena, hizkuntza darabilgunona baizik.

Arau egileak, besteak beste, politikariak direla eta Fermin kupidoak ez du kupidarik (barkatu hitz joko erraza) haiekin. Politikariek ez baitute irakurtzen. Agian, prestuagoak balira gezurrak hobeto sakatzen ikasiko lukete. Tira, hori nire ondorioa da.

Beste hari asko ehun ditu aurkileak. Bila ezazu. Zoaz eta bila!

Kapuscinkiren aipua aurkituko duzu bidean, adibidez: “Kazetari onaren ezaugarri nagusiak umiltasuna eta enpatia dira”. Kazetari izan gabe, gomendio paregabea edonorentzat. Kazetaritza berriaren xedea ofizioa bezain zaharra dela gogoratu digu aurkileak (in)komunikazioari eskainitako txatalean. Kazetarioi agintarien gezurrak salatzea ahaztu zaigu ordea. Teknologia berriek erredakzioan —eta etxean— gatibatu —kaletik urrun gatibu bihurtu— gaituzte. Martxan honetan kupido berak ez gaitu libratuko. Tira denak ez dira negar anpulak. Ez gaitzala laborriak guztiz jo. Gure kupidok badaki apalategiko hautsa ondo astintzen eta. Eta hala astindu ere Cuaderno amarilloren —izenak izanari ederki dagokio antza— egilea, Salvador Paniker idazlea.

Barkatu ironia. Liburutik jaso dut.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak