kritiken hemeroteka

8.313 kritika

« | »

Autopsiarako frogak / Koldo Izagirre / Susa, 2010

Askorako ematen du Iban Balerdi / Gara, 2011-05-07

Kontu bera, betiko kontua, erresistentziarako lelo, erasorako bide, errepikakorra hainbatetan, min gordea zenbaitetan, lotsarako, lotsabako… zer ez ote da esan eta idatzi euskararen inguruan? Zenbat elkarrizketa, gogoeta, hitzaldi, manifestazio hizkuntza bati loturik? Zenbat laguntasun, goxotasun, maitasun euskaratik eta euskaraz? Zenbat haserre, jukutria, gorroto euskara dela-eta? Askorako ematen du, nahi eta behar genukeena baino gehiagorako ziur asko.

Koldo Izagirrek ideia batetik ekin dio honako saiakerari: noizbait euskara desagertzen bada, ez da izango berezko heriotza, nahita eragindakoa baizik. Hemendik abiatuta eta hamaika ataletan zehar, hainbat argudio ematen ditu tesi hau azaltzeko. Horretarako, hainbat eta hainbat erreferentzia erabiltzen ditu, garai eta toki aunitz nahastuz, euskaldunak gehienak, baina baita gaztelaniaz, frantsesez, bretoieraz edota katalanez daudenak ere, besteak beste. Lan handia dago honen guztiaren atzean, urteetako datu, iritzi eta frogen metaketa zein antolaketa. Ez da, ordea, informazio eta arrazoiak ematera mugatzen, gogoetarako tartea ere badelako autoreak eskaintzen duena, pentsarazteko, bestelako ikuspuntuei erreparatzeko, ganbara aireztatzeko…

Aipatu bezala kontu asko eta desberdinak agertzen dira saiakera honetan. Eskoletako debekuak, zigorrak eta lotsak. Klase sozialaren araberako hizkuntza erabiltzeko joera. Elebitasuna eta euskararen mendekotasuna. Etorkinen papera euskararen munduan. Hizkuntza baten erakargarritasuna. Espainiaren eta Frantziaren jokaera, euskararekin bezala, katalan, okzitaniera, galego, bretoiera eta abarrekin. Hauek guztiak eta gehiago. Tartean ezkortasunerako eta haserrerako gertaerak, baina baikortasun eta emoziorako pasadizoak ere bai. Lehenengoen artean, egun oraindik irakaskuntza edo osasun zentroetan ematen diren mespretxuen lekukotzak. Bigarrengoen artean, Raul Guerra Garridoren Cacereño liburuko erreferentzia gogor bezain hunkigarria.

Lasai, patxadaz irakurtzeko liburua idatzi du Izagirrek. Hizkuntza aberatsa, ederra erabili du saiakera bakarrik ez den honetan, poematxo eta koplak ere tartekatzen baitira irakurlearen gozamenerako. Hainbat txokotako lexiko eta egitura aberasgarriak profitatuz osatu du, hizkuntza bat eta bakarra dena hedatuz. Noiznahi eta nonahi irakurtzeko modukoa ere bada formatuari dagokionez, agian ez ohiko samarra gerta badaiteke ere honelako lan mardul bat poltsikorako eran argitaratzea.

Bukatzeko, arrazak, jaiolekuak edo geneak baino, zerk egiten gaituen garena ezin hobeto kontatzen duen pasarte bikaina, izenburuko autopsia beharko ez dugulakoan. “Odolak nahasi egin dira, populazioak migratu, lekutu, aldatu egin dira, elkar hil eta suntsitu dugu, eta beti eman izan diogu elkarri hitza, belaunez belauneko katea. Euskaldunok eduki dugun arbaso bakarra hizkuntza izan da. […] Euskaran bizi den orori herritasuna ematen dion leku politikoa da gure hizkuntza. Ez du deusen frogarik eskatzen. Inor ez du ezer ez du ez arrotz ez atzerriko. Malgutasuna duen identitatea ematen du euskarak: horregatik iraun du egundaino, horregatik iraun lezake beste horrenbeste”.

Azken kritikak

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Amaia Alvarez Uria

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Asier Urkiza

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Nagore Fernandez

Farorantz
Virginia Woolf

Aritz Galarraga

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak