« Panpina hautsia | Gatzaren zaporea »
Txakur ingelesak / Lutxo Egia / Susa, 2011
Beste bat izan Javier Rojo / El Correo, 2011-05-14
Lutxo Egia ez da asko idazten duten idazle horietako bat, baina urratsez urrats, gehiegizko zalapartarik egin gabe, ibilbide sendoa eraikitzen ari dela iruditzen zait. Azken literatur emaitza narrazio liburu bat da, Txakur ingelesak izenburua duena. Idazlan honetan, irakurleak bederatzi narrazio aurkituko ditu, eta noizean behin desorekaren bat dagoela nabarmentzen bada ere, esan daiteke liburuak aurkezten duen maila duina baino gehiago dela. Bertan agertzen diren narrazio gehienek pertsona askoren buruan sortzen den fantasia batean daukate abiapuntua: norbera desagertzea beste bat bihurtzeko. Pertsonaiak beren izaeran harrapaturik aurkitzen dira, eta posibilitate moduan agertzen zaie beren izaera horretatik alde egiteko aukera, beste bizitza bat eramateko. Eta hau gertatzen denean, ez dago oso argi zein den pertsonaiaren benetako izaera, harrapatuta sentitzen deneko hura edota asmazioaren bitartez eskuratu nahi duen berria. Zeren pertsonaiaren izaerak ez dirudi beraren berezko osagaia denik, baizik-eta besteen aurrean aurkezteko hautatu duen maskara bat. Gauzak honela, pertsonaien bizitzetan ere errealitateak eta fikzioak talka egiten dute, eta irakurlea ispiluen joko horretan harrapatuta aurkitzen da, oso ondo non kokatu behar den ez dakielarik.
Narrazio gehienetan narratzaileak lehenengo pertsonan hitz egiten du, narratzailea pertsonaia ere bada-eta. Baina honetan badago aparteko kasu nabarmen bat, lehenengo narrazioa, alegia, liburuari izenburua emateko erabili dena. Ipuin hau hirugarren pertsonan kontatuta dago, eta esaldiak ia-ia aizkorakadaz moztuta daude, objetibotasunaren adibide bat eskaini nahi balitzaigu bezala. Salbuespena dirudi. Besteetan ikusiko dugu nola idazleak hainbat narrazio motarekin jokatzen duen. Batzuetan kronika baten aurrean gaudela emango du; besteetan eskutitz batzuen azalpena egingo zaigu, eskutitzak berak transkribatu gabe, eta, horrela, eskutitzak zerbait fantasmagoriko bihurtuko zaizkigu; heriotzaren bestaldetik hitz egiten digun pertsonaiaren bat ikusiko dugu, atal laburrez osatutako narrazio zatikatuan. Eta protagonistek hartzen dituzten maskaren adibide hautatuak izango balira bezala, beren izen propioekin egingo dugu topo: izenak izana dakar, eta pertsonaiek izena aldatzen dutenean ezinbestez beste bizitza bati ekingo diotela ematen du.
Alde guztietatik begiratuta, idazlan interesgarria da liburu hau.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi