kritiken hemeroteka

6.933 kritika

Azken kritikak

« | »

Etxeko hautsa / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2011

Sinplean anitza Aritz Galarraga / Deia, 2011-06-11

Salmenta kopurua har badaiteke neurgailutzat, handia zen, Eskarmentuaren paperak sarituaren ondoren, Anjel Lertxundiren lan berriarekiko jakin-mina. Eleberria izan da, Etxeko hautsa, aipatu saiakera argitaratu eta urte eta erdira, eta azkar asko jarri du martxan berriz inprenta, gaztelaniazko bigarren edizioa ateratzeko lehena atera eta hilabetera. Eta, bai, asmatu duzue, aldi berean argitaratu dira euskarazko orijinala eta gaztelaniazko itzulpena, Jorge Gimenez Bech itzultzaile fidelak egina. Esan digute gure literatura heldu dela, ez diola kalterik egingo euskarazkoari gaztelaniazko itzulpena batera ateratzeak. Besterik da onurarik ekarriko dion, salmentan, esaterako, edota alde sinbolikoan.

Etxeko hautsa, beraz, Lertxundiren azken-azken eleberria, aitortza bat da, esan gabekoen zerrenda luze baten kontaketa, seme protagonistak aitari egiten diona. Urte luzetan harra handitzen joan eta erabakitzen du paperean jarri behar dizkiola azken hamarkadatan gertatutako hainbat. Alferrik baina, aita buruko gaixotasun degeneratibo batek hartu baitu, ezin jakin zer iristen zaion, ezer iristen zaion ere, semeak irakurtzen dionetik. Alferrik, baina ez hainbeste, aitari kontatzen badizkio ere semea delako, neurri handi batean, idazketa-irakurketa prozesu horren onuradun. Ispilu bati ari zaio. Eta keinurik apenas itzultzen dio, ez bada berak egindakorik.

72ko gertaera batek jaiotzen du harra. Edo ez, aurretik ere hortxe ibiliko zen, segur aski, baina 72ak ekarri zuen haustura, bertatik hasten da kontakizuna: Neskari bi etakide lekualdatzen lagundu zion hartatik. Bi mundu zituen aukeran, erlijioak eta Erregimenak beztitutako aitarena, sasoi hartan usaintzen zen bizigiro freskoa zekarren Neskarena. Azken horretatik parte hartu zuen berak, baina ekintzak ekarri zion desengainua. Erditik jotzea erabakitzen du orduan, aldentzea, kontzientziak lasaiago bizitzen utziko dion bidezidorra hartu, bere mundutxoa eraiki eta Bartzelonan egitea diseinatzailearena, galderak egiteari uztearekin batera. Aitaren buruko gaixotasunak, aitari bidalitako zerga eskutitzak ekarri arte atzera herrira, galderak pausatzera.

Itxuraz sinplea, eleberriaren kontamoldeak ez du aparteko berritasunik, edo hori du aparteko, sinpletasuna, eta sinpletasun horren baitan gordetzen duen konplexutasuna, aniztasuna. Hunkitzen diren gaietan, adibidez, zail da zehazten liburua zeri buruzkoa den. Besteren gainetik protagonistaren kezka, gorabehera, harrak daude, bizitzan zehar egindakoek eragin dioten zalantza eta ezinegona, horiek ekidin ezin izana edo, azken buruan, azaltzen ez asmatu izana. Aitarekin izan duen harremana sartzen da hor jokoan, aitak berarentzat prestatuko mundu estu eta iluna, mundu horri altxatu zitzaion bestea, semeak dastatu zuena, pareta zaharra bota ez eta berri bat eraiki zuena. Eta aldentzea, semearen bakardadea, oro har, gizaki ororena. Hartara, garai bateko argazkia ere bada eleberria, belaunaldi baten potreta, ideologiek erlijioen antza zuten garai batena, ideologia konkretu batzuen gaineko kritika (aitarena, Neskarena), erlijioaren gainekoa, sekularizazio prozesuaren kontaketa. Estilo-egiturak xamurrak dira, idazkerak leun egiten du aurrera, lehenaldia konfesioarentzat erabiltzen da, orainaldia garaiko bizipenentzat, baina sinpletasun hori ez zait iruditu errazkeria, ezpada berridazketa, destilazioa, egiten diren hainbat hausnar Eskarmentuaren paperak hartakoak bezain interesgarri dira. Eleberri txukuna, halakorik onartuko bazenidate, esango nuke Otto Pette gainetik, baina Zorion perfektua azpitik duena.

Azken kritikak

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Javier Rojo

Horma
Anjel Lertxundi

Iratxe Retolaza

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak