kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Linh jaunaren biloba / Philippe Claudel (Itziar Diez de Ultzurrun) / Igela, 2010

Panpina hautsia Ibon Egaña / Deia, 2011-05-14

Agure bat itsasontzi baten atzealdean. Besoetan, maleta arin bat eta haur jaioberria, maleta baino are arinagoa. Agureak Linh jauna du izena, baina berak baizik ez daki hala deitzen dela, hilik daudelako haren izena zekiten inguruko beste guztiak”. Eszena indartsu horrekin hasten da Philippe Claudel frantziarraren Linh jaunaren biloba eleberri laburra, eta lehen paragrafotik argi zehazten dira liburuaren klabe eta gai nagusiak: Ekialdeko herrialde batetik erbestera, Mendebaldeko herrialde batera errefuxiatuta doan gizon nagusia da protagonista, maleta arina eta biloba lagun bakar dituena, gerran haurraren gurasoak hilak baitira. Gerra, erbestea, deserrotzea, ahanztura, zahartzaroa, adiskidetasuna eta bakardadeaz aritzeko bidea zabaltzen dio hari narratibo xume horrek Claudeli, eta orobat kontakizunari etekin sinboliko eta alegorikoa ateratzekoa.

Erbesteratzearen ondotiko egoera irudikatzen du Claudelek eleberrian: pertsonaia nagusiak ez du herrialde berrian hitz egiterik, ez baitute bere hizkuntza menperatzen, eta arrazoi beragatik galtzen du izena ere; funtsean, identitatea galdu duen pertsonaia da Linh agurea, bere iragana memorian eta argazkietan baino ez duena, eta orobat identitatea ere herrialdearekin batera atzean galdu duena. Iloba txikiari estu helduta alderrai dabilen agurea bihurtu da deserrian Linh jauna, iloba delako izan zenaren eta atzean utzitakoaren lekuko bizi bakarra. Hala, herrialde berrian, inkomunikazio ia erabatekoan, isolamenduan irudikatzen da Linh jauna eta hitzezkoaz bestekoa du komunikazio-modu bakarra, Bark adiskide minarekin.

Pertsonaiak izena eta izana galtzen duen gisa berean, eleberriko espazioek eta pertsonaia gehienak ere zehaztugabetasun berean, anonimian, laga ditu Claudelek, agian protagonistaren egoera amnesikoaren ispilu. Ez zaigu zehazten nondik heldu den eta non dagoen Linh jauna, zein gerratatik ihesi. Pertsonaiaren nortasun —eta iragan— galera hori indartzen du testuinguruaren indeterminazioak, beraz, baina badu bestelako helbururik ere: kontakizunari unibertsaltasuna eta izaera alegorikoa ematea, alegia. Badirudi Claudel esperientzia unibertsalez mintzatu nahi zaigula, baina, esango nuke zehaztugabetasun horrek berak kentzen diola indarra eta sakontasuna kontakizunari, eta agian horrexek eragiten duela batzuetan egoera bortitz zenbait urrunekoegitzat hartzea irakurleak, ezagunak egiten zaizkigulako gerraren inguruko diskurtso orokortzaileak.

Idazlearen xedea ez da izan, beraz, garai historiko bat birsortzea, ezta kontakizuna klabe errealistetan kontatzea ere. Amnesiaren ertzean, deserrian eta gizartetik kanpo bizi den agurearen barne-mundua eraikitzea izan da Claudel-en asmoa, eta trebeziaz lortzen du irakurleak mundua Linh jaunaren begietatik hauteman dezan. Nolanahi ere, pertsonaia (eta, beraz, ikuspuntua), berezia izanagatik laua eta azpilik gabea, halako onkeria batez garatua iruditu zait, gainerako pertsonaiak bezala. Agian ipuin moral eta alegorikoa eskaini nahi zuen idazleak (Eric-Emmanuel Schmitt etorri zait gogora), eta horretarako beharrezkoa zuen pertsonaia-sistema manikeoa. Baliteke. Baina inpresioa dut hunkidura erraz xamar bilatzera jo duela hainbatetan, inoiz pertsonaiak egoera behartuetan kokatuz, bestetan hizkuntzaren eta lirikaren bidez.

Edonola ere, ez da harritzekoa eleberriak arrakasta bildu izana, hala Frantzian nola handik kanpo, egungo literaturaren balore estimatuetakoak jasotzen baititu obra honek: onberatasunez tratatutako pertsonaia galtzaileak izatea protagonista, krudelkeriaz eta gaizkiaz modu orokortzaile eta testuinguruz kanpokoan aritzea eta eromenaren ertzean dauden pertsonaien ikuspegia bere egitea.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak